- Berdintasunaren aldeko aldarriaz eta generoaren inguruko hausnarketaz gain, Karmele Jaioren obran iraunkorrak diren zenbait leitmotiv nabari dira. “Esan beharko banu zein den nire lurraldea, nire joko zelaia, esan gabeko hitzena dela esango nuke”, onar-tzen du idazle gasteiztarrak, isiltasunak maisuki baliatzen dituenak. Horrez gain, iraganean bizitako guztiak oraina baldintzatzen duela uste duen horietakoa da: “Mundua ikusten dugu daukagun motxilaren horrekin, bakoitzak berena darama”.

Aitaren etxea eleberriaren idazlearen aburuz, “eguneroko bizitzan oso une konkretu eta gutxitan atzeratzen dira gauza garran-tzitsuak, hitz potoloak, kezkak, beldurrak... hor barruan dagoen guztia normalean, gehienetan, ezkutatuta egoten da”. Horren ordez, pisu gutxiko hitzak nagusitzen direla uste du. Ikuspuntu hori bere idazketan nagusitzen da. Izan ere, bere pertsonaiek esan gabe uzten dutena beti da esaten dutena baino inportanteagoa, “bizitzan ere hori gertatzen delako”.

Bere obran konstante bat dela aitortu arren, Aitaren etxean familietan ematen diren isiltasun horietan arakatu duela dio. “Gabezia handiak daude eta egon daitezke familia harreman askotan”, dio. Kontrajarrita, liburuan idazteari buruzko hausnarketa egiten du eta azaleratzen du idazketaren eremua, aldiz, pisuzko hitz horiek agertzen diren tokia dela. “Niretzat idazketa egiaren lurraldea da. Gezurrez, azalkeriaz inguratuta bizi gara, baina idazketa prozesua bada leku bat non berunezko hitzak, benetako hi-tzak, agertzen diren”, adierazten du. “Hitz horiek askotan ez zaizkio idazleari ere gustatzen, ez zaizkio gustatu behar, egia batzuetan ez zaigu gustatzen”, gaineratzen du.

Era berean, orain arte izan garenaren eta gertatu zaigunaren emaitza eta metaketa garela uste du autore euskaldunak. “Motxila gertatu zaizkigun gauzak dira eta horrek erabakitzen du nola ikusten dugun gaur aurrean duguna”, dio. Argitasunez sumatzen du irakurketa klubetara doanean bisitan. “Bakoitzak irakurketa ezberdina egiten duela ikusten duzu edo bakoitzarentzat liburuan agertzen den gauza ezberdin bat dela garrantzitsuena. Ba-tzuentzat pisuzkoena Ismaelek bere aitarekin duen harremana da, besteentzat Liberen istorioa”, azaltzen du. Eta beste adibide bat jartzen dut: “Askotan irakurtzen dugu liburu bat 20 urterekin eta igual ez digu esaten ezer eta 40 urterekin irakurrita asko esaten digu”.

“ Gezurrez inguratuta bizi gara, baina idazketa prozesua bada leku bat non berunezko hitzak agertzen diren”

“Motxila gertatu zaizkigun gauzak dira eta horrek erabakitzen du nola ikusten dugun gaur aurrean duguna”