Fantasiazko etorkizun posibleak marraztea errealitate garaikideari buruz hausnartzeko eta mundu ikuskera berriak eskain-tzeko. Horixe zen Ursula K. Le Guinen literaturaren helburua. Zien-tzia fikzioa bigarren mailako literaturaren kutxatik atera eta mundua eraldatzeko tresna bezala aldarrikatu zuen. Baita ongi aldarrikatu ere, 1970eko hamarkadatik aurrera literaturako ahots indartsuenetako batean bilakatu baitzen. Gizonezkoak nagusi ziren literatura alorrean, sexualitateaz, emakumeen eskubideez, generoaren arrakalez, antibelizismoaz edo ekologismoaz hitz egin zuen bere eleberrietan. Etengabeko talkan zeuden zibilizazioak asmatu zituen, garaiko (eta egungo) gizartearen balio moralak kinkan jartzeko. Fantasia arma bilakatu zuen.

Denetara, 20 bat eleberri, 100 istorio laburretik gora, poesia, haur literatura, hainbat saiakera lan eta literatur kritika plazaratu zituen bere ibilbide oparoan. Orain, Igela argitaletxeak lehenengoz euskara ekarri du bere Ekumen saileko eleberrietako bat, Oihan hitzean mundua izenburupean, Amaia Apalauzaren itzulpenarekin. Le Guinen unibertso poetiko, estetiko eta distopikoan sartzeko gonbidapen tentagarria, ohar ezinbesteko bat beharko lukeena: behin barrenean, ez duzu bertatik atera nahi izango.

Lehenengo aldia da Ursula K. Le Guinen eleberri bat euskaratzen dela. Zorionekoak, zientzia fikzioaren jarraitzaileak.

-Bai, izan ere, zientzia fikzioaren generoan maistra, erregina izan zen. Eta ez bakarrik zientzia fikzioan, goi mailako literaturan, oro har. Bagenuen hutsune hori euskaraz eta orain eman dugu urratsa.

Unibertso zabal bat asmatu zuen egileak, zibilizazio berriak, gizarte sistemak, baita hitz berriak ere. Zaila izan da guzti hori euskarara ekartzea?

-Oso unibertso berezia da eta, egia esan, uste baino zailago suertatu zait euskaratzea. Alde batetik, unibertso erraldoi horretan sartu behar izan dudalako eta, bestetik, hizkun-tza aldetik ere, prosa oso konplexua ez den arren, oso aberatsa delako: erritmo handikoa eta oso poetikoa, lirikoa da. Ardura sentitu dut, gai ote izango nintzen jatorrizkoaren doinuari heltzeko. Bestalde, erregistro askoko liburu bat da: lagun arteko elkarrizketak, hitz jokoak edo errimak... Saiatu naiz, eta espero dut lortu izana, erregistro guzti horiek ongi bereizten.

‘Oihan hitzean mundua’-n eleberrian, zehazki, zer nolako mundua aurkezten zaigu?

-Liburu hau Hainish edo Ekumen zikloko liburuen artean kokatzen da. Berak asmatutako planeten arteko federazio moduko bat Ekumen. Ziklo horretako liburuetan harremanetan jartzen ditu federazio horretako planeta desberdinak. Kasu honetan ere, federazio horretako bi planeta ditugu kontakizunaren erdigunean: Terra eta Athshe. Batak bestea kolonizatzen du -lehenak bigarrena- eta bien artean sor-tzen den talkaren ondorioz gauza jakin batzuk gertatzen dira. Hortxe mamitzen da liburua.

Leire Urbeltzek egindako azalean athshetarren zibilizazioko izaki horietako bat agertzen zaigu: gorputza ile berdez estalita daukan izaki txikia. Nortzuk dira athshetarrak edo, eleberrian deitzen zaien bezala, “izankiak”?

-Zibilizazio bakezale bat da, indarkeria zer den ez dakiena. Fisikoki, zuk erran bezala, txikitxoak dira eta gorputza ile berdez estalia dute. Naturarekin bat eginda bizi dira, oihanarekin, eta hori, nolabait, beren mundu ikuskeran islatzen da, baita hizkuntzan ere. Beste berezitasun bat, ametsen mundua eta denbora mundua bereizten dutela da. Gai dira esna amesteko eta, are gehiago, bizi guztia pasatzen dute ameslari handiak izateko trebatzen.

Mundu distopiko honetan, zein lekutan jartzen du gizakia Ursula K. Le Guinek?

-Egileak ez du balorazio zehatzik egiten, baina bi mundu ikuskera erakusten dizkigu. Bata, izanki dei-tzen dien izaki berde horiena, utopikoa izanen litzateke. Eta bestea, terratarrena, mundu utopiko hori haustera datorrena, garai neoliberal kapitalistarekin lotutakoa. Terrak bestea kolonizatzearen ondorioz sortzen dira gatazkak.

Etorkizunean kokatutako distopia bat izan arren, egungo gaiez solas egiten digu egileak lan honetan. Argiena, ekologismoarena.

-Bai, hain zuzen distopia ekologiko bat bezala aurkeztu izan da liburu hau. Krisi ekologikoa handi baten berri ematen du. Etorkizunean kokatutako fikziozko mundu bat den arren, gure gatazka moralez jarduten du Ursula K. Le Guinek. Azken urteotako arazo bati heltzen dio, horri buruz espekulatzeko erabiltzen du fikzioa, bestelako alternatiba batzuk irudikatzeko eta gaiari bestelako ikuspuntu batetik begiratzeko.

Antimilitarismoa ere oso presente dago lan honetan. Zerikusia du 60ko hamarkada bukaeran, Vietnameko gerraren kontrako aldarria gori-gorian zegoenean idatzi izanak?

-Juxtu garai hartan idatzi zuen. Estatu Batuetatik Londresera joan zen bizitzera eta, bi hirietan, oso aktiboki parte hartu zuen Vietnamgo gerraren aurkako protestaldietan. Giro horretan idatzi zuen eleberri hau eta etengabe egiten dio erreferentzia. Abiapuntua, hasteko, herri batek beste bat inbaditzen duela da: herria kolonizatu eta herritarrak esklabu hartzen dituena. Ondoren ere keinuak etengabeak dira. Esate baterako, terratarrak, estatubatuar soldaduak bezala, garai hartan oso ezagunak ziren helikoptero arin batzuetan ibiltzen dira. Halaber, terratarrek aluzinogenoak kontsumitu eta izankiak erretzen dituzte, Vietnamgo gerran ezaguna egin zen napalm delakoa gogoratzen digun produktu batekin. Gerrari egiten dion keinuagatik, eleberri hau mezu antibelizistarekin lotu izan da, nahiz eta ez izan eleberriko gai bakarra.

Nahiz eta beste eleberritan akaso nabarmenagoa izan, jada lan honetan azpimarragarria da egileak emakumezko rolei ematen dion lekua, ezta? Zer nolako emakumeak aurkezten dizkigu?

-Sexualitatea eta generoa Ursula K. Leguinen eleberri askotan agertzen zaizkigun gaiak dira, batez ere The left hand of Darkness-etik aurrera. Ordura arte zientzia fikzioan agertu ez ziren planteamendu berri ba-tzuk agertu zituen. Emakumeen eta sexualitatearen gaiei begiratzeko modu berri bat aurkeztu zuen. Liburu honetan hain nabarmena ez den arren, emakumeen rol berri bat agertzen da jada, athshetarren gizarte hori matriarkala delako: hierarkiarik gabeko gizarte bat izan arren, emakumeek hartzen dituzte erabaki nagusiak. Oreka bat badago generoen artean. Terratarren artean, aldiz, pertsonaia matxista eta misoginoak aurkezten zaizkigu. Orokorrean, terratarrek objektu sexualtzat hartzen dituzte emakumeak. Horrek, emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko gogoeta bat dakar.

Zerbaitegatik lotzen da K. Le Guinen literatura feminismoarekin, ezta?

-Bai, zientzia fikzioaren barrenean adar ugari daude eta horietako bat zientzia fikzio feminista da. Ursula K. Le Guin, beste egile batzuekin batera, aitzindaria izan zen genero honetan. 1970eko hamarkada bitartean egiten zen zientzia fikzioa gehienbat gizon zuriek idatzitakoa zen eta protagonistak ere gizonezkoak ziren gehienbat. Emakumeak bigarren mailako pertsonaiak ziren. Emakumezko idazle talde berri honek, aldiz, buelta eman zion horri eta hasi ziren ez bakarrik emakumeak lehen lerrora ekartzen, baizik eta generoaren gaiaren kode zaharrak apurtu eta beste ikuskerak eskaintzen.

Haustura bat eragin zuten euren lanek zientzia fikziozko literaturan, eta literaturan orokorrean?

-Bai, erabateko haustura eragin zuen. Ordura arteko zientzia fikzioa abentura espazialak eta robotak ziren, sakontasun handirik gabeko istorioak. Entretenimendua zuen helburu bakarra. Ursula K. Le Guinek eta bere garaiko beste egile ba-tzuek aldarrikatzen zuten zientzia fikzioa oso tresna ona zela, onena, gure gatazka moralei eta garaiko arazoei heltzeko. Beste ikuspuntu bat emateko, betiere espekulatuz, mundu berriak sortuz eta etorkizunean kokaturiko historiak asmatuz, errealitate garaikideari alternatibak eskaintzeko asmoz.

Mundu hobeago bat irudikatzeko baliatu zuen literatura?

-Hori zen bere aldarrikapen nagusia. Bere hitzaldi eta elkarrizketetan beti kritikatu zuen zientzia fikzioa azpi-literaturatzat hartzea edo genero guztiz ebasibotzat hartzea. Berak, bestelako errealitate eta alternatiba batzuk irudikatzeko eta asmatzeko tresna onena bezala aldarrikatu zuen generoa. Fikzio errealista kritikatzen zuen, beretzat tresna askoz ere hobea zelako irudimena. Eta irudimena ez soilik entretenitzeko edo haurrak fantasiazko mundu batera eramateko, baizik eta gai sakonez eta potoloez hitz egiteko.

Gaur egungo testuinguruan oraindik ere zer erran badu bere literaturak, beraz?

-Are gehiago, esango nuke inoiz baino beharrezkoagoa dela bere lanen irakurketa gaur egun. Azken urteotan bizitzen ari garen egoeragatik, larrialdi klimatikoa eta krisi humanitarioa tartean, uste dut sekula baino egokiagoa dela liburu hau irakurtzea, ongi datorkigula gertatzen ari zaiguna ulertzeko edo behintzat gaiari heltzeko.

Behin Ursula K. Le Guinen munduan murgildu zarela, zaila suertatuko zaizu bertatik ateratzea...

-Eta gainera ez dut atera nahi, bere unibertsoa hain da aberatsa eta liluragarria...

Euskaraz irakurtzeko aukera gehiago izanen ditugu?

-Bai, dagoeneko Igelak iragarri du datorren urtean Iluntasunaren ezker eskua (The left hand of the Darkness) euskaratuko duela. Eta ez dadila haria moztu, izan ere, asko idatzi zuen eta asko dago irakur-tzeko.