z pentsatu ahulak zaretenik; pentsatu ur-tantek soltean ez dutela ia ezer balio, elkarrekin, ostera, korronte indartsuak sor-tzen dituzte, munduko turbinei eragiteko bestekoak". Hala idatzi zuen Sorne Unzueta idazle euskaldunak 1931an. Ur tanta horiek emakume sortzaileak ziren, mendez mende isilaraziak gizonezkoen presentzia hegemonikoa zuen literaturaren alorrean. Gaur egun ur tanta horiek korronte bilakatzen ari diren arren, atzera begiratuz gero, euskal literaturaren historia errepasatuz gero, ehunen bat izeneko zerrenda osatu daiteke gehienez jota. Zer esanik ez klasikoez ari garenean: Axular, Leizarraga, Etxepare... Emakume izenen arrastorik ez da aurkitzen euskal literaturaren historiaren lehenengo urrats horietan. Ez ote zuten euren tartea lortu edo, akaso, ez zegoen emakume idazlerik? Zer ikustekorik izan zuten eta, oraindik ere badute, emakumeen gain ezarritako zain-tza lanek, generoagatik halabeharrez egokitutako espazio pribatuak? Bihar ospatuko den Emakume Idazleen egunaren bosgarren edizioak horren inguruko gogoeta piztu nahi du, ahanzturan erori diren izenak berreskuratu, ahotsik izan ez zuten emakumeak balioan jarri; eta horrexetaz mintzatu gara Ana Jaka idazlearekin, Miren Tirapu antzerkigilearekin, Izaskun Gracia poetarekin eta Maite Mutuberria ilustratzailearekin.

Izan ere, emakumeei ezarritako zamak eragin zuzena izan du sorkun-tzaren arloan, ikuspegi anitzetatik. "Batetik", dio Jakak, "zaintza lan horiek emakumeon denbora osoa hartu dute, osoa diot zaintza lanek ez dutelako ordutegirik. Emakumeek zaintza lan horiek egin bitartean sortu dituzte haien lanak, haurrak lo daudenean, adibidez, edo etxeko lanen artean, kalitatezko denborarik gabe, eta neke-neke eginda, askotan. Eta bestetik, zaintzarako sozializatuak izan garenez, gizonak ez bezala -hauek ekin-tzetara bideratzen dira txikitatik-, nahiz eta zaintza lanez libre izan, kosta egiten zaigu sorkuntza lanari kalitatezko denbora hori eskaintzea, benetan sinestea egiten dugunak garrantzia duela". Hala, kontaezinak dira emakume izateagatik sortzaile izatera iritsi ezin izan direnak, Mutuberriak, Gerda Lernerren La creación de la conciencia feminista lanari men eginez, azpimarratu bezala: "Bere garaian emakume askok mistizismora jo zuten beren sorkuntza lanak garatzeko. Bidean gelditu zirenek ez zuten idazten saiatzeko aukerarik ere izango, eta idaztea lortu zuten horiek gaitasun ekonomiko zehatz bat zuten emakumeak ziren".

Hain zuzen hori izan zen lehenengo euskal emakume idazletzat hartzen den Bizenta Mogelen kasua, ez maila ekonomiko altua zuelako, baserritar umezurtza izan baitzen, baizik eta bere ardurapean hartu zuen osaba apaizak aparteko eta ezohiko heziketa eskaini ziolako. 1782an Azkoitiak sortua, osabak, Peru Abarka-ren egileak, euskaraz, gaztelaniaz eta latinez irakurtzen eta idazten irakatsi zion. 1804ean bere lehenengo lana plazaratu zuen, euskaraz idatzitako lehenengo alegia-liburua: Ipui onac. Mogel, alta, guztiz kontziente zen emakume eta idazle izateak gizartean eragingo zuen ezinegonaz, eta halaxe adierazi zuen bere liburuaren sarreran ere. "Idazle honengan", azaltzen du Nerea Azurmendik Emakume idazleak euskal literaturan lanean, "historian zehar emakume idazle askok agerterazten dituzten ezaugarriak eta beste horrenbestek jasandako arazoak elkartu egiten dira. (...) 1899 eta 1963an —azken honetan Auspoak—, berrargitaratutako liburu hura idatzi ondoren, ez zuen gauza handirik egin Bizentak. Hamasei urte beranduago, Carta Pastoral del Primado de las Españas itzuli zuen. Bien bitartean ezkondu, eta ez zion ezer gehiagorik eskaini literaturaren historiari, gaztetxotan mogeldar ausarta izandako Bizentak. Ondorengoei hamaika bider gertatuko zitzaien bezala, hartan gelditu zen, agian konturatu gabe (...)". Hala, aparteko kasua izanagatik ere zain-tza eta etxe barreneko arduretara lotzeko sormen lanak bazterrean utzi zuen emakumean bilakatu zen Mogel ere.

Zeren inguruan hitz egin

Zaintza erdigunean

Zenbat kasu, Mogelenaren antzera trabatuta gelditu zirenak? Zenbat, ezer idazteko aukera izan ez zutenak? "Ezinezkoa da imajinatzea", dio Izaskun Gracia poetak, "baita jasaten ari garen literaturaren eta historiaren galera handia ere". Jakak bat egiten du Graciaren iri-tziarekin: "Gizadiaren erdiaren sormen gaitasunari ez zaio aukerarik eman, beste zeregin batzuetarako jaioak omen ginelako. Erdi horren mundu ikuskerak, adierazteko moduak, sentsibilitateak, interesak... galdu dira". Gizonezkoak oraindik ere sorkuntzaren lehenengo lerroan mantentzen direla argi du Tirapuk, genero estereotipo eta rolen mende: "Emakumeek eta gizonek egiten dituzten lanak alderatu egiten dira eta publiko zehatzetara bideratzen dira", gizonezkoen lanak denentzat diren bitartean, emakumeenak emakumeentzat soilik mugatuz. "Argi dago emakumeak bizipen zehatz batzuk dituela eta horien inguruan hitz egin behar duela, noski, baina guztiontzako lanak dira azken batean". Izan ere, zaintza lanak sorkuntza itotzeko soka bakarrik ez, eta literaturan isilarazitako gai bat ere izan da, bigarren lerroan edo "emakumezko literatura" etiketapean sailkatutakoa ere.

Jakak dioen bezala, zorionez gero eta gehiago dira zaintzaren gaia euren sorkuntza lanen erdigunean jartzen ari diren idazleak. Katixa Agirrek amatasunaren hertz ilunenak lehenengo lerrora atera zituen Amek ez dute eleberrian, Karmele Jaiok zaintza lanen pisuaz mintzatu zen Aitaren etxea lanean, Uxue Alberdi idazleak ere generoak eta horrek dakarren pisuak bertsolari-tzaren mundua nola zeharkatzen duten hausnartu zuen berriki saritutako Kontrako eztarritik saiakeran... Adibide gutxi batzuk dira, euskal literaturaren, sorkuntzaren eta pentsamenduaren arloan ur tantak korronte bilakatzen ari direnaren seinale eta, Mutuberriak dioen bezala, "gai horiek erdigunean jar-tzea geroz eta gehiago eskatzen delako". "Zaintza lanak eta bizitza erdigunean jartzea hil ala biziko kontua dugu", dio Jakak ere, "bata bestearen atzetik gertatzen ari diren krisiek argi adierazten diguten bezala. Literaturak badu zer esanik horretan: injustiziak erakutsiz, mundu posibleak irudikatuz, benetan garrantzizkoa denari abestuz... Liburu oso interesgarriak argitara-tzen ari dira, horietako asko, gehienak ez esatearren, emakumeek ida-tzita. Horiei tokia egin, ezagutarazi, ahots berriak bultzatu eta bere lana egiten lagundu... lan asko egin daiteke eta egiten ari da".

Tirapuk berak, antzerkigile bezala, emakumeak zeharkatzen dituzten gaiak erdigunean jarri izan ditu bere lanetan: "Nire lehenengo an-tzezlanean emakumeek gure generoagatik eta horren inguruan sortutako rolagatik jaso dugun zamaz mintzatu nintzen, emakumeek bete behar dituzten arauez eta mugez. Bigarrenean ere, generoek eragiten dituzten estereotipoak izan nituen mintzagai. Oholtza gainean hitz egiten dut horretaz. Emakumeen an-tzerkia da? Ez, antzerki soziala da, errealitate bat islatzen duelako".

Nola sortu

Espazio propioa

1929an Virginia Woolfek Gela bat norberarena lanean hausnartu zuenari jarraituz, beharrezkoa dirudi oraindik ere sorkuntza lanak osotasunean eta askatasunez garatu ahal izateko emakumeek daramatzaten zaintza karga arintzea, berezko espazio bat lortzea, izan ere, Tirapuk azpimarratu bezala, "sorkuntza prozesuak asko hartzen du, dedikazio osoa eman behar diozu. Berez, ez daukagulako nahiko genukeen denbora guztia prozesu osoa kudeatzeko eta horri sozialki dauden bestelako kargak gehitzen badizkiozu, eragin zuzena du emakumeon sorkuntza prozesuan". Alde horretatik, eta errealitatea gutxinaka aldatzen doan arren, asko dago egiteko, Mutuberriak adierazi bezala. "Gizartea kontziente da zaintzaren ardura partekatu behar dela baina gauza txikietan oraindik nabaritzen dela uste dut. Nire inguruan dauden emakume asko ikusten ditut bere lana bigarren lerro batean uzten, zaintza lanak direla eta. Izan gurasoena, seme-alabena edo lagunena... Paper hori emakumeak hartzen du oraindik. Emakume sortzaile asko badauden arren, lehenengo lerroan daudenak oraindik gizonak dira".

Lanak banatzea, hartara, beharrezkotzat jotzen du antzerkigileak, "eta horretarako arau asko kendu behar dira, aurreiritzi asko, konplexu asko ere bai. Bakoitzak bere espazioa era bere ardurak behar ditu, baina ardurak ezin dira inposatu. Soilik horrela sentituko da bakoi-tza libre nahi duena egiteko"."Ez dut uste emakume gehienek beren gela izatea lortu dutenik", bat egiten du Graciak ere. "Batzuk bai, zalantzarik gabe, baina gizarteak oraindik ere bidegabea izaten jarraitzen du alderdi askotan (gure soldata txikiagoa da, gutxiago kontratatzen gaituzte, gehiago kanporatzen gaituzte, askoz gehiago eskatzen digute€). Desparekotasun hori deuseztatzeko borrokatu behar izanez gero, ezinezkoa da "norbere gela" edukitzea".

Ur korronte bilakatzen ari diren ur tanta solteek, hartara, indar gehiago behar dute munduko turbinak mugi-tzeko. Woolfek aipatu obraren akaberan idatzi zuen bezala, " esango nuke aurki egongo zaretela gure poetari aukera hori eskaintzeko moduan. Irudipena baitaukat, ezen, beste ehun urtean bizi bagara —bizitza kolektiboaz ari naiz, hori baita bizitza erreala, ez gizabanako gisa bizi ditugun bizitza bereizi txikiez—, eta gutako bakoitzak bostehun libera baldin baditu eta gela bat beretzat; askatasunera ohitzen bagara eta ausardia biltzen badugu pentsatzen dugun horixe idazteko (...) onartzen badugu ez dugula zeri heldurik, eta bakarrik gaudela, eta errealitatearen munduarekin dugula erlazioa, eta ez soilik gizonen eta emakumeen munduarekin; orduan aukera hori iritsiko zaigu, eta Shakespeareren arreba zen poeta hilak berriro jantziko du behin eta berriro erantzi behar izan duen gorputza".

"Zaintza lanak eta bizitza erdigunean jartzea hil ala biziko kontua dugu"

Idazlea

"Bakoitzak bere ardurak behar ditu, baina hauek ezin dira inposatu"

Antzerkigilea

"Nire inguruan dauden emakume asko ikusten ditut bere lana bigarren lerro batean uzten"

Ilustratzailea

"Ezinezkoa da imajinatzea zenbat idazle handi geratu diren bidetik kanpo"

Poeta