Durangoko Azokako denda birtuala ireki dute

Dendako katalogoan 2.300 produktu daude ikusgai jadanik. Orotara, Azokak 100 kultur ekitaldi eskainiko ditu aurten

26.11.2020 | 14:14
Arantza Atutxa eta Nerea Mujika, Gerediaga elkarteko kudeatzaile eta lehendakaria, hurrenez hurren

Pandemiaren ondorioz, aurtengo Durangoko Azoka erabat desberdina izango da, eta lehenengoz, Landako gunean ez da jendez inguratutako erakusmahairik egongo. Hala ere, egitarauarekin aurrera jarraitu nahi izan dute antolatzaileek, eta edizio berezia antolatu. Horrexegatik, modu presentzial zein birtuala uztartuko da aurten, eta online denda baten bidez 2300 produktu egongo dira salgai, horien artean 800 baino nobedade gehiago.

Gainera, abenduaren 4tik 8ra, 100 kultur ekitaldi eskainiko ditu Azokak Durangon, eta guztiak streaming bidez emitituko dituzte.

Edizio honetako nobedadeak aurkeztu dituzte gaur Landako gunean eta Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak azaldu duenez, "erakusmahaiz beteta ikustera ohituta gauden gune hau, aurtengoan online dendaren biltegi, eta sormen eta kultur ekitaldi desberdinen erakustoki bihurtuko da, abenduaren 4tik 8ra".

Hori izango da hain zuzen ere aurtengo nobedade nagusia: online denda. Abenduaren 4an, goizean, zabalduko den arren,  kultur produktuen katalogoa ikusgai dago jadanik www.durangokoazoka.eus webgunean eta desioen saskia osatzeko aukera dago, antolatzaileek zehaztu dutenez. 2.300 produktuko katalogo horretan, 852 nobedade izango dira: 636 liburu, 100 musika-produktu, 44 aldizkari eta bestelako 72 produktu.



Horrela, abenduaren 4an, aukeratutako "desioen saskian" aukeratutako produktuak ordainduko dira. Azokako antolatzaileek azaldu dutenez, 45 eurotik gorako erosketa guztiek ez dute bidalketa-gasturik ordaindu beharko, eta ordainketa egiten duten lehenengo mila erosleek Ane Pikazak ondutako aurtengo kartelaren irudiarekin egindako poltsa jasoko dute doan.

Azoka presentzial eta birtuala

Gerediagako kudeatzaile Arantza Atutxak azpimarratu duenez, Azoka ez da bakarrik "salerosketarako gune hutsa". "Kulturaz gozatzea, sortzaile berriak deskubritzea, hausnarketa mamitsuak entzuteko eta ikuskizun nahiz kontzertuak bizitzea ere bada". Horregatik, programa zabala mantendu nahi izan dute antolatzaileek, eta guztira, 100 kultur ekitaldi antolatu ditu Durangoko Azokak abenduaren 4tik 8ra.

Bi espaziotan banatuko dira: Landako gunean eta Plateruenan. Guztiak aurrez aurre ikusteko aukera egongo da, baina pandemiaren ondorioz ezarritako neurriak direla eta, Durango eta mugakaideak diren herrietako biztanleak bakarrik gerturatu ahal izango dira euskal kulturaren plazara. Antolatzaileek azpimarratu dute ekitaldi guztiak doakoak izango direla, baina Azokaren webgunean aurrez erreserba egin beharko da.

Internet bidez eskainiko dira, webgunean izango diren bi streaming kanalen bidez. Bata Landako guneari dagokiona eta bestea, Plateruenari, eta bertan egunero goizeko 10:30etatik 21:00ak arte "Azoka ikusi, entzun eta gozatu ahal izango da".

Plateruenan 37 musika-talde igoko dira taula gainera, horien artean Bulego, Marlik, Zetak, Mikel Urdangarin, Korrontzi, Rafa Rueda edota Gatibu. Baina kontzertu gehiago eskainiko ditu Azokak, izan ere pasa den astean azaldu zutenez,  Zu non, han DA lelopean kontzertu ziklo bat antolatu dute antolatzaileek, modu horretan Azoka Euskal Herriko hainbat txokotara zabalduko delarik.

Beste alde batetk, Landakok gainontzeko jarduerak hartuko ditu solasaldi literarioak, proiekzioak, ipuin kontalariak zein ikuskizunak.
noticias de noticiasdenavarra