“ETA dagoen artean, eta izorratzen ez banauzu, zin dagizut lan finkoa izango duzula”. Zinismoz beteriko hitz horiek harriduraz hartuko ditu Mikelek, Salto komikiko protagonistak. Valentzian bizi arren, andaluziarra da jaiotzez. Estatuaren hegoaldeko beroa utzita, Iruñera bidaiatuko du, bizkartzain gisa lan egiteko asmoz. 2006. urtean gaude, ETA oraindik indarrean dago. 

Mark Bellido andaluziarraren autofikziozko gidoiari Judith Vanistendael Flandriako ilustratzaileak marrazkiak gehitu zizkionean jaio zen 2016an Herbeheretan Éditions du Lombardek argitaratutako Mikel komikia. Hiru urte geroago, Astiberri euskal argitaletxeak Salto izenburuarekin ekarri zuen Estatura, euskaraz zein gaztelaniaz. Miquelen istorioa kontatzen du –Euskal Herrira iristean Mikel grafia hartzen du–, Bellidoren alter ego moduko bat. 

Idazlearen blokeoa gainditze aldera, ETAren indarkeria lehen pertsonan ezagutzeko eta hari buruz idazteko, Mediterraneoko kostaldean gozoki saltzaile bezala zuen bizitza erraza-edo alde batera utzi, eta Leitzarango herri bateko UPNko alkate baten zaintzan aritzea erabakitzen du, segurtasun arloko enpresa pribatu baten bitartez. “Gaiztoek ez badute laster zerbait egiten, guztiok langabeziara”, esaten dio enpresako jabeak Mikeli, azken horren haserrea eraginez. Lau urtez bizkartzain gisa aritu ostean, 2010an, Bellidok berak, egun batetik bestera, lana utzi, eta Done Jakue bidea egiten ari zela ezagutu zuen Vanistendael. Bizipenak elkartrukatu ondoren, idatzita zuen liburua flandriarrak marraztuko zuen komiki-gidoira moldatu zuen.

Ankerkeriaz beteriko euskal gizartea da Bellido idazle eta fotokazetariak islatzen duena: segurtasun enpresen zinismo ekonomikotik hasi, besteen askatasuna bermatzeko haien askatasuna galtzen duten gizabanako paranoikoetatik pasa eta, zeharka bada ere, indarkeria estrukturalaren nahitaezko eragileei buruzko erretratua egin du. Helburu hori ez badu ere, azken finean, deshumanizazioaren bidean dagoen gizarte kontraesankor baten testigantza jaso du. Ezer ulertzen ez duen hasiberri trakets baten papera egiten du Mikelek, euskal gatazkan iaioa ez den irakurlearen ispilu.

Horrek, komikian zehar erabilitako hainbat osagai surrealistek lagunduta, gertakarien seriotasuna tonu arinez hartzea ahalbidetzen du. Arintasun horretan ulertu behar da Saltoren proposamen estetikoa. Hain zuzen ere, Vanistendaelek haur-zirriborroen itxura-estetika baten aldeko apustua egiten du. Garaiaren izaera likidoa nabarmentzeko asmoarekin, gainera, urmargo eta kolorezko arkatzen teknika hedakorrak tinta beltzen soiltasunarekin eusten saiatu da, zenbaitetan, arkatzek eta margoek orrialde osoak hartzen dituzten arren. 

Euskal Herri euritsua

Salto, bereziki, Iruñean eta Leitzaran bailaran kokatuta dago. Donostia eta Nafarroako hegoaldea ere agertzen dira, tarteka. Hori bai, Bellidoren gidoian eta Vanistendael irudietan, Euskal Herrian euria ari du beti. Garai horretan, horrela zen behintzat. Bizkartzainen lanean, ordea, aterkiak oztopoa besterik ez dira. Paradoxikoa, dudarik gabe, Vanistendaelek aingeru zaindariak bailiran margotutako horiek baitira ETAren indarkeriaren eta zainpekoaren artean ireki daitezkeen aterki bakarrak. 

Urte luzez, Euskal Herriko klima grisaren metaforari tiraka, flandriarraren kolore paleta hotzek, atmosferaren pisua transmititzen dute. Valentzian girotutako lehen atalen gorri, hori eta laranjek, gerora Nafarroan etorriko diren beltz, urdin, berde eta grisekin batera, erakutsi egiten dute koloreen izaera emozionala. Hasierako eszena jendetsu, oihukari eta, azalean behintzat, zoriontsuek, bakartasunari eta isiltasunari bidea ematen diote, bizkartzainaren patuaren galbidean. “Beldurra, zirimiri honen antzera, beti dago hor, eta hain denez arina ahaztu egiten duzu. Harik eta blaitzen zaituen arte, belakien antzera, eta arnastu egiten duzu, barruan duzu... eta dena usteltzen du”, dio Mikelek, komikiaren amaieran. Baina bera ez da mehatxuen beldur, heriotzara kondenatu zuten terroristek baino lehenago tiro egingo duela promesten du. Nola? Hitzarekin, bera bizkartzaina baino, “idazlea” da eta.