- Atzerapenarekin eta segurtasuna mantentzeko neurri guztiak hartuta, Ikastolen Elkarteak JUUL Literatura Hauteskundeen 22. edizioa ospatu zuen joan zen astean. Urtez urte, Euskal Herri osoko ikastoletako haurrek euren botoak ematen dituzte euren liburu eta ilustratzaile gogokoenen zerrenda osatzeko. Dudarik gabe ikastoletako literatura hitzordu nagusienean bilakatu da jada JUUL, eta indartuz doa edizioak aurrera egin ahala.

"Juul kanpainaren antolaketa erabat ezberdina egitea egokitu zaigu", aitortu dute Ikastolen Elkartetik. "Horretaz gain, kontuan izan dugu JUUL kanpainan parte hartzen duten ikastolen lurraldetasuna eta bakoi-tzaren gobernuak ezarri dituen prebentzio neurriak. Gogoratu behar dugu Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko ikastolek parte hartzen dutela. Horregatik, hauteskundeak gelaz gelako antolaketarekin egin da, ezarritako urruntze eta higiene-neurriak jarraituta". Emai-tzen artean, aurrreko edizioetatik lehenengo postuetan egon diren ohiko idazleen izenak errepikatu dira, Jasone Osoro, Pello Añorga eta Toti Martinez de Lezea bezala; baina izen berriak ere agertu dira, hala nola Sussanna Isern, Miren Amuriza edo Roberto García. Argi geratu dena, hori bai, ikasleek "etxeko" egileak nahiago dituztela da, izan ere, kategoria gehienetan euskal idazleak agertu dira.

Aurten, azken urtetan bezala, bozkatuen izan diren idazleei zein ilustra-tzaileei Ikastolen Elkarteak aitorpen berezia egingo die. Horretarako, Angel Garraza artista nafarrari JUUL saria egin zezala eskatu dio, NIEk saridunei banatuko diena.

3 eta 6 urte arteko ikasleen kategorian, Mezulari argitaletxeak plazaratutako Susanna Isernen Marmi eta kapela bitxia nagusitu da. Haren ondotik, Miren Amurizaren Familia mila kolore - Paularen txinelak eta Xosé Manuel Gonzálezen Hamaika andere ausart izan dira bigarren eta hirugarren.

Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleek Bénédicte Carbonelliren Irakur iezadazu ipuin bat! (Ttarttalo) aukeratu dute garailetzat, bigarrena egin duen Ana Jakaren Marimatrakak 4 - Astindu gorputzak! eta hirugarren postuan geratu den Joana Ziganda eta Iker Uriberen Ni neu galtzeta lanen gainetik. 8 eta 10 urte bitarteko ikasleak biltzen dituen kategorian, Pello Añorga idazlea nagusitu da, Ispilutxo lanarekin. Bigarren eta hirugarren, Onin eta baleen besta, Ibon Martinena; eta Alaine Agirre eta Xabier Mendigurenen Munstro txikiak - Mamutxo bere gurasoen bila izan dira.

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek Roberto Garcíaren Futboleroak 1 - Lokartutako arbitroen misterioa liburua aukeratu dute euren botoen bitartez. Honen ondotik, Txomin eta Peru Magdalenaren Txomintxo eta Perutxo lehendakari eta Toti Martinez de Lezearen Nur eta kobazulo liluragarria lanek egin dute bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.

Jon Arretxek lehenengoz lortu du nerabeen kategorian nagusitzen, Beti Iparralderantz lanarekin, eta azken urteetan lehenengo postuan mantendu zen Jasone Osorok bigarren egin du aurten, Eskularru beltzak - Ihes eleberriarekin. Bertol Arrietaren Elurraren formula izan da hirugarren. Ilustratzaileen kategorian, Eider Eibar izan da boto gehien bildu dituena, eta onen ondotik gelditu dira Emmanuel Montiel, Jokin Mitxelena, Mikel Santos 'Belatz’ eta Iosu Mitxelena.