- Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak elkarlanean antolatzen duten Irriziklo umorezko antzerki egitarauaren baitan, Txalo Produkzioak taldeak Losers- Galtzaileak antzezlana taularatuko du gaur NAE-n, arratsaldeko 19.00etan. Aitziber Garmendia eta Jon Apaolaza protagonista dituen obrak gaztaroa eta helduaroaren artean zintzilik dauden bi pertsonaiaren kezka eta gora-beherak aurkeztuko ditu.

Antzezlanean, Manuel eta Sandra adinean aurrera doaz -ia berrogei urte dituzte-, eta gizakiok tenore horretara ailegatuta, gizarteak markatutako baldintzetatik ez dute bat bera ere betetzen: umerik ez, bikoterik ere ez eta diruz urri, etxebizitza bat erosteko aukerarik gabe… Horregatik, euren buruak galtzaile-tzat dituzte. “Eta aldatzeko esperan-tza handirik gabe, ia-ia etsiak jota, pozik bizitzeko merezimendurik izango ez balute bezala. Bizipozak, ordea, ez du mugarik eta areago, ez du zer ikusirik ondasun materialekin edo gizarteak markatzen dituen usadio eta arauen menpe bizitzearekin. Gu geu gara gure bizi-tzak nolakoa beharko duen erabaki behar dugunak. Geure beldur eta mugak gainditzeko gai izanez gero behintzat”.

Marta Buchacak sortu eta Martin Agirren itzulitako antzezlana Begoña Bilbaok zuzendu du. Sarrerak NAE-ren webgunean eskuratu daitezke, baita leihatilan ere emanaldia hasi baino ordubete lehenago.

Eszenatoki gainean, esperientzia luzeko bi aktorek emanen diote bizia obrari. Aitziber Garmendia (Zaldibia, 1982) 13 urte besterik ez zituenean igo zen lehenengo oholtza gainera, Beasaingo antzerki taldearekin. Ordutik ez da gelditu. Aktore ikasketak egin zituen eta, aldi berean, Zuzenbidean lizentziatu zen. 19 urte zituela, Martin telesailarekin famatu zen. 2003-2009 bitartean grabatu zen telesail haren ondotik, hamaika saio eta telesailetan parte hartu izan du; besteak beste, elkarrizketak eta bakarrizketak uztartzen zituen Batek daki arrakasta handiko saioan. Gaur egun, Barre librea ETB 1-eko umorezko saioan jarduten du. Bost filmetan antzezle lanak egin ditu (Ocho apellidos vascos, Sukalde kontuak eta Txarriboda, besteak beste) eta 25 bat antzerki lanetan.

Hain zuzen Barre librea saioan bat egiten du Garmendiak antzezlan honetako oholtza-kidearekin ere. Jon Plazaola (Urretxu, 1982) aktorea izateaz gain gidoigilea eta antzerki zuzendaria ere bada. Film labur, telesail eta antzezlanetan aritu da batez ere aktore bezala, eta gidoilari lanetan ere aritua izan da EITB-ko saio ospetsuenetako batzuetan, tartean Wazemank edo Finlandia. Zuzendari bezala, Kontuz, Atsuak!, GI-631 eta Kontrako Eztarria lanetan aritu da. Txalo Produkzioak taldearen baitan, Irabazi antzezlaneko protagonista ere bada.

IrriZiklo euskarazko umore-zikloa astebetez luzatuko da, martxoaren 31ra arte, asteazkenarekin, Pez Limbo konpainiaren Koxkak antzezlana taularatu ahal izateko, zeina joan den martxoaren 10ean geroratu behar izan baitzen. Data berri horretan ordutegia eta tokia mantenduko dira: 19.00etan, NAE-n.

Koxkak antzezlanak hiru istorio desberdin, ezohiko hiru egoera, eta hiru korapilo kontatzen ditu, hiru pieza laburren bidez, umorea ezaugarri nagusitzat hartuta. Tripaki salda. Umore traidore xerra bat antzezlanak, Raúl Camino eta Begoña Martín Treviñorekin, kinka larrian dagoen emakume baten istorioa kontatzen du, zeinak bere konfian-tzazko harakina izan zenarengana jotzen baitu ezohiko zerbait eska-tzera. Egoera larria da, are gehiago bertan dauden beste pertsona ba-tzuk ‘bat-bateko triskantza’ baten lekuko bihurtuko direlako.

Oilo ama. Ernaldiko umore nahasia lanean, istorioa mediku-kontsultategi batean kokatzen da. Haurdunaldi luze baten istorio motz bat da, Josune Vélez de Mendizábal eta Aitor Pérezekin: semearekin lotura handia duen ama bat eta toki okerrean dagoen mediku bat. Azkenik, Boxers. Umore txakurra lanean, Raúl Camino eta Aitor Pérez kontu klandestino baten erdian dauden bi lagun dira, eta horri esker dirua “erraz” irabaz dezakete, edo, aitzitik, galbidera eraman. Oso gutxi dute, gauza solte gutxi batzuk, txakur-mamu bat eta izen faltsu ba-tzuk, baina euren esku dagoen guztia eginen dute ikuskizun on bat eskaintzeko.