Bere ibilbideko zazpigarren diskoa kaleratu du Anari Alberdik, Giza Zarata izenburupean. Orain arteko intimotasunetik aldendu eta munduari begira jarri da lana osatzen duten 10 kantuetan. Azalari buelta eman diola aitortu izan du musikari azkoitiarrak, bere burua leku eroso batetik aterarazi duela, arriskuak hartu dituela. Emaitza, egungo gizartea zartatzen duten zauri eta minen barrena murgiltzen den bidaia bat, soinu eta dinamika anitzetatik igarotzen dena. Bide berri honetan eta Donostiatik, Bilbotik, Gernikatik eta Gasteiztik igaro ondoren, geldialdia eginen du larunbat honetan Iruñerrian ere, Atarrabiako Totem aretoan emanen duen aurkezpen kontzertuarekin.

Promozio lan betean zabiltza. Zer moduz daramazu disko berri bat kaleratzeak dakarren fase hau?

Badu neurri bat eta neurri bat duelako sentitzen dut bukaerara iristen ari naizela. Ni ez naiz batere zalea bistan egotekoa. Aldi berean gustora egoten zara, jendeak diskoa entzun du eta gauza ederrak iristen zaizkizu, baina gogorra ere bada.

Zer nolako sentsazioarekin zaude orain, behin diskoa jendarteratu eta dagoeneko oholtza gainean jarri duzunean?

Oso sentsazio ona daukat. Azkenean, diskoa bakarrik entzuten duzun momentu horretan, sekulako bertigoa daukazu, bertigoa edukitzeaz gain munduko inseguridade dena daukazu, ingurukoan feedback-a daukazun arren. Eta egia esan orain oso sentsazio ederra daukat, oso feedback ona iristen ari zait. Esango nuke zenbait kantu iritsi zaizkiola jendeari, ez bakarrik entzun dituela baizik eta iritsi zaizkiola. Zuzenekoetan jendea abesten ikusten dut eta kontzertu ederrak ematen ari gara.

Disko baten froga-gunea ere bada oholtza, ezta?

Bai, erabat. Bi aste zeramatzan diskoak kalean Intxaurrondora (Donostia) atera ginenean eta jendeak abesti denak zekizkien buruz. Ederra da, ze musika entzuteko egiten duzu baina gero badago beste buelta bat, eta da zuzenekoetan jendea gehiago kantatzera entortzen dela ikusten duzunean. Hori kristorena da, zelebrazio bat da. Asko disfrutatzen ari naiz honetaz.

Jarraitzaileak baino kasik militanteak dira zure entzuleak, badago konexio berezi bat abestiekin.

Bai... Abestiak, onerako eta txarrerako, sakonak ere badira. Seguruenik abestietan barruko zain bat ere ikutzen da... Azken batean denok gara nahiko antzekoak, desberdinak baina igualak gauza batzuetan. Egia esan, sentitzen dut jendeak konexio potentea daukala abestiekin.

Begirada intimoa baztertu eta beste toki batera begira jarri zara disko honetan eta horrek arrisku egoera batera eraman zaituela aipatu izan duzu. Arriskua, soinuari dagokionez, letrari dagokionez edo biak batera?

Dena batera esango nuke, baina soinuarenak beldur edo bertigo gutxiago ematen dit. Adibidez, Troiako zaldia oso argitsua da, oso argitsu kantatuta dago, nik askotan abesten ez duten tono batean, baina horrek ez zidan hainbeste bertigorik ematen. Gehienbat hitzetan nabaritu dut arriskua. Behar nuen beste era batera eta beste leku batetik idatzi. Era batera, abesti bera da Orfidentalak eta Vesna Vulovic: bizitzaren bideari buruz, erortzeaz eta altxatzeaz hitz egiten dute eta badago konexio bat. Baina niretzat oso desberdina da baten eta bestearen artean kontatzeko modua. Esango nuke Orfidentalak badagoela nire esateko erari eta narratibari lotuago, eta Vesna Vulovic-en autoironia beste leku batetik idatzita dagoela. Ikusten duzunean jendea kantatzen “Ez, ez zara Vesna Vulovic…”, pozik bizitzen duzu, baina momentu batean ez zaude oso seguru idatzi duzun hori tontakeria bat den edo ez. Esango nuke hor egon dela arriskua, idazkeran.

Norabide berriak hartze honetan, hainbat berrikuntza dakar diskoak. Horietako bat, Paco Locoren estudioetan egon zarela diskoa grabatzen. Zergatik berarekin? Musikaren barne munduaz hainbeste ez dakien entzuleak akaso ez du ulertzen zein den toki batean edo bestean grabatzearen aldea.

Eta seguru asko entzuleak arrazoi gehiago dauka... Norbera sartzen da obsesio batzuetan. Hala ere, bai, badauka bere produzitzeko era propio bat, zakarra da, elektrikoak eta bateriak grabatzeko era oso zaharra edo zaharrunoa dauka eta guzti horrek ematen dio bere ikutua. Hemen ere badaude teknikari oso onak baina, azken batean, hartzen dituzun erabakiak dira. Nire disko denek eduki dute teknikoaren inpronta hori. Baina, nolabait, ezagutzen ez zaituen norbaitek grabatzea, hitzak ulertzen ez dituen teknikari batek grabatzea... Nik beti behar izan dut abestu oso ongi ezagutzen nauen norbaitekin eta horrekin hausteko beharra nuen. Apustu bat izan da.

Zeintzuk dira bizi gaituen garaiotako Troiako zaldiak? Minbizi bat, hipoteka, bakardadea edo dena batera?

Uste dut Troiako zaldia bat dela, zuk sartzen uzten duzuna. Ideia dator gazteleraz “super luna” deitzen zaion horretatik. Ilargi erraldoi bat ateratzen da, argi indartsu bat duena, pisua… Lars von Trierren Melancolía-rekin linka egin nuen, puzzle sentsorial bat da dena, hitzen puzzle bat. Badator geldiezina eta narea den hori, eta une horreteako hatsa hartze hori da Troiako zaldia, asperen horretan norberak sartzen dizkion elementuak. Norberak bereak, nik jarri dizkiot horiek, euforia, kulpa eta bizi gaituen gauzen deskripzio hitzezko bat.

Ez nengoen han’ abestia dator ondoren, diskoko abesti narratiboena.

Bai, hori zen ideia, narratibitate hori bilatzea. Harri bat putzu batean botatzen duzunean horrek olatutxo batzuk sortzen ditu inguruan. Abesti honetako harria da Glovoko kaxa plastifikatu hori daraman gaztea, tren edo autobus batean sartzen dena gaueko ordu txikietan. Balkoira ateratzen zara, euria eta hotza ari du eta bizikletaz Glovoko gazte bat pasatzen ikusten duzu. Gure garaiaren ankerkeria da. Nire bunkerrean sushiaren eta ardo botila baten apeta daukat gaueko 23:30ean eta, ordaindu dezakedanez, hor dator. Hori zen harri horietako bat. Eta esan nezake abesti osoko narrazioa eraikita dagoela hortik pasatzeko. Asko kostatu zitzaidan harrapatzea nondik eraiki. Bi edo hiru aldiz goitik behera idatzitako abestia da, eszena bakoitzean zerbait azaltzea nahi nuen. Niretzat, kantuaren intra-logikarengatik eta barruan daukan lan melodikoagatik, gehien kostatu zaidan eta orain gehien gustatzen zaidan diskoko abestia dela esango nuke.

Kantu hau narrazio bat bada, ‘Kontinente zaharra’ oihu bat litzateke, zaplazteko bat.

Daukan tentsioagatik eta daukan intentsiateagatik. Testualki, kazetaritza artikulu baten lehortasuna izan zezan bilatu nuen. Metaforikoak diruditen gauza batzuk, adibidez “aintzinako basoetan labanak eta hesiak” ez dira metaforak, irudi errealak baizik.

Kontinente zaharretik’ bunkerretara jauzi egiten du diskoak, ‘Bunkerra I’ eta ‘Bunkerra II’ kantuekin. Gitarra eskuan hartu eta besterik gabe abesten hastea eskatzen zizuten abesti hauek?

Abesti hauek horrela grabatzea erabaki nuen. Apustu hori egin nuen banuelako gogoa berriro konektatzeko hasierako biluztasun horrekin. Alde batetik, testuarekin, gure bakardadeaz edo gero eta konpainia murritzagoa izateaz hitz egiten du. Kantu oso bakartia da. Eta horrela grabatuta dago, hasi eta bukako toma bat da, zeinetan ez nekien hasieran zenbat akorde buelta egonen ziren. Beste pultsu bat dauka, pultsu libre bat. Inperfekziotik gertu dago zenbait gauzatan, baina nahita utzita dago, horren alde egiteko. Abesti bat sortzen duzunean gauza bizi bat da, mugitzen den gauza bat. Nire esperientziaz, esango nuke zenbait kantu gehiegi bezatu ditudala, pentsatzearen pentsatzearekin, tonuz eta arregloz. Disko honetan, adi egon naiz abestia bere haragitasun horretan harrapatzeko.

Batzuetan zailagoa suertatzen da gauzak bere horretan uztea?

Bai, baina egia da gero metodoak ere eman diola berea. Kantu hauek nire etxean konposatu nituen eta gero arregloak Joaquín Pascualekin batera egin nituen, bere herrian. Eta nahiko hasierako arregloak izan ziren, horiekin grabatu ditugu. Esango nuke dena horrela izan dela disko honetan. Ez da egon aurretik daukazun prozesu guzti hori, zeinetan taldearekin abesti guztiak pilo bat entsaiatzen dituzun, oina galdu arte. Askoz garrantzitsuagoa da hasierako pultsu hori mantentzea, kantuak arregloz betetzea baino. Bunkerra horren limitean kokatzen da.

Bunkerretatik atera, ‘Inmolazioa’-tik pasatu eta diskoa ‘Vesna Vulovic’ handira iristen da, akaso jendearekin konektatu duen kantu horietako bat disko honetan.

Bai, Vesna Vulovic asko dago munduan. Bi bideren artean erabaki behar izan nuen. Joaquinekin (Pascual) hitz egiten nuen honetaz. Niretzat, akordez eta melodiaz, oso Chanson Francaise-ko lirismo berezi bat zeukan, biolinekin jotzeko modukoa; baina aldi berean hitza oraindik egin gabe zegoenean ere, autoerretratu ganberro moduko bat egitea eskatzen zidan. Kaurismakiren pelikuletako musikarien puntu makarra hori eskatzen zidan, puntu The Clash-ero bat. Joaquini esan nion: “Toca lo que quieras”. Jendeak umorez hartu duela esango nuke, eta kristorena da. Autoironia dauka “kristonak jaso ditugu baina hemen gaude” horrek.

Diskoa den bidaia honi itxiera emateko, diskoari izena ematen dion ‘Giza zarata’ daukagu. Giza miserien bilduma distantzia batetik begiratzeko kantu bat.

Bai, hori zen abestiaren asmoa. Egia esan, Raymon Carver (haren ipuin batetik jaso du musikariak kontzeptua) beste giza zarata batetaz ari da bere ipuineko pasarte horretan, “entzun dezakezue giza zarata, nire bihotza, besteena…”, zarata fisikoaz ari da. Baina niri etorri zitzaidan balizko disko baterako izen ederra zela. Giza zarata dena da, liburu bat hartzen duzunean bezala: ixten duzunean isiltzen da, baina irekitzeakoan hor agertzen da zarata guztia, edozein gauza kabitzen da. Oso sugerentea iruditu zitzaidan kontzeptua. Kantua fade out baten moduan egina dago, urruntzen doa.

‘Giza zarata’

Musikariak. Anari Alberdi (ahotsa eta gitarrak), Joaquín Pascual (gitarrak, pianoa, teklatuak), Paco Loco (elektro-trasteak), Mikel Txopeitia (bateria eta perkusioak) eta Xabier Olazabal (baxuak).

Grabazioa. Paco Loco estudioa.

Moldaketak. Anari Alberdi, Joaquín Pascual.

Nahasketak eta masterizazioa. Martxel Arkarazo (Garate estudioak, Andoain, Gipuzkoa).