Iruñeko Udalak dagoeneko plazaratu du Egile Berriendako euskarazko XXXII. Literatur Lehiaketako lan saridunak biltzen dituen liburua. Joan zen astean poesia modalitatean nagusitutako Ventura Ruiz, Rakel Pardo eta Malen Alzuart izan baziren aurkezpeneko protagonista, astearte honetan narrazio laburreko kategorian lehenengo sariak eraman dituzten Joxe Aldasoro irakaslea, Iker Tubia kazetaria eta Ainara Tirapu itzultzailea izan ziren Karrikiri dendan ospatutako aurkezpenean parte hartu zutenak, Maddi Ane Txoperen kazetariak gidatutako saioan. Nafarroako euskarazko literaturgintza sustatzea helburu duen lehiaketaren edizio honetako epaimahaia Amaia Apalauza itzultzaileak, Angel Erro idazleak eta Jon Alonso itzultzaileak eta idazleak osatu dute.

Aldasororen Biyer egueldi narrazioa izan da lehenengo saritua, torturaren gaia hizpide duen kontakizuna. “Torturatuaren oinazea bosgarren mailakoa dela uste dut”, argitu zuen egileak. “Hemen mundu guztiak zekien tortura gauza sistematiko bat zela eta ia inor ez zuen ezer egin”. Hala, Juan Kruz protagonistaren pentsamendu eta hausnarketei jarraiki eraikitako narrazioa osatu du Aldasorok, hurbiletik ezagututako esperientzietan oinarrituta. “Torturaren ondorioak islatzen saiatu naiz, nola gelditzen den torturatua eta nola gelditzen diren bere ingurukoak”.

Bigarren sariduna izandako Tubiaren Puxika baten puskak narrazioan hiru dira uztartzen diren ahotsak, bere kazetari senari jarraiki interesekoak suertatu zaizkion bi gairen inguruan mintzatzeko baliatu dituenak: Glovo banaketa enpresako langileen prekarietatea eta emakumeek jasaten dituzten sexu-erasoak. Hiru egunez garatzen den kontakizunean, pertsonaia bakoitzak hartzen dituen erabakiak eragina izango dute beste pertsonaiengan. “2018an Glovoko langile bat hil zen Bartzelonan, eta asko inpaktatu ninduen”, argitu zuen kazetariak. Hala, hurrengo urtean hasi zen orain saria irabazi duen errelatoa idazten eta, bukatu ez bazuen ere, bere lanean gaia jorra-tzen jarraitu izan du ordutik hona. “Sexu erasoei dagokionez, zoritarrez, ez dut ezer asmatu behar izan”, adierazi zuen Tubiak, “inguruan ditudan emakumezko lagunei gertatzen zaizkien gauzak dira”.

Tirapuk Ñiki, ñiki lanarekin eskuratu du hirugarren saria, amatasuna eta edoskitzea mintzagai dituen narrazio motza. Bertan, “bizipen pertsonalen eta ingurukoen bizipenak” jaso ditu egileak, asteartean Karrikirin azaldu zuen moduan. “Heroi bat sortu nahi nuen, baina ez heroi esaten dugunean bururatzen zaigun hori. Emakume heroi bat sortu nahi nuen, eguneroko ekintzetan jarduten duena”. Tirapuk adierazi zuenez, istorioak ez du “epika handi bat”, baina “amek egiten dugun lan ikusezin guzti hori aitortzen digu”.

Egile berriendako literatur lehiaketaren edizio honetan 18 lan aurkeztu dira denetara, 9 poesia atalean eta 9 narrazio laburrean. Aipatu lanez gain, epaimahaiak hiru aipamen berezi eman dizkie Itziar Aguirre Sagasetari Sartu ez dena ezin atera lanagatik; Iñigo Satrustegi Andrési Nire-nirea dudan zu-hura-gu-zuek-haiek bat lanagatik, eta Odei Ruiz Sarriasi, Ilaunak lanagatik.

SARITUTAKO LANAK

  • Narrazio laburra. `Biyer egueldi’, Joxe Aldasoro (1go. saria); `Puxika baten puskak’, Iker Tubia (2. saria); eta ‘Ñiki, ñiki’, Ainara Tirapu (3. saria)
  • Olerkia. ‘Heriotza likidoa’, Ventura Ruiz (1go. saria); ‘Poesia kabi eta hilobi’, Rakel Pardo (2. saria); eta ‘Bazaren heinean paradoxa zara’, Malen Alzuart (3. saria). Aipamen bereziak: ‘Sartu ez dena ezin atera’, Itziar Aguirre; ‘Nire-nirea dudan zu-hura-gu-zuek-haiek bat’, Iñigo Satrustegi; eta ‘Ilaunak, Odei Ruiz.