- Txalaparta argitaletxeak Massimo Carlotto idazle italiarraren Arrivederci amore, ciao eleberriaren itzulpena aurkeztu zuen ostegunean, Iruñeko Karrikiri dendan. Koldo Bigurik Agur maitea, ikusi arte izenburupean euskaratutako eleberri beltzak Italiako errealitate sozial, politiko eta ekonomikoaren ustelekeria du testuinguru eta mintzagai. Egileak berak bideo-dei bidez azaldu moduan, "italiar eleberri beltzaren funtzioetako bat da krimen antolatuaren irudi erromantikoa haustea", eta hartara doa duela 20 urte plazaratu zuen eleberria. Biguriren itzulpena (H)ilbeltza eleberri beltzaren literatura zikloak urtero eskaintzen duen bekaren eskutik iritsi da.

Eleberriak Giorgio Pellegrini ezker muturreko militante ohia du protagonista nagusi. Bigurik berak deskribatu bezala "kabroi hutsa den pertsonaia bat" da Pellegrini, zenbait urtez Hego Ameriketan erbestean igaro ondoren Italiara itzuli eta, espetxea saihesteko, garai batean kamaradak zituen horiek saldu eta krimen antolatuarekin harremanetan sartzen dena. "Berak irabazle bat izan nahi du, goi mailako klase sozialean egon nahi du". Eta horretarako edozer gauza egiteko prest agertuko den "pertsona amoral" bezala agertuko zaigu protagonista, Carlottok berak gehitu moduan.

Agur, maitea, ikusi arte-n krimena "aitzakia bat" da, "italiar gizartearen botere ustelkeria agerian utzi eta salatzeko". Azpijokoak baliatuta gizartean gora egin nahi duen protagonistaren bitartez, egileak Italia garaikidearen kritika sozial gogorra egiten du. "Fikzioa da, baina errealitatean oinarrituta dago, guztiz". Plazaratu zenean, 2001ean, "trauma bat" eragin zuen irakurleen artean eta "eztabaida bat piztu zuen ustelkeriaren inguruan". Izan ere Veneto eskualdean kokatzen da, Italia iparraldean, hain zuzen leku "garbi eta aurrerakoienetako" batentzat hartzen den eremuan, eta agerian uzten du mafia eta krimen antolatua herrialde osoan zabalduta dagoen ustelkeria sistemiko bat dela. "Lekukoa zen mafia, orokorragoa zela ikusi zuten irakurleek".

Carlottoren eleberria Edgar Allan Poe sari erranguratsuetarako hautagai izan zen, eta zinemara zein komikira eraman izan dute. Orain, lehenengoz euskaraz irakurtzeko parada eskaini du Txalapartak, Euskal Herrian literatura beltza sustatzeko IV. (H)ilbeltza bekaren eskutik.

Massimo Carlotto italiar eleberri beltzeko idazle erranguratsuenetako eta irakurrienetako bat da gaur egun. Autobiografikotik ezer ez duten arren, bere biografiari lotuta ageri dira bere eleberriak. Lotta Continua (LC) antolakunde komunistako militantea 1970eko hamarkadan, 19 urte bertzerik ez zituela emakume baten hilketa egotzi eta urtebete eman zuen espetxean epaiketaren zain. Italiako berunezko urteak ziren, eta haren kontrako jazarpen politikoa gertatzen ari zela salatzen hsai zen. Auzi luze eta korapilar-tsu baten ondoren, 18 urteko kar-tzela zigorra ezarri zioten, baina Frantziara lehenik, eta Latinoamerikara gero, ihes egiteko aukera izan zuen. 2004Ean berreskuratu zituen bere eskubide zibil eta politiko guztiak.

Gaur egun, nobela beltzaren egilerik ospetsuenetako bat da. Hainbat sari irabazi ditu genero honen eskutik Italian, Frantzian eta Ameriketako Estatu Batuetan.