Iritsi da Gorka Urbizuren txanda Iruñean. Asteburu honetan, ostiraletik igandera bitartean, egunean kontzertu bana eskainiko du lekunberritarrak Zentral aretoan urtarrilean plazaratu zen Hasiera bat diskoaren Tour bat biraren eskutik, iragarri eta bezain laster sold out kartela zintzilikatuta daramaten emanaldiak. Ostiralean 21:30ean izanen da kontzertua, larunbatean 18:30ean eta igandean 19:00etan. Ateak emanaldia baino ordubete lehenago irekiko dira.

Sarrera guztiak agortu zituzten Donostiako hiru emanaldiak, Bilboko Gaztea Sarietako agerraldia eta Gasteizko beste hiru kontzertuak eskaini ondoren iritsiko da Berri Txarraken abeslari ohia oholtza iruindarrera. Urtarrilaren 23an iragarri zituen kontzertuen lehenengo datak eta minutu gutxitan agortu ziren Euskal Herriko agertoki nagusietan. Donostia, Gasteiz, Iruñea, Bilbo, Miarritze eta Azpeitiko kontzertuetarako bigarren datak hurrengo egunean atera baziren ere, horrekin aski ez eta hirugarren data batzuk lotu zituen hiri nagusietan, horiek ere berehala agortu zirenak, publikoaren ikusmin zabalaren erakusle.

Hasiera bat osatzen duten 10 abestiek “kantuaren muinerainoko” bidaia bat osatzen dute, egileak argitu moduan. Aurkezpenean azaldu zutenez, “soinu geruzak gehitu eta gehitzearen tentazio oro baztertuta, kontrako bidea aukeratu du Urbizuk: kantuak erantzi, hustu, kimatu... euren soiltasuna agerian utzi arte. Gordin. Eder. Horrexek egiten ditu, hain zuzen ere, harkaitza bezain gogor, haizeak astindutako hostoa bezain hauskor”. Maitasun bat, Teoria bat, Tren bat, Toki bat, Janela bat, Kolore bat, Lilura bat, Etxe bat, Sute bat eta Besterik ez dira diskoa osatzen duten 10 abestiak.

Tour bat mundu zabalean

Tour bat birak hasi berri besterik ez du egin. Bazegoen diskoak oholtza gianean izanen zuen formatuaren inguruko ikusmina eta Donostian emandako lehenengo agerraldian argitu zen azkenik formatua. Lekunberritarrak taldea eratu du. Hala, Amaia Miranda jarri da gitarrarekin, eta bateria bikoitzaren aldeko apustua egin du. Horretan arituko dira Joan Pons eta Mariana Motto. Halaber, Jordi Matas arituko da baxuan eta teklatuan. Hain zuzen ere azken honek grabatu eta nahasi zuen Hasiera bat diskoa, Lleidako Guissonna herrian dagoen Teatre de ca l’Eril antzoki zaharrean egina.

Iruñeko hiru kontzertuen ondoren Madrileko Joy Eslavara iritsiko da Tour bat datorren astean, eta handik berriro itzuliko da Euskal Herrira, Bilboko Kafe Antzokian emanen dituen bi emanaldiekin, apirilaren 27an eta 28an. Maiatzeko lehenengo hamabostaldian ozeano Atlantikoa gurutzatu eta Latinoamerikara iritsiko da bira, Mexikon, Kolonbian, Txilen eta Argentinan geldialdia eginez.

Handik berriro itzuliko da etxera maiatzaren 18an eta 19an, Biarritzeko Atabal aretora zehazki, non bi kontzertuetarako sarrerak dagoeneko agortu diren. Bartzelonan agerraldi bat egin ondoren, Azpeitiako Sanagustin Kulturgunea eta Donostiako Bogaboga Festibala izanen ditu, azkenik, birako agertoki, orain arte iragarri diren daten arabera.