- Antzerki Aroaren eskutik, Euskaldunon Egunkariaren auzian oinarritutako Sisiforen paperak an-tzezlana Gayarre antzokira iritsiko da gaur, 19.00etan. Harkaitz Canok idatzi eta Fernando Bernuések zuzendua, kazetaritzaren ogibidearekiko eta bidegabeki itxitako hedabideei zuzendutako omenaldi bat ere bada obra hau.

Egunkari baten erredakzioan prekaritatea eta desengainua borrokatzen duten eta zehaztasunaren eta egiatasunaren alde erloju kontra borroka-tzen diren bitartean, aginteak hariak mugitzen ditu informazioa kontrolatzen saiatzeko. Egunkaria auzian oinarrituta, Harkaitz Canok kazetaritza eta bidegabe itxi dituzten hedabide guztiak omendu nahi izan ditu antzezlanaren bitartez.

Egileek gogoratu duten bezala, 2003an itxi zuten Euskaldunon Egunkaria, hain zuzen Bernués berari Musikaren Sarien emanaldia zuzen-tzea egokitu zitzaionean. Askok gogoratuko duten bezala, kanturik onenaren saria jasotzera altxatu zen Fermin Muguruza musikari irundarra, eta, hedabidearen itxiera salatu zuenean, txistuka hasi zitzaion publikoa. Une horretan erabaki omen zuen Bernuések gaiari buruzko zerbait eginen zuela. Duela bost urte iritsi zitzaion aukera eta Harkaitz Canorengana jo zuen horretarako. Iragarritako itxialdi baten kronika idaztea egokitu zaio, eta aitortu duenez gertakariak "antzerkira eramateko trikimailua" aurkitzea izan da zailena haren-tzat: "Aurrera eta albo batera egin dut, ez da kronika bat, fikzioa gehitu diot errelatoari". Hala, "idatzizko kazetaritzari omenaldia"egin nahi izan dio Canok, eta ogibidearen baitan topatu du antzezlana mugiararazten duen hipotesia: "Zer gertatzen da kazetari bat, zeinaren lana galderak egitea den, galdekatua denean?".

Antzezlaneko pertsonaietako batek dioen moduan, egunkari bat "Gerra eta bakea ttipi baten pareko da. Egunero iraungitzen den nobela amaiezina. Mundu kaotikoa, lau zutabe estutara ekarria. Ez da harritzekoa kazetariak bokazioaren zerbitzura egotea, lan ezinezkoa baita haiena: idazkera zehatzaren eta gertaeren egiaren alde setatzen dira erredakzioan, prekarietatearen eta etsipenaren kontra erlojupean borrokan. Bitartean, botereak hariak mugitzen ditu informazioa kontrolatzeko".

Mireia Gabilondo, Anjel Alkain, Joseba Apaolaza, Kepa Errasti, Olaia Gil, Asier Hernandez, Asier Hormaza, Dorleta Urretabizkaia, Iñigo Azpitarte, Alexandru Stanciu eta Iñaki Rikarte aktoreek gorpuztuko dute obra.

Harkaitz Cano Zuzenbidean lizentziaduna da, eta narrazioa, eleberria, poesia, kronikak eta haur eta gazte literatura bezalako generoetan garatu du bere lana. Bere izenburu batzuk honako hauek dira, besteak beste: Fakirraren ahotsa (2019) eta Twist (2011).

Fernando Bernués Zuzendaria, ekoizlea eta eszenografoa. Tanttaka Teatroa eta Tentazioa produkzioen sortzaileetako bat. Antzerkian, zineman eta telebistan lan egin du. Bere azken zuzendaritza lanen artean Rafael Herreroren (2018) Como un viento helado edo Arantza Portabalesen (2019) Deje su mensaje después de la señal daude.

Eguna, ordua eta lekua. Gaur, 19.00etan, Gayarre Antzokian (Iruñea). Emanaldia euskaraz izanen da, gaztelerazko gaintituluekin.

Egilea. Harkaitz Cano.

Zuzendaritza. Fernando Bernués.

Zuzendari ondokoa. Kike Díaz de Rada.

Antzezleak. Anjel Alkain, Iñaki Azpitarte, Kepa Errasti, Mireia Gabilondo/Aizpea Goenaga, Olaia Gil, Asier Hernandez, Asier Hormaza, Iñaki Rikarte, Dorleta Urretabizkaia.

Zuzeneko musika. Ikerne Giménez.

Azken saioa. Antzerki Aroaren azken saioa izanen da gaurkoa. Iruñeko Udalak antolatzen du zikloa, Gayarre Antzokiaren eta Nafarroako Antzerki Eskolaren laguntzarekin.