Petti: "Kontzertuetara berriz bueltatzea espero eta desio dut"

19.05.2020 | 00:40
Petti: "Kontzertuetara berriz bueltatzea espero eta desio dut"

Pettik martxoan

donostia Zure disko berria Bilboko Loraldian aurkeztu behar zenuen, baina konfinamenduak bertan behera utzi zuen aurkezpena.

–Hori da. Martxoaren 15ean jo behar genuen, baina egun horretan konfinamendua hastea erabaki zen. Diskoa aurrerago ateratzea erabaki genuen.

Data berririk baduzue?

–Orain Zaldi emozionalak bideoklipa atera dugu eta promozioarekin hasi gara. Imajinatzen dut segituan aterako dela. Hilabete honetan ez bada, ekainean aterako dugu.

Berako Udalak bultzaturik Internet bidezko kontzertu moduko bat eskaini zenuen. Konfinamenduan halakoak ere ikusi ditugu. Formula hau geratzeko iritsi da?

–Ezetz espero dut. Niri behintzat, formatu nahiko hotza iruditzen zait. Agian bideo batean kantu bat egiteko ondo dago, baina jenderik gabe zure etxean kontzertu bat egitea ez da zuzeneko bat. Ez zara berdin sartzen kon-tzertuan eta teknologiarekin bueltaka ibili behar duzu; nik behintzat espero eta desio dut kontzertuetara berriz bueltatzea, baina ezin baldin bada zerbait egin beharko dugu, honekin jarraitu edota beste zerbait asmatu. Baina ez da inolaz ere gauza bera etxetik egitea, zuzenean jendea parean duzula sortzen den konexioarekin.

Diozun bezala, publikorik gabe, ez dago konexiorik.

–Hala da. Gainera, kontzertuak bakarka egiten ditudanean ez dut prestatuta errepertorio gehiegirik eramaten, jendearen erantzunaren arabera kantu batzuk ala besteak jotzen ditut.

Diskoaren izenburua 'Manipulazio estrategiak' da. Proiektua Noam Chomskyren pentsamenduan oinarritua dago.

–Orain bi urte edo, Chomskyren liburu bat irakurtzen ari nintzela, Interneten sartu nintzen eta Sylvain Timsiten hamar manipulazio estrategiak irakurri nituen: Chomskyren lanean oinarritzen dira. Gerora, Harkaitz Canorekin bileraren bat edo eduki nuen eta burutik pasatu zitzaidan, hamar estrategia izanik, disko bat prestatzeko aukera polita zela. Estrategia horiek hartuta, Harkaitzek bere terrenora eraman zituen, poesia bihurtu zituen. Ideia polita iruditu zi-tzaigun eta aurrera egin genuen.

Diskoak hamar abesti ditu, orduan.

–Hamar abesti eta bonus track bat. Kantu bat bi modutara moldatu dut: bertsio bat hariekin jo dugu, akustikoan, eta bestea taldearekin elektrikoan.

Ez da Harkaitz Canorekin lan egin duzun aurreneko aldia.

–Baditut bere kantu batzuk. Goza-tzea da berarekin lan egitea. Hasiera batean bertsioak eskatzen nizkion; Springsteenen itzulpen pare bat egin zizkidan, Neil Youngen kanturen bat... Gozatua da berak euskaratzen dituenean, metrika bikain zaintzen du, eta, azkenean, euskaraz kantatzen dituzunean ingelesezko bertsioen pare geratzen dira.

Chomskyrengana itzuliz, pandemia garai hauetan bere irudia berriro zutitu da mahai gainean.

–Egia esan, gaurkotasun handia izan du eta diskoarentzat ondo datorkigu guri (barreak). Diskoa ezin atera baina, begira (barreak).

Uste duzu konfinamendu garai hauetan manipulazio estrategia horiek aplikatu direla?

–Bai, noski. Egunero ikusten dut kanturen batekin edo bestearekin zerikusia duen zerbait. Telebista ikustean nabaria da, nola hitz egiten diguten, umeak bagina bezala; zeinek hitz egiten duen; herria militarrez beteta... Gaurkotasun handia dauka.

Jada kaleratu duzun abestiari erreferentzia eginez, "zaldi emozionalak gara"?

–Bai. Azken finean, eta horrelako gauzak gertatzen direnean, zaldi emozionalak gara, horrela tratatzen gaituzte; eta, nagusiki, hori izatea nahi dute. Emozioen bidez gu kontrolatzen saiatzen dira, eta kantua ildo horretatik doa.

Disko honetan Et Incarnatuseko hariak izan dituzu bidaide.

–Et Incarnatusekin orain pare bat urte hasi nintzen kontzertu batzuk egiten; Miguel Zeberiok deitu zidan. Hori aprobetxatuta, Migueli komentatu nion disko honen ideia eta ea hari laukote bat osatzeko aukerarik bazegoen. Beste disko batzuetan ere hariak sartu izan ditut, adibidez Arkaitz Minerren biolina, baina kasu honetan lan handiagoa izan da. Angel Unzuri eskatu nizkion harien moldaketak egiteko eta lau abestietan egin ditu; gero, Juantxo Zeberiok ere beste kantu pare bat moldatu ditu. Egia esan, emaitza kristorena izan da. Horrelako diskorik ez dut inoiz egin. Kristoren musikariak dira denak eta hori ederki nabaritzen da. Badut itxaropena, zuzenean ere haiekin kon-tzertu batzuk jotzeko aukera izatea.

Estiloei dagokionez, bossa nova erritmoak ere sartu dituzu.

–Bossa nova bat egiten saiatu naiz. Gogoa nuen, musika brasildarra pixka bat entzuten baitut. Diskoan estilo ezberdinak grabatzeko asmoa nuen, estrategia bakoitzari egokien zetorkion musika jartzeko. Bossa nova hau Helduentzako sehaska kantua deitzen da eta horixe da, kantu mugitua, baina baita sehaska kantu bat ere. Maite Larbururen ahotsa ere sartu genuen eta ez sinestekoa da nola kantatzen duen.

Bizi dugun egoera ikusita, nola aurreikusten duzu bira?

–Printzipioz, Loraldiko kontzertua urriaren 4ra atzeratu dute; espero dut orduan egin ahal izatea. Ezarri dituzten eserleku mugak ikusita, antzoki eta kultur etxe bila gabiltza, jende pixka bat sartzeko. Begiratzen ari gara Donostian eta Iruñeko Zentralen ere kontzertuak programatzea; suposatzen dut urria edo azaroa aldean izango direla.

"Jenderik gabe zure etxean kontzertu bat egitea ez da zuzeneko bat, ez zara berdin sartzen; formatu nahiko hotza iruditzen zait"

"Diskoan estilo ezberdinak grabatzeko asmoa nuen, estrategia bakoitzari egokien zetorkion musika jartzeko"