Cira Crespok idatzi eta Elena Ciordiak ilustratutako Baginen (Txalaparta) lana gailendu da euskarazko kategorian. Bi egileek argi zeukaten liburu honen helburua: emakume batzuen historia berreskuratzea, gure iruditeriako hutsuneak betetzeko, edo betetzen hasteko behintzat.

Zer nolako aldartearekin jaso zenuten sariaren albistea?

-Sorpresa hartu genuen. Gainera, saiakera bati euskarazko saria ematea... Liburua jasotzen ari den erantzunarekin oso pozik eta oso eskertuta sentitzen gara. Saiatu gara zerbait txukuna eta erakargarria egiten, eta ulertuak sentitzen gara.

Epaimahaiak liburu honen “zilegitasuna eta beharra” azpimarratu ditu. Bat egiten du zuen helburuarekin?

-Bai, gure helburua zen historian emakumeek izan duten presentzia mahai gainean jartzea, adibideak emanez, istorio iradokitzaileak kontatuz... Figura batzuk jarri nahi izan ditugu gure imaginarioan. Eta ematen du jendea gustura ari dela irakurtzen. Alde horretatik, egia esan, oso ados gaude epaimahaiak azpimarratu dituen gauzekin. Hori bai, historiaren kontakizun ofiziala asko aldatu behar da oraindik, badago egitekorik oraindik. Euskal Herriko historia ezberdin bat kontatzeko ekarpen ezberdin asko behar ditugu. Historia berriaren eraikin honetan gure liburua harri koxkor eta polit bat da, baina milaka harri behar dira.

Gutxitan onartzen dira liburu ilustratuen balioa eta balorea. Alde horretatik ere, harro egoteko modukoa...

-Bai, asko pozten nau literaturarako presatuta dagoen sari bat gure saiakerari emateak. Harrigarria izan da. Alde batetik, zuk esan duzun moduan, gure liburua ilustratua delako, eta hori, ilustrazioek testuei egiten dioten eraginari aitorpen bat dela iruditzen zaigu. Garrantzia handia daukate liburuaren irudiek guretzat eta pozik gaude, bai. Beste aldean, nik beti esaten dut historiak irabazten duela literatura moduan idazten badugu, eta horixe egin nahi izan dut. Sari honekin, arlo literario hori ere saritua izan dela sentitzen dut eta, beno, oso pozgarria da nire-tzat. Horri gehitzen badiogu nire euskarazko lehen lana izan dela, ba, zer esan!

Urtebete inguruko ibilbidea egin du liburuak plazaratu zenetik. Zer moduzkoa izan da jaso duzuen erantzuna?

-Egia esan, hitz goxoak jaso ditugu liburuaren inguruan. Alde horretatik, esango nuke ezin hobea izan dela erantzuna. Jende mota ezberdin askok irakurri duela ikustea izan da, niretzat, politena: adin guztietakoek, euskara maila askotako jendeak... Hau oso pozgarria da. Beti saiatzen naiz niretzako mamitsuak edo garrantzitsuak diren gaiak modu ulerterrazean idazten, ahal den jende gehienarekin konpartitu ahal izateko, eta testu eta ilustrazio hauekin lortu dugula dirudi.

Historia emakumeen ikuspegitik berridazteko beharra badaukagu?

-Bai beharra badago, dudarik gabe. Orokorrean, errelato ofizialetik kanpo dauden horiek historiagin-tza interesgarriagoa egiten ari dira, esango nuke. Diskurtso historikoa zaharberritzen ari den jendea da. Ijitoen historiaren inguruan gauza oso interegarriak egiten ari dira, adibidez, edo, bere garaian, baita Indiatik zetorren historia egiteko proposamen berritzaileak, edo afroamerikarren historia kontatzeko modua... Zirraragarriak dira egiten diren gauza batzuk. Mundua uler-tzeko eta ezagutzeko modu ederrak daude. Gainera, pertsonalki, soldaduen arteko borrokatxo kontuek edo familia nobleen genealogiek aspertzen naute, asko kostatzen zait datak buruz ikastea... Oso historialiari txarra naiz alde horretatik. Hala ere, ez da hain erraza gauza benetan ezberdinak egitea, markoak oso finkatuta baitaude eta, batzuetan, konturatu gabe, marko horiek erabiltzen jarraitzen dugu. Adibidez, emakumeen kasuan, kontua ez da bakarrik istoria arruntari emakume batzuk gehitzea, baizik eta beste modu batean egitea historia: gertaerak modu ezberdinetan interpretatzea, emakumeek egiten zituzten gauzak baloratu edo historiatik kanpo egon diren subjektuak bilatzea.