Aldaketa handienak, ba-tzuetan, konturatu gabe ematen dira. Hitz bat, mugimendu bat, keinu bat aski izan daiteke oharkabeko pitzadura txiki bat eragiteko, txikia izanagatik ere atzera bueltarik ez duena. Arrakala horretan kokatzen dira, hain zuzen ere, Garazi Arrulak Lurraz beste ipuin bilduman eraiki dituen pertsonaiak. Zortzi ipuin eta zortzi unibertso, erantzunak baino galderak eragiten dituztenak. Zer gertatzen da heldulekurik gabe gelditzen garenean? Zer, oin azpiko lurra mugitzen denean? Idazle, itzultzaile eta editore tafallarrak bere kontakizunak janzteko soineko perfektua aurkitu du ipuingintzan. Gaur, arratsaldeko 19:30ean, ipuinaren generoaren inguruan mintzatuko da Esti Martinez Animalia domestikoak liburuaren egilearekin batera, Xabier kaleko Karrikiri dendan.

Zortzi ipuinek osatzen dute “Lurraz beste”. Noiz eta nola joan da egosten kontakizun sorta hau?

Iruditzen zait ipuinetarako ideiak urtetan izan ditzakedala pilatuta, buru atzean gordeta. Elikatzen joaten naiz, orain adar bat, orain beste adar bat, azkenean habia egiten duten arte. Eta orduan hasten naiz idazten, zurian beltz. 2020 hasieran hasi nintzen ipuin hauek idazten, pandemia aurretik. Ideia, esaldi edo irudi batetik abiatu eta pisua hartu zuenean hasi nin-tzen lehenengo ipuinarekin, eta hiru urtetako lana izan da.

Irati Majuelok Berrian idatzitako kritikanIrene Pujadasen esaldi bat aipatzen du, dioena “eleberriak irakurlea bidean laguntzen duela eta ipuinak, aldiz, bakar-bakarrik uzten zaituela, zuregan ideia bat, irudi bat, lehertu ostean”. Zein izanen litzateke ‘Lurraz beste’-k eragiten duen ideia edo irudi hori?

Ez naiz sentsazioen bila hainbeste joan, ez bada gai baten bueltan. Eta gai hori izan da errotze eta deserro-tzeena. Hauek askotarikoak izan daitezke, baina guztiak bide horretatik doaz. Zer gertatzen da zapaltzen dugun lur hori mugikor bihurtzen zaigunean edo arrakalak zabaltzen zaizkionean? Nora botako ditugu erroak edo nondik askatuko ditugu erroak? Laugarren ipuina idazten ari nintzela ohartu nintzen zer norabidetan ari nintzen. Gero, ipuin bakoitzak bere tonua dauka eta horren araberakoak izango dira ondoren sentsazioak, baina esanen nuke gaia dela gehien batzen dituena elkarren artean.

Pertsonaietan, euren pentsamendu eta erabakietan zentratuako ipuinak dira. Ahalegin berezia egin duzu pertsonaia hauek eraikitzen?

Nik pertsonaiak ikusi beharra ditut. Jakin beharra dut pertsonaia horien ilun eta argiak zeintzuk diren, euren biografia osoa egin beharra dut nik neuk ere sinisteko. Eraikitzen dudan pertsonaia horren bizitzaren %10 ere ez da agertuko gero ipuinean, baina niretzat baliagarria da. Iruditzen zait gero hobe sartuko direla bere esanak eta bere keinuak, osotasun bat izango duela. Aipatu izan dizkidate ere lekuen garrantzia, baina ez dut ariketa berdina egin lekuekin pertsonaiekin bezala.

Katarsi egoera batean dauden pertsonaia horiek, badirudi batzuetan kontziente direla datorren aldaketaz eta beste batzuetan ez.

Bai, eta batzuetan ipuinean bertan ohartzen dira horretaz, kontzientzia hartzen dute kontakizunak aurrera egin ahala. Beste batzuetan aurretik dakite, beste batzuetan ondotik. Ez nuke esanen nahita bilatutako zerbait denik, baina azken batean deserrotze pertsonalak, profesionalak, fisikoak eta denborazkoak ematen dira, eta prozesu horretan zaudenean krak egin duen zerbait badagoela argi dago. Pitzadura bat.

Barrenean eta kanpoan ematen den pitzadura bat...

Bai, eta desplazamendu fisikoak ere badaude. Bi lagun autoan, afari batera joaten. Itxuraz ezerk ez du krak egin, baina desplazamenduak berak ia ekarri dezake aldaketa bat. Bizitzan bezala, pertsona batzuk sofan geldirik egonda pentsatzen dute eta beste batzuk paseoan ibiltzea beharrezkoa dute argitasunez pentsatzeko.

Ezer gertatzen ez dela dirudienean ere zerbait gertatzen dela erranen zenuke?

Uxue Alberdik egindako aurkezpenean esan zuen “baretasun iruzurti” moduko bat badagoela ipuin hauetan. Pausatuak dira, ez dago artifizio handirik, baina egia da katakrak horren ondorioz deseroso uzten duela irakurlea. Interesatzen zait erabakiak hartu behar direnean edo ekintza dudazkoetan, ikustea nola apropiatzen garen moral berriez, nola egiten diegun leku eta nola justifikatzen ditugun, bizitzen jarraitu ahal izateko besterik ez bada ere. Azkenean, ez gara ez zuri ez beltz, eta interesgarriena tarteko gris guztiak dira. Pertsonargi-ilun eta aien ñabardu horietan arakatzea gustatzen zait.

Ipuinak, genero bezala, irakurleak berak ere hausnartzeko eta interpretatzeko tarte zabalagoa uzten du?

Bai. Zortzi ipuin dira eta zortzi unibertso. Kexatu izan zaizkit esanez ez ditudala ipuinak bukatzen… Baina ipuinetan egiten dudana pertsonaia horien bizitzaren puska zehatz bat hartzea da, ez aurrekoa ez ondotik biziko dutena. Egunerokoan gertatzen zaigun gauza bat da: elkar ezagutu dezakegu eta nik zuk momentu horretan ematen didazun informazioa da daukadana, aurretik gertatutakoaz ez dakit ezer eta gero gertatuko zaizunaz ere ez, beraz hau da daukadana. Irakurketa ere horrelako zerbait da. Saiatzen naiz, irakurle modura ere hala gustatzen zaidalako akaso, dena ez ematen irakurleari, egin dezala bere interpretazioa edo osatu dezala berak ipuina.

Ipuinen helburua ez da erantzunak ematea.

Hori da, izatekotan, galderak egitea da.

Helburu zehatzik baldin badute ipuinek, noski…

Ez dakit… Ni asko abiatzen naiz istorioetatik. Azkeneko ipuinean egia da forma bera dela helburu, baina gainontzekoetan forma gelditzen da kontakizunaren menpe. Ugaritasuna ez da berez helburu bat izan, kasuan kasuan joan naiz istorio bakoitzari hobeto zegokiona bilatzen.

Ipuingintza hain zuzen, forma eta edukiaren artean gehien jolasten duen generoa izan daiteke. Sortzaile bezala, zer eskaintzen dizu?

Egia da oso “cuentista” naizela. Joera daukat ipuinetarako, irakurle bezala ere. Ipuinetan nire neurria aurkitu dut, kontatu nahi dudan horretarako. Garapen edo hats luzeagoa behar duen istorio bat edukiko banu, ez nioke uko eginen. Baina oraingoz denak kabitu zaizkit hor.

Ipuingintza une osasuntsu batean dagoela orain?

Kopurutan ez nuke jakinen esaten. Sentsazioa hori da, baina egia da datuak hartuko bagenitu igual ez dela erreala, ez nintzateke ausartuko esaten. Oraindik eleberria da nagusi. Hala ere zerbait aldatu izanen da, ze elkarrizketetan ez didate zuzenean galdetu ea noiz etorriko den eleberria.