58. Durangoko Azokaren inaugurazio ekitaldia hartu zuen atzo eguerdian San Agustin Kultu Gunean dagoen Szenatokiak eta, bertan, Gerediaga Elkarteko, erakundeetako, eskualdeko agintari, kultur elkarteetako eta babesle publiko eta pribatuetako ordezkariak elkartu ziren. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanobek eta Durangoko alkate Mireia Elkoroiribek hartu zuten hitza, eta, ondoren, Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak egin zuen irekiera ofizialeko irakurketa. “Hunkigarria izaten da Durangoko Azokari hasiera emateko une hau, eta aurten ere horrelaxe da. Ilusioz beterik gatoz. Izan ere, bost egun eder ditugu aurretik, fantasiaz beteriko bost egun. Berriro ere kulturaren topagune bihurtuko da Durango, eta egitarau oparoa daukagu: literatura solasaldiak, kontzertuak, zinea, arte eszenikoak, erakusketak, tailerrak, ipuin kontaketak, mahainguruak…”, azaldu zuen Nerea Mujikak, egitarauko 265 ekintzei balioa emanez.

Anfitrioi gisa, hitza hartu zuen lehena Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea izan zen. “Aldi baterako euskararen eta euskal kulturaren Euskal Herriko agertoki Nagusia bilakatuko da Durango. Argi daukagu Durangoko Azoka Durangotik haratako doan ekimen eta proiektu fantastikoa dela eta zuen guztion laguntzarik gabe fantasia hutsean geratuko litzateke”, eskertu zuen. Zentzu horretan ere, Zupiria sailburuak Durangoko Azokaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen. “Fantasia da” lelopean dator aurtengo edizioa, baina “Durangoko Azoka benetakoa da, egiazkoa; bilgune garrantzitsua da. Beste gauza askoren artean bertan egiten dute topo sortzaileek eta irakurle, musika-entzule eta erosleek. Sorkuntza eta kontsumoa dira bermatu eta sendotu behar ditugun zutabeak, euskaraz sortutako eta ekoitzitako kulturak iraupena izan dezan”, defendatu zuen eta aukera aprobetxatu zuen 2024an euskal sortzaileentzako beka-deialdi berri bat iragartzeko.

Ildo berean, euskal kultura eta sortzaileak babesteko lan egiten jarraituko duela adierazi zuen Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanobek eta “ urtero, Durangoko Azoka une berezia izaten da gure kultura eta euskararekiko dugun konpromisoa partekatzeko”, nabarmendu zuen.

Mezu horiekin guztiekin bat etorriz, Nerea Mujikak “euskal kultura indartzeko lanari eutsiko diogu, eta norabide berean arraun egin gura dutenekin elkarlana garatzeko gertu gaude Gerediaga elkartean”, adierazi zuen.

Inaugurazio ekitaldia dantza, pintura eta musika uztartzen dituen DAMA performance estreinaldiarekin amaitu zen.