Loraldiaren Xiberua kantu loraturik ikuskizun berria Iruñeko Gaiarre antzokian estreinatuko da otsailaren 22an, arratsaldeko 19:00etan, Korrika Kulturalaren baitan. Oraindik sortze prozesuan dagoen obrak Julen Achiaryren etaBeñat Achiaryren gidaritza artistikoa du, eta Zuberoako kantua eta kantagintza jartzen ditu erdigunean, betiere ikuspegi garaikide batetik. Achiaryren aburuz, izan ere, “ohizko kantuak biziarazteko berriz asmatu behar direlako”. Emanaldiko sarrerak Gaiarre antzokiaren webgunean zein leihatilan bertan eskuratu daitezke dagoeneko.

Hasier Biurrun Korrikaren Nafarroako arduradunak atzo egin zen aurkezpenean azpimarratu bezala, obran “sortzaile talde ikusgarria” bildu da, tartean “egun Iparralden dagoen musikaririk eta ahotsik ederrenak”. Hala, Mixel Etxekopar kantari eta txirularia; Maddi Oihenart abeslaria; Ihitz Iriart kantari eta dantzaria; aipatu Beñat Achiary, kantagintza garaikidean aitzindaria, eta Julen Achiary bera izanen dira ikuskizuneko ahotsak.

Zuzendari artistikoak azpimarratu zuenez, kantua eta kantagintza izanen dira obraren bihotza, baina egonen dira bestelako elementuak ere. Hala, ttun-ttun eta txirula artean, biolaganba musika tresnak garrantzia izanen du, “musika tresna zinez zaharra, kontrabaxuaren arbasoa”, Jordi Cassagne musikari bordelesak joko duena. Pierre Vissler konpositorearen musika eletro-akustikoa emanaldiaren beste gakoetako bat izanen da, Achiaryren arabera, eta Mikel Perezen eskutik joanen den argiztapenak eta Elene Egiapalen argazkiek borobilduko dute ikuskaria. Diziplina anitzeko emanaldia izanen da, beraz, non kantuak eta kantagintzak hartuko duten protagonismo nagusia.

Zuberoako sortzaileek tradiziotik abiatuta kultura garaikide aberatsa loratu dutela ere azpimarratu dute zuzendari artistikoek. Beñat Achiaryk nabarmendu bezala, “kantuak gure altxorra eta gure eskola dira”. Proiektua, hala, transmisioari buruzkoa da: “Kantu bat eskaintzen dugu eta esperientzia bital bat da, folklorismorik gabekoa eta gure erroekin lotzen dena”.

Emanaldi gehiago Korrika Kulturalaren eskutik

Xiberua kantu loraturik Korrika Kulturalaren baitan eskainiko den emanaldietako bat izanen da. Biurrunek gogoratu bezala, Nafarroa osoan hainbat ekitaldi aurreikusi dira datozen egunetarako: Lander Garroren Oihaletxea dokumentala, eMCumeak emanaldia Antsoainen, Belarriprest Tafallan, Badon Auritzen eta Altsasun, Bihotz... bi hots Iruñean... Hurrengo asteotan korrika.eus atarian iragarriko dira emanaldi guztien datak eta egunak.

EMANALDIA

  • Noiz, non. Gaiarre antzokian, otsailaren 22an, 19:00etan.
  • Zuzendaritza artistikoa. Julen Achiary, Beñat Achiaryren laguntzarekin.
  • Kantariak. Mixel Etxekopar, Maddi Oihenart, Ihitz Iriart, Julen Achiary eta Beñat Achiary.