ikziozko detektibe batean pentsatzearekin batera datorkigu burura bere izena: Sherlock Holmes. Tipo argia bezain xelebrea, pipa ahoan eta kapa gris luzea jantzita, misteriozko kasu ilunenak ere bere arrazoiketa analitiko bikainaren bitartez argitzen dituena, Watson doktorearen laguntza ezinbertzekoarekin. Detektibe ospetsuenaren lehenengo abenturak euskarara ekarri ditu Igela argitaletxeak orain, Fernando Reyk itzulita eta Adur Larrearen ilustrazioekin.

Sherlock Holmesen abenturak liburuan biltzen diren 12 abenturak Arthur Conan Doyle idazle eskoziarrak 1891 eta 1892 artean The Strand Magazine hilabetekarian argitaratutako lehenengoak izan ziren. Igela argitaletxeak 1997an plazaratu zituen lehenengoz euskaraz, eta orain edizio berritu batean atera ditu bigarrenez. Reyk itzuli zuen ordukoa ere, eta dioen bezala, "bi hamarkada pasatuta, edizio berri baten premia ikusi zuen Igelak, dotoreagoa, Adur Larrearen irudi ederrekin, txukunagoa". Hala, edizio horren lan zuzendua eta hobetua da hau. "25 urte pasatu dira ia, eta hori asko da gure hizkun-tza normalizatu gabean. Euskararen corpusa finkatuz joan da, eta ezin dugu erotu irakurlea, batez ere irakurle gaztea, gaur egun onartua ez dagoen ortografiaz idatzitako liburuekin. Beraz, egokitu dugu, txukundu, akats bat edo beste kendu, eta, gure ustez, oso poliki gelditu da".

Misterioaren eta eleberri beltzaren jarrai-tzaile amorratua izanda, aisa hartu zuen Reyk bigarrenez lana itzultzearen ardura. Bai literaturan bai ikus-entzunezkoen alorrean hainbestetan irudikatu den detektibe ospetsuaren abenturak ilustratzearena, bere aldetik, erronka bat izan dela ere azpimarratu du Larreak: "Hainbestetan ilustratua izan den zerbaiten bertsio desberdina egitea zaila da. Horregatik, konexio desberdinak bilatzen saiatu naiz, agian bazterreko eszenatzat hartzen direnak ilustratu ditut". Izan ere, kontaezinak dira literaturaz haragoko esparruetan Sherlock Holmesek egin dituen agerpenak. Telesailak, filmak, bideojokoak edo jolasak egin izan dira pertsonaia honen inguruan, eta ispirazio iturri izan da egun ere ezagunak zaizkigun beste pertsonaia eta telesailetan ere, tartean Monk telesaileko detektibea eta House doktorea. "Horrelako klasiko bat ilustratzea", hartara, "erronka polita" izan dela azpimarratu du ilustratzaileak.

Liburuak biltzen dituen istorioetan Holmesen abenturetako pertsonaia ezagunenak agertzen dira, tartean noski betiereko lagun eta kide duen Watson doktorea edota Irene Adler, Holmes gailentzea lortu zuen emakume bakarra. Conan Doylek musikarako zuen zaletasuna ere nabarmen-tzen da bildumaren bigarren errelatoan, detektibea Pablo Sarasate nafar biolin-jotzailearen kontzertu batean kokatzen duenean. Ilegorrien liga izeneko istorioan gertatzen da hau, Sherlockek bere ikerketa bertan-behera uzten duenean musikari nafarrak Londreseko St. Jame´s Hall aretoan ematen ari den kontzertu batetara joateko. Istorioan "txikikeria bat" izan arren, "gure biolin-jotzaileak nolako maila eta ospea zuen ohartzen" laguntzen adierazi du Reyk.

Ofizioz medikua zen Arthur Conan Doylek sortu zuen pertsonaia 1887an, bere kontsultak ematen ez zion diru-beharrak bultzatuta. Denetara 60 abentura idatzi zituen, horietatik 4 eleberriak eta gainontzeko 56ak ipuinak. Gerora bilduma desberdinetan plazaratu baziren ere, jatorrian aipatu The Strand Magazine aldizkarian argitaratu ziren istorioak, aristokraziaren aberastasuna, arazo sozialak eta puritanismo erlijiosoa ezaugarri nagusi zituen Inglaterra viktoriarrean, Larreari ilustrazioak sortzerakoan "bisualki oso erakargarria" suertatu zaion testuingurua: "Londoneko karriketako jendailak, xumeetatik hasi eta nobleziako maila gorenetara, ematen du nondik jo".

Baina, gerora sortutako iruditeria guztiaren gainetik, nolakoa da Conan Doyleren Sherlock Holmes? "Doylek bere irakasle forentse bat izan zuen inspirazioa pertsonaia sortzeko", azaldu du Reyk. "Antisozial samarra da, xelebrea, etikaren ikuspuntu berezia du, eta drogazalea ere bada, adibidez". Izan ere, nabarmena da detektibearen izaera bikoitza eta, krisiak har-tzen duenean kokaina kontsumitzailea eta zakar samarra izatera ere iritsi daitekeena. Hala ere, bere izaeran metodo deduktiboa gailentzen da gauza guztien gainetik, arrasto txikienetatik abiatuz kasu ezinezkoak argitzera eraman ohi duena. "Denborak ematen duen perspektibatik begiratuz, badaude agian gaur egun zuzentzat hartuko ez liratekeen jokabideak", argitu du Larreak. "Holmesek bere legea ezartzen du batzuetan, ez du beti justizia ofizialaren bidea jarrai-tzen".

Conan Doyleren abenturek izugarrizko arrakasta lortu zuten bere garaian, eta etengabean abentura berriak idaztearen presioa ere sentitu zuen, itzultzaileak azpimarratu bezala. Egun arte bizirik manten-tzen den zaletasuna, bertzalde: "Logikaren eta dedukzioaren jokoan sartzea oso gozagarria da jende askorentzat. Oso gauza polita da irakurlea ere ikertzaile bihurtzea irakurtzen ari den heinean. Horregatik, artea da idazleak irakurlea eskutik eramatea, datuak erakutsiz, berak ere pentsatu dezan, eta saiatu dadin kasua argitzen".

Baina bitxikerien artean bitxiena, akaso, detektibearen esaldi ospetsuenaren jatorria da. Izan ere, Conan Doyleren Sherlock Holmesek ez zuen sekula "Noski, Watson maitea" erran. Reyk argitu bezala, 1939ko film batean azaldu zen lehenengoz, Doyle hil eta bederatzi urtera.