mirarte

Durangoko Azokaren taupadaren doinua Euskal Herrian zehar

21.11.2020 | 10:19
Nerea Mujikak eta Bingen Zupiriak 'Zu non, han DA!' egitasmoa aurkeztu zuten atzo, Donostiako Dabadaba aretoan.

Kontzertuak sakabanatu eta zortzi udalerritan gauzatuko den programazioa osatu du literaturazaleen eta musikazaleen topaguneak

Mendia ez badoa Mahomarengana, Mahoma joango da mendira. Itxura batean, Francis Bacon pentsalariaren aforismoari helduz aurre egin nahi dio COVID-19ak dakartzan mugei Gerediaga elkarteak, sortzaileak publikoarekin elkartzeko arazoak dauden garai "latz" hauetan. Euskal Herriko literaturazaleek eta musikazaleek Durangora bidaiatzea galarazita dutenez, Azoka ibiliko da hara eta hona. Bere taupadaren doinuak zortzi udalerritan entzun ahalko dira.

Aurten, liburuak eta diskoak online saltzeko plataforma bat izateaz gain, azokak kontzertuak sakabanatu eta programazioa Euskal Herriko zortzi udalerritako hamar aretotan bana-tzea erabaki du ?Gerediaga Elkartea horretan saiatu arren, Frantziako Estatuan pandemiaren aurka ezarritako murrizketek Durango Iparraldera iristea eragotzi dute?.

Hori azaldu zuten atzo, elkarteko presidente Nerea Mujikak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiriak, Donostiako Dabadaban eskainitako prentsaurrekoan. Hain zuzen, musika areto horixe izango da Azokaren agertokietako bat, ez bakarra, ordea, gure hiriburuan, Dokan ere kontzertuak programatu baitira; baita Azpeitiko Sanagustin eta Soreasun ere, emanaldiak abenduaren 5etik 8ra bitartean izango direlarik. "COVID-19a hurbiltzen ikusi genuenetik jabetu ginen ezin izango genuela ohiko Azoka egin. Hala eta guztiz ere, argi genuen Azoka antolatzea inoiz baino garrantzitsuagoa zela, osasun krisiak gure gizarteko arlo guztiak gogor kolpatu dituen arren, bereziki latza izaten ari delako kulturgintza eta euskalgintzarentzat", esan zuen Mujikak. Zentzu horretan, Zupiriak adierazi zuenez, argi zeukaten aurtengo ez zela "ohiko" merkatua izango .

Beste hainbat kultur jarduera bezala, Durangoko Azoka ere berrasmatu egin behar izan da COVID-19aren garaira egokituz; beti ere, euskal kultur sektorearen ekonomian funtsezkoa den merkatua egin ahal izateko. Izan ere, "Durango erakusleiho handia baita", eta argitaletxeen sektorearen eta, batez ere, autoediziorako joera gero eta handiagoa duen musikaren sektorearen dirusarreren zati handi bat, Durangon abenduko zubiarekin bat antolatzen den salmenta-puntu horretatik etortzen delako. Azokaren garrantziaz jabetuta, sailburuak dei egin nahi izan zuen literatura eta musikaren sektoreari erantzun "kolektibo bat" emateko". Erantzun hori nola eman? Ba, "Durangoren bueltan sortu diren liburu eta musika gaiak erostea, ordaintzea eta industria horren atzean dauden sortzaileei laguntzea".

Jendeak azokara joaterik ez duenez, eta egungo testuinguruan antolakuntzak duen "erronka" kontuan izanik, Azoka bera izango da publikoarengana iritsiko dena, Mujikaren esanetan. Zu non, han DA! leloa aukeratu dute programaziorako, eta 32 taldek hartuko dute parte, besteak beste: Gatibu, Zea Mays, Nogen, Sara Zozaya, Amorante, Liher eta Joseba Irazoki. Ekimen honen helburua da "Azoka ahalik eta kulturzale gehiagorengana heltzea, musikariei plaza berriak eskaintzea eta aretoei eta bertako langileei ere laguntza txiki bat eskaintzea".

Gipuzkoako kontzertuak Alex Sardui buru duen taldeak hilaren 5ean joko du Azpeitiko Soreasun, 19.00etan, eta sarrerak agortuz gero, beste emanaldi bat antolatuko dute egun horretan bertan, 16.00etan. Handik bi egunera, Sua izango da Sanagustinen.

Donostiako eskaintzari dagokionean, Dabadaba aretoan Silicies Grizzlies eta Kyxiren kontzertu bikoitza izango da abenduaren 5ean (18.30ean). Hurrengo egunean, leku berean, Dena eta Habi taldeen txanda izango da (18.30ean).

Halaber, abenduaren 7an, Raitx eta Pelax taldeek joko dute Dokan (18.00etan); eta Antigua auzoko aretoak Mihise eta Kaskezur hartuko ditu hilaren 8an (18.00etan).

Kontzertuetarako sarrerak bihar 11:00etatik aurrera erosi ahal izango dira durangokoazoka.com webgunean. Ostalaritza ixteko indarrean jarraitzen duten COVID-19ren aurkako neurrien ondorioz, aretoek ezin izango dute edaririk saldu.

Azoka amaitutakoan, zer? Durangoko Azokaren online plataforma abenduaren 4tik 8ra egongo da zabalik. Eta ordutik aurrera, zer? Merkatua amaitu arren, Zu non, han DA! ekimenak aurrera jarraituko du, abenduaren 9tik urtarrilaren 8ra arte. Nola? Azokaren eragina Gabonetara luzatze aldera, katalogoko produktuak Euskal Herriko hainbat liburu-dendetan salgai jarriko dira modu presentzialean: "Liburu-dendetan jarraipena emango diogu online dendari". Ekimenean parte hartu nahi duen edozein liburu-dendak bat egin ahal izango du.

PROGRAMA

Amurrio (Burubio)

Abenduak 6 (18.00etan). Izatefaltsua + Rodeo.

Abenduak 7 (19.00etan). Sara Zozaya.

 

Atarrabia (Totem)

Abenduak 5 (18.00etan). Liher + Sorkari.

Abenduak 6 (18.00etan). Kaleko Urdangak + Perlata.

 

Azpeitia (Soreasu)

Abenduak 5 (19.00etan). Gatibu (aforoa beteko balitz, bigarren pase bat antolatuko da 16.00etan).

 

Azpeitia (Sanagustin)

Abenduak 8 (19.00etan). Sua.

 

Bermeo (Kafe Antzokia)

Abenduak 6 (18.00etan). Gatom + J Martina.

Abenduak 7 (18.00etan). Joseba Irazoki + Inoren Ero Ni.

 

Bilbo (Euskalduna)

Abenduak 7 eta 8 (12.00etan). Ene Kantak.

Abenduak 7 (19.00etan). Zea Mays.

Abenduak 8 (19.00etan). Nøgen.

 

Donostia (Dabadaba)

Abenduak 5 (18.30ean). Silicies Grizzlies + Kyxo.

Abenduak 6 (18.30ean). Dena + Habi.

 

Donostia (doka)

Abenduak 7 (18.00etan). Raitx + Pelax.

Abenduak 8 (18.00etan). Mihise + Kaskezur.

 

Gasteiz (Jimmy Jazz)

Abenduak 6 (18.00etan). Raitx + Pelax.

Abenduak 8 (18.00etan). Amorante + Moxal.

 

Ondarroa (Beikozini)

Abenduak 6 (18.00etan). Dupla + Nikotina.

Abenduak 8 (17.00etan). Patxuko Nice.

Abenduak 8 (19.00etan). Ezpalak.