Laba egitasmoa diruz laguntzeko azken eguna izanen da gaur

Euskal Sorkuntza erdigunera eramatea da proiektuaren xedea

14.07.2021 | 01:00
Laba proiektuari bultzada emateko kanpainaren irudietako bat.

Borborka dago laba, eztanda egiteko puntuan sumendia Iruñeko bihotzean. Iruñerriko euskal komunitatearen elkargune bat baino askoz ere gehiago izateko asmoarekin sortu den Laba egitasmoa diruz lagun-tzeko azken eguna izanik, bertako kideek proiektuari azken bultzada emateko deialdia egin dute: "Azken txanpan sartu gara eta falta den azken koxka lortzeko guztion laguntza ezinbestekoa izanen da".

Itsulapiko plataforman ireki da egitasmoa crowfunding bidez bultza-tzeko tartea, formatu honetan ohikoa den sistema jarraituz: ordainsari kopuru desberdinak ezarri dira eta horietako bakoitzaren truke hainbat material jasotzeko aukera, tartean Laba espazioan antolatuko diren ekitaldietako sarrerak, poltsak, postalak eta, eskuzabalenentzat, baita Oier Zuñiga artista iruindarrak sortutako lamina bat ere. Motibazio nagusia, alta, morala izanen da. Hain zuzen ere, euskal komunitatea hiriaren bazterretik erdigunera eramanen duen proiektua babestuz, honen parte izatea. Kanpainaren helburua 30.000 euro eskuratzea da, eta artikulu hau idatzi denean 23.260 euro biltzea lortu da. Gauerdira arte egonen da zabalik plataforma.

Laba sarearen kideek azaldu moduan, "Iruñeko euskaldunon komunitatearentzako elkargunea sortzera" doaz, "non eta hiriaren bihotzean, Gazteluko plazan". Izan ere bertan zabalduko ditu ateak elkarguneak, ekitaldi eta ekimen desberdinentzako tarteak eskainiz. Denetara, bost espazio desberdin izanen ditu. Elkargunea izanen da horietako bat, "euskaldunon komunitatearentzako eta harengana hurbildu nahi duten guztientzako" espazioa, kolektiboko kideek azaldu moduan. "Erreferen-tziazko gune bat, elkar topatzeko, elkar ezagutzeko, elkarrekin egiteko, eta berriak batzeko. Elkarrekin izanda, gehiago izateko".

Euskarazko kultur sorkuntza ugari eta kalitatezkoari "dagokion tokia" eman nahi zaio, halaber, eta horretarako Erakusleihoa izeneko tartea egonen da. "Hartu-emanetarako azoka bat, saltoki bat. Erakusleiho bat, begiratu gaitzaten, ikus dezagun". Oholtzan, bestalde, kultur sorkuntza guzti hori taula gainean jartzeko parada eskainiko da: ehundik gora metro karratuko espazioa da, "ehun metro karratu bete kontzertu, hi-tzaldi, liburu aurkezpen, ikastaro, zinema proiekzio, bertso saio, an-tzerki ikuskizun, tailer, dantzaldi, eta inspiraziorako hiru puntu suspentsibo".

"Gozamenetik eraiki nahi dugu euskaldunon gune berria, harremanak sortu eta garatuko diren espazioa izanen baita, edo ez da izanen", azaldu dute kideek. Hala, horretarako zabaldu da Kafetegia espazioa, aldi berean bi espazio izanen dituena: "Arkupeak babestua bata, terrazakoa bestea. Elkartu eta elkarrekin urratsak ematen jarraitzeko gune bat, egongela bat Iruñeko egongelan". Labak "amesteko, proiektu berriak gauzatzeko sare zabal bat" izan nahi du, eta horretarako zabaldu da Laborategia espazioa ere: "Eguneroko beharretatik hasita ideiarik zoroenetaraino; esperimentatu eta egin, erori eta berriro altxa, ikasi eta egin".

Iruñerriko lurpean jada existitzen zen mugimendu bat azaleratzeko abiatu zen Laba duela bi hilabete eskas, Leire Ubani kolektiboko kideak Ortzadar gehigarrian eskainitako elkarrizketa batean azaldu moduan: "Edozein arlotan arituta euskara beti egon da bazterrean Iruñean, oso gune gutxitan eta sakabanatuta. Baina euskaraz bizi daitekeela eta bizi garela erakusteko eta bazterrekoa erdigunera ekartzeko beharra sentitu dugu". Euskal kulturaren alorreko mugimendu horri toki fisiko bat emateko beharra zegoen, baita toki hori hiriaren bihotzean ezartzekoa ere. "Hori da energia honek batu eta lokal horretara eraman gaituena".

Sinbolikoki lekuak ere badu bere azalpena: euskara bazterretik erdigunera eramatea, "ikusgarri, entzungarri, erakargarri eta eskuragarri bilakatzea". Hala ere, nabarmendu dutenez, espaziotik harago doa Labaren jomuga: irradiazio gune izan nahi du, proiektu berrietarako abiapuntu eta harremanetarako aitzaki. "Bildu gai-tzala, baina batez ere zabaldu. Krater bat irekitzera goaz, barreiatu dadin euskara hiri osora". Eztanda egiteko unea iritsi da, bada.

noticias de noticiasdenavarra