- Datorren astelehenean (martxoak 21) ospatzen den Poesiaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, hainbat dira datozen egunetarako Iruñean aurreikusi diren diziplina anitzetako programa eta emanaldiak, betiere olerkiaren bueltan arituko direnak.

Karrikiri Elkarteak, bere aldetik, emanaldi bikoitza antolatu du. Bihar eskainiko da lehenengoa, Iruñeko Kondestable aretoan Hedoi Etxarteren Sortaldekoak olerki liburuaren bueltan antolatu den kontzertu errezitaldi berezia. Egileak berak azaldu moduan, Broken Brother taldeak lagunduta abiatuko da ikuskizuna: "Hamalau piezako kontzertu errezitaldi bat izango da. Oholtzan bedera-tzi lagun egongo gara, eta dozena erdi bat abesti joko dituzte Broken Brothers taldekoek. Ondoren, Sortaldekoak liburuko pieza batzuk irakurriko ditugu, eta jasoko ditugu liburuaren inguruan egindako ikus-entzunezkoetako abestiak". Errezitaldi formatua Xabier Erkizia musikariak lagunduta eskainiko da, poesia eta soinuak uztartuz. Memoria pertsonala, memoria kolektiboa eta natura izango dira, liburuan bezala, hizpide emanaldian ere. Ekitaldia 12:30ean izango da, Kondestableko patioan.

Hurrengo egunean, astelehenean, Castillo Suarezen Elurra elurraren gainean liburua aurkeztuko da Karrikirin, arratsaldeko 19:30ean. Antola-tzaileek azaldu bezala, 14 poemez osatutako liburua ilustratua da. "Poemak garai ezberdinetan egindakoak dira, eta guztiek ere badute ezaugarri komun bat: enkarguz egindako olerkiak dira, norbaiten omenez edo ekitaldi publikoren batean irakur-tzeko egindakoak". Edizioa luxuzkoa da, azal gogorrekoa, eta Txakur Gorria kolektiboak ilustratu ditu poemak. Euskarazko testua nagusi bada ere, edizioa elebiduna da, poema guztien itzulpena Fernando Reyk egin baitu. "Bereziak dira poemak pertsona esanguratsuei eskainiak diren aldetik, edo Euskal Herrian sinbologia handiko ekitaldietan plazaratuak izan direlako. Testu xumeak baina, aldi berean, iradokitzaile bezain sakonak". Reyk berak argitu moduan, "ohi bezalako begiratu erne eta sakonarekin marraztu ditu egileak pertsona ba-tzuen bizitza eta balioak, erakunde batzuen fruitua eta lana, haiek denek, elurrak bezala, arrasto ezin ezabatuzkoa uzten baitigute emeki-emeki gure ibilaldian pausatzen direnean, gure existentzia marka-tzen dutenean."

Iruñeko Udalak ere bat egin nahi izan du Poesiaren Nazioarteko Egunarekin, aste osoan zehar Civivoxetan eskainiko den programazio zabalarekin. Bihar, igandea, an-tzerkiaren txanda izango da. Iluna Producciones taldeak, Miguel Goikoetxandiaren zuzendaritzapean, Con los ojos abiertos obra eskainiko du Iturramako Civivoxean. David Larreak eta Goikoetxandiak berak antzeztuko dute Miguel Hernández poetaren bizitza eta pasioetan murgiltzen den obra. Haren gutun, testigantza, biografia eta dokumenten bitartez Hernandezen bizitza eraikitzen joango da. Ibilbide horretan, herriko lagunekin eta literaturako beste pertsonaiekin aurkituko da, baina baita gartzelero eta epaileekin ere. 18 urtetik gorako publikoari zuzendutako obra 19:00etan hasiko da eta sarrerak 3 eurotan salduko dira.

Datorren astean zehar, errezitaldi eta topaketekin segituko du aurrera programazioak. Astelehenean Itzalak elurretan errezitaldia eskainiko da, Iosune de Goñi idazlearen azken obrak eta Leire Alonsoren musika uztartzen dituen emanaldia. Bi garaien arteko, bi sortzaileen arteko eta bi hizkuntzen arteko elkarrizketa izateko asmoa du ikuskizunak. Hi-tzordua Kondestableko Civivoxean izanen da, 19:00etan, eta sarrera doakoa da, aurretik izena eman beharko bada ere.

Asteartean eta asteazkenean, hurrenez hurren, Toño Benavides eta Lierni Azkagorta Ruiz de Egino poetekin topaketak aurreikusi dira, Kondestablean, arratsaldeko 19:00etan. Lehenengoaren kasuan, Escribir imagenes. Dibujar poemas izenburupean, adierazpen poetikoaren eta literatura ilustrazioaren arteko lotura aztertuko da. Azkagortak, bere aldetik, Pandemi(ar)en eragina poesian izenburupean, osasun krisiek poesiaren sorkuntzan duten eragina izanen du mintzagai.

1999an UNESCOk hala ezarri zuenetik, martxoaren 21ean ospatzen da Poesiaren Nazioarteko Eguna, hizkuntzen aniztasuna bultzatzeko eta arriskuan dauden hizkuntzei aukera emateko beren komunitateetan komunikazio artistikorako bide izateko. Gainera, egun honen ospakizunarekin poesiaren irakaskuntza sustatu nahi da, poesia-errezitaldien ahozko tradizioa sustatu, argitaletxe txikiei lagundu, komunikabideetan poesiaren irudi erakargarria sortu eta poesiaren eta gainerako arte-adierazpenen arteko lotura berrezarri, hala nola antzerkia, dantza, musika eta pintura.