Iban Illarramendi eta Eider Perez egileek irabazi dute haurrentzako album ilustratuak plazaratzea helburu duen Etxepare sariketaren XVI. edizioa, Kiratsa albumarekin. 35 lanen artean aukeratu du epaimahaiak, eta udazkenean plazaratuko da Pamielaren eskutik.

Ñimi kukuso edo arkakuso baten abenturak ditu ardatz liburuak eta usain onei eta txarrei buruzko gogoeta plazaratzen du: zer den usain, zer lurrin, zer kirats… Kukusoa Pantxi txakur dotorearengana iritsi da eta biak, triska, zapart eta jauzi, usain bila abiatuko dira.

Miren Asiain ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak osatutako epamahaiak testua “album baterako ezin hobekia” dela nabarmendu dute. “Laburra, errimaduna, aberatsa eta onomatopeietan oinarritua. Ezin aproposagoa errezita-tzeko eta dibertitzeko. Ilustrazioak dotoreak dira, sofistikatuak —hainbat oihartzun eskaintzen dute, hala nola René Magritteren zeruenak— eta, batez ere oso narratiboak eta musikaltasunez beteak”.

Horretaz gain, testuaren eta ilustrazioen arteko uztarketa “goi mailakoa” dela ere azpimarratu dute. “Esan daiteke idazle-ilustratzaileek album, ilustratu, jostagarria eta harmonikoa lortu dutela, irakurleentzako benetako oparia, behin eta berriro irakurtzeko eta usain-tzeko gogoa emanen duena”.

Egileak

Iban Illarramendi Echabe (1973, Zarautz) ilustratzailea eta diseinatzaile grafikoa da. Argitaletxeen eta publizitatearen munduan egiten du lan batez ere. Euskarri ugaritarako egiten ditu ilustrazioak; kartelak, skate-oholak, erakusleihoak, diskoen azalak edo arropa. Gainera, ilustrazio esperimentaleko tailerrak ematen ditu haurrentzat, eta hainbat erakusketa indibidual eta kolektibo egin ditu.Bere sorkuntza-unibertsoa natura, itsasoa eta euskal sustraietan inspiratua dago. Orbanetik eta lerrotik abiatzen da beti, eta gama kromatiko murriztua erabiltzea gustatzen zaio. Teknika mistoak —analogikoak eta digitalak— erabiltzen ditu eta lettering-ak ere badu tokia bere jardunean.

Eider Perez Adeletx (1995, Pasaia Trintxerpe) idazlea da. Hainbat testu argitaratu ditu Lekore aldizkarian, Txakur Gorria sormen kolektiboaren talde-lanetan eta zenbait literatur sariketen bildumetan. Hitzen uberan literatur webgunean, Oarsoaldeko hitzan eta Izotzetan islatuak: euskal idazle gazteen bilduma (Liberoamerika, 2020) antologian kolaboratu du besteak beste. 2021ean Alamedako dantzaldia liburua argitaratu zuen Eztena jaialdiko liburu-bilduman. Autobiographikal poesia errezitaldi dramatizatua sortu zuen Ane Zubeldiarekin batera eta Andre eta Jabe euskal emakume poeten ibilbideari buruzko ikuskizuna egin zuten gero Leire Etxezarreta musikariak eta berak elkarlanean. Aurkezle, gidoigile eta sormen-irakasle lanetan aritu izan da eta irudimenaren munduan murgilduta lan egiten du geroztik.

Sariketa

Etxepare saria Nafarroako 22 toki entitatek, haien euskara zerbitzuen bidez, antolatzen dute, Pamiela argitaletxearen eta Galtzagorri elkartearen laguntzarekin, eta Nafarroako Gobernuaren babespean. Sari honen hazia —album ilustratuak euskaraz sortzeko eta argitaratzeko xedearekin— 2004an erein bazen ere, esan daiteke egungo egoera aldatu dela, sariketaren antolatzaileek nabarmendu bezala: “Izan ere, garai hartan ikusitako beharra, hutsunea, ez da hain nabarmena. Zer esanik ez Pamiela argitaletxetik, Kalandraka argitaletxearekin batera arituta, jasotzen dugun uztari dagokionez. Aurtengoarekin dagoeneko 16 izango baitira album ilustratu sarituak eta argitaratuak euskaraz, sari hau dela medio. Guztiak ere kalitate handikoak”.

Hala, literatura lehiaketen alorrean erreferentzia izanen zen saria sortzeko xedearekin jaio bazen ere, Etxepare saria, hemendik aurrera —aurrekoaz gain—, hertsiki lotuta dagoen beste lan bati helduko dio, aditzera eman dutenez: kulturak duen funtzio linguistikoan sakondu.