- 35 urte beteko dira Mikel Zabalza erail zutenetik. Nola izan da proiektuaren bilakaera?

-Miguel Angel Llamas ‘Pitu’ (M.A.L.): Bilakaera oso luzea izan da. 2010ean hasi nintzen ni pelikula honekin. Ondoren gorabehera handiak izan ziren, hasi eta berehala atxilotu egin ninduten. Urte eta erdiz dena geldirik egon zen. Espetxetik irten ondoren, proiektuari berriz ekiteko eskatu zidaten, 30. urteurrenaren harira. Horrelako prozesuak oso luzeak izan ohi dira, eta momentu bat iritsi zen non dena blokeatu egin zen. 2018an Amaia batu zen proiektura, eta azken bi urteko ibilbide honetan lortu dugu pelikula amaitzea, 35. urteurrenaren bueltan.

Amaia Merino iristerako lana aurreratuta zegoen. Nola izan da lau eskuekin zuzentzea eta gidoia idaztea?

-Amaia Merino (A.M.): Hasiera batean zaila izan daitekeela pentsa daiteke. Pertsonen araberakoa bada ere, zinema, taldean egiten den zerbait da. Lau eskuetara zuzentzen dudan bigarren pelikula da -aurrekoa Asier ETA Biok izan zen bere anaia Aitor Merinorekin batera zuzendutakoa- eta oso eroso sentitzen naiz. Iruditzen zait hobe dela bi burmuin gauza berean pentsatzen jartzea; emai-tza askoz interesgarriagoa izaten da.

-M.A.L: Niretzat izugarrizko esperientzia izan da. Ez naiz horrelakoetan ibili. Amaiaren lan egiteko modua eta metodologia ikustea, eta horretaz ikastea, oso interesgarria izan zait. Bat nator Amaiarekin, horrelako lan bat bakarka egitea zaila da; oso bakarrik sentitu zaitezke. Gutako bat blokea-tzen zenean, besteak bilatzen zuen irtenbidea; edo, ez, agian ez zegoelako konponbiderik. Uste dut gauzak erraztu egin dituela.

35 urte pasa dira. Ez dakit Mikel Zabalza desagertuta egon zen egun guzti horiek gogoratzen dituzuen.

-A.M.: Nik 15 urte bete berri nituen hura gertatu zenean, eta oso hurbiletik bizi izan nuen anaiarekin batera. Kalean, etxean, ikastolan... biziki kezkatu gintuen. Gure bizitzan lehen aldiz, kaleko mobilizazioetan parte hartu genuen. Beldur handia pasa genuen baina, hain zen mingarria guztia, gezurrak esateko modu hori; hain zen dena harrigarria, eta konbentzituta uste genuen kalean egon behar genuela. Modu pertsonalean, nire kasuan, oso garrantzitsua izan zen. Denbora pasa arren, beti gogoratu izan dugu Mikel Zabalzaren kasua bereziki dramatikotzat, 20 egunez desagertuta egon zelako. Oso konflikto dramatikoa eta markatua izan zen: batzuek zerbait esaten zuten, eta guk, jakin bagenekien, guztiz kontrakoa zela. Euskaldunon artean ere oso elkarturik egon ginen, eta hori ere berezia da kasu honetan, batu egin gintuela.

Dokumentalean ere hori erakutsi duzue, Mikel Zabalzaren desagerpenaren inguruan sortu zen mobilizazio soziala.

-A.M.: Hori da, zoragarriak diren artxibo irudi horietan jasota dago. Ez dago ezer gehiago esan beharrik, hor ikusten baita guztia.

Artxiboko irudiak, diozun bezala, oso esanguratsuak dira. Nola berreskuratu dituzue? Non zeuden artxibo horiek guztiak?

-A.M.: ETBk artxibo ugari egin zuen eta gorde egin zuen. Garaian ez zen hainbeste material gordetzen, zintak berrerabili egiten zirelako. Zorte ona izan dugu. Ekoizleek lortu zuten artxibo hori guztia, ikerketa itzela egin ondoren. Jende asko elkarrizketatu zuten eta gauza guzti horien artean zegoen artxiboa. Ikusi bezain pronto, eta horrela adostu genuen Pitu eta biok, konturatu nintzen artxibo horrek izan behar zuela dokumentalaren bizkarrezurra; hor zegoen konfliktoa eta hor zegoen sentimendua sortaraziko zuen materiala. Erabaki genuen horrela kontatzea pelikula, egunez egun zer gertatu zen.

Artxiboa pelikularen bizkarrezurra bada ere, beste bi plano ere erakusten ditu. Alde batetik, zuzeneko testigantzak ditu, Jon Arretxeri egindako elkarrizketa, esaterako. Bestetik, Zabalza zenaren ilobak ere ageri dira, belaunaldi berriak ordezkatuz. Hasieratik zenuten ideia hau?

-M.A.L.: Amaiaren metodologiari jarraiki, ikusi genuen bazegoela materiala pelikula ezberdinak egiteko. Hasieratik, ongi kontatu nahi genuen zer gertatu zen 20 egun horietan. Bestalde, egun horietan gertatutakoa gaur egunera ere ekarri nahi genuen. Horretarako, indar handia zuten ilobekin filmatutako momentuek. Egia esan, horrekin lotura duen material asko geratu zaigu kanpoan; azkenean ikusten dena, jendeari barnea mugiaraziko dion materiala da.

-A.M.: Askotan diote pelikula bat egitea gutxirekin geratzea dela. Hau da, daukazun guztia ez erabiltzea. Egokia denarekin plazaratu, zuk nahi duzun hori; aurrera eramango duten materialarekin geratzea. Belaunaldi berriei zer gertatu zen eta nola bizi izan genuen kontatu nahi genien, ez bakarrik Zabalza familiak, baita herritarrok ere; eta hori da pelikula honekin biziko dutena. Niri ikusi adi-tza erabiltzea ez zait gustatzen; pelikula honetan gauzak bizi edo birbizi egiten dituzu.

Belaunaldi berriek Mikel Zabalza nor zen edo gertatu zitzaionaren kontzientziarik badute?

-M.A.L: Hura gertatu zenean nik bost urte nituen. Guretzako Mikelen auzia ikono bat zen, bere argazkia, bere profila… Gogoratzen dut lehenengo aldiz atxilotu nindutenean, torturak sala-tzeko, Mikel Zabalza ere agertzen zen kartel bat atera zutela. Gure belaunaldiarentzat, Mikel Zabalzaren kasua ikonikoa izan zen, haren tortura kasuarekin agerian utzi baitzen Guardia Zibilaren kuarteletan zer gertatzen zen. Jendeak pelikula ikusten duenean, torturak eman duen sufrimenduaren berri izango du. Orain, sare sozialetan adibidez, gatazkari buruzko eztabaidetan ikusten dut Mikel Zabalzaren kasua, Lasa eta Zabala eta beste zenbaitek jasandako Estatu krimenen parean. Oroimen historikorako egin dugun zerbait da, eta bai, uste dut Mikel Zabalza nor zen ezaguna dela.

Barneak mugitzen dituen testigan-tzetako bat Jon Arretxek eskainitakoa da. 2017an zendu zen, eta suposatzen dut pena handia hartuko zenutela.

-A.M.: Nik ez nuen zuzenean ezagutu, baina Parole, Parole eta A la sombra del nogal liburuak irakurrita nituen, eta Tiro en la cabeza ere ikusita. Anaiagatik ere ezagutzen nuen. Gertuko pertsonaia zen niretzat. Asko gustatu zitzaidan haren liburuak irakurtzea eta haren hausnarketak. Jakina, pelikularen materiala ikertzen ari ginela, berehala jabetu nintzen Jon Arretxeren testigantza altxor hutsa zela; ezin genuen, ordea, guztia sartu. Altxorretik, bitxi eta perla preziatuenak aukeratu behar izan genituen; film luze bat egiten ari baikinen, ez telesail bat (barreak).

-M.A.L: Jonen heriotza oso kolpe gogorra izan zen; ez genuen espero. Sekulako pena ematen digu berak pelikula bukaturik ez ikusteak. Gainera, ziurrenik, ikusi izan balu, bere buruaz barre egingo zuen. Pena da bera gure artean ez izatea, bere burua Zinemaldiko pantailetan bigarren aldiz ikusteko. Materiala aztertzerakoan konturatu ginen hau guztia kontatzeko Jon pieza funtsezkoa zela. Berak ordezkatzen du, nolabait, Mikel Zabalza; bera da Mikelen ahotsa. Berari egin ziotena izan zen, seguruenik, Mikel Zabalzari egin ziotena. Tamalez, Zabalzak ezin izan zuen jasan, eta hil egin zen.

Zinemaldirako sarrerak berehala bukatu ziren.

-M.A.L.: Espero genuen. Proiektu hau hasi genuen momentutik, pelikula Zinemaldian estreinatzea zen gure helburuetako bat. Zergatik? Uste genuelako Donostia izan zitekeela eszenatokirik hoberena Mikel Zabalza gogoratu, omendu, eta bere auzia eta bere hilketa salatzeko.

Irizar Saria eskuratzeko lehiatuko da, ‘Non dago Mikel?’. Amaia Merinorentzat galdera: ‘Asier ETA biok’ dokumentalak sari hauxe bera irabazi zuen; halakoak lagungarri dira pelikulak ibilbide luzeago bat izan dezan?

-A.M.: Alde batetik, errekonozimendua da. Beste alde batetik, Irizar Sariak, ordainsari metalikoa izateaz gain, banatzaile hobeagoa t lortzen ere laguntzen dizu.

Zinemaldiaz harago zer ibilbide izango du filmak?

-A.M.: Bereziki, Euskal Herriko aretoetan egotea nahi dugu, eta baita Estatuan ere. Azken hau lortzeko indar handia eman beharko diogu pelikulari.

-M.A.L.: Hasiera batean, Giza Eskubideen inguruko jaialdietan eta dokumental generoa lantzen duten jaialdietan ikus dadin saiatuko gara. Suposatzen dugu Zinemaldian egon eta gero ate asko irekiko zaizkigula. Euskal Herriko areto komertzialetan mugitu nahi dugu, eta horietaz harago, herriz herri pelikularen emanaldiak antolatuko ditugu. Gustatuko litzaiguke Euskal Herriko mugak ere gainditzea, baina ez da erraza izango, lantzen den gaia ez baita batere erosoa Espainian ikusteko. Halere, uste dut gero eta interes handiagoa dagoela euskal gatazkari beste begirada bat emateko. ETB ere ekoizleen artean dago, eta aurrerago eskainiko du, noski; gainera, beste telebista batzuekin ere bagabiltza hizketan eman dezaten. Usten dut, pelikulak ibilbide polita egingo duela.