Nafarroako argitaletxeek Durangora bidea hartuko dute asteazken honetan, abenduak 4, ilunabarrean liburuz betetako kutxak deskargatu, muntaia lanak egin eta ostegunerako erakusmahaia prest edukitzeko, Landako Guneko ateak ireki bezain laster. Durangoko Azokaren 59. edizioa Hartzea ematea da lemapean eginen da lau egunez jarraian, euskal unibertsoko urteko ekoizpenaren hoberenaren erakusgarri. Musika, antzerkiak, hitzaldiak eta aurkezpenak ez dira faltako, ezta, noski, liburuak ere ez. Pamielak, Txalapartak, Denonarteanek, Katakrakek, Mintzoak eta Nabarraldek mahai bete nobedade izanen dute.

PAMIELA

Lan bereziak dakartza aurten argitaletxe nafarrak esku artean. Tartean, Danserie Ensemble taldeak grabatutako Bernat Etxepareren Lingua Vasconum Primitiae liburua oinarritutako disko-liburua, Koldo Azkona musikariaren ikerketaren eskutik jorratu dena. Liburu ospetsuko poesiak garaiko musikarekin jantzi ditu taldeak, bestalde.

Saiakeraren generoan, Fermin Erbiti kazetari eta euskaltzain urgazlearen eskutik Iñaki Perurena. Harria bidelagun elkarrizketa liburua plazaratu du Pamielak berriki. “Gizon polifazetikoa, miretsia eta maitatua”, harri-jasotzailearekin izandako solasaldi luze eta mamitsuak dakar liburua. Ez da saiakeraren alorrean Pamielak dakarren liburu bakarra. Nabarmentzekoak dira, Eneko Bidegainen Kepa Anabitarte. Bizitza bat herriari eskainia, sindikalista eta politikari gipuzkoarraren ingurukoa; Joxe Angel Irigarayren Ele eta hitz, ahoz eta idatziz saiakera, editore, idazle eta kulturgilearen lan mamitsua; eta Irakurketaren aldeko manifestua, Fernando Reyk itzulitako Irene Vallejoren hausnarketa lana.

Irakurle gazteek ere izanen dute zer aukeratu Pamielaren erakusleihoan, besteak beste haurrentzako bilduma ilustratuen lehiaketan nagusitutako Mamuki, Nerea Ariznabarreta eta Maite Rosendek sortutako mamu mukizuaren inguruko liburua.

TXALAPARTA

Askotarikoak izanen dira, ohiko moduan, Txalapartatik Durangora iritsiko diren nobedadeak. Aurtengo argitalpen arrakastatsuenen artean sinadura berri bat aurkitzen da. Eztizen Artola gaztearen Gurpilak eleberriak ikuspegi berri bat ematen dio haur motxiladunen gaiari, aita kartzelara bisitatzera joatetik etxean edukitzera igarotzen den protagonistaren ahotsetik. Errealitatetik edaten duen fikziotik aldendu gabe, aipagarria da Beatrize Salvioniren Barrengaizto eleberria, Fernando Reyk euskarara ekarri duena eta Italia faxistan bi neskatoren arteko laguntasuna ardatz duena.

Argitaletxe nafarrak eleberri grafikoen eta komikien aldeko apustu argia egin du azken urteotan. Bide horretan kokatzen da Fun home, Danele Sarriugartek euskarara ekarri duen eta aita-alaba baten arteko harremanean arakatzen duen Alison Bechdelen komikia. Saiakeraren arloan, aipatzeko nobedade bi aurkituko ditugu: Lemoiz, herri garaipen bat nuklearizazioaren aurka, Iñaki Petxarroman kazetariarena; eta Liluraren kontra. Trantsizio geopolitikoaren argi-ilunak, Iratzar Fundazioarekin elkarlanean plazaratu duen Martin Arbeoren saiakera.

Haurrentzako literaturaren atalean, nabarmentzekoak Dani Martirena kazetariaren eta Ana Ibañez artistaren azken elkarlan Itsasoa bete urre, alde batetik; eta Joseba Beramendi Exprai-ren Zu hor eta ni hemen.

DENONARTEAN

Txikienek zer aukeratu izanen dute Denonarteanen salmenta gunean. Bilduma ilustratuen artean, Colas Gutmanen eta Marc Boutavanten Zakur Ustel, Yolanda Arrietak itzulitakoa; eta Bakarne Atxukarrok idatzi eta Izaskun Zubialdek eta Asun Egurzak ilustratutako Amalur, euskal mitologiako pertsonaien inguruko bildumako ale berria aurkitzen dira, besteak beste.

Gazte literaturaren alorrean, Donald Navas Zeledonen Itzel. Argia aurkitzeko bidaia eta Iñigo Ibarrak idatzi eta Irati Merinok ilustratutako Harrikolore fantasia eta abentura eleberriak azpimarratzekoak dira. Aipatzekoa, baita ere, Juan Kruz Igarabide eta Elena Odriozolaren Euskal Herriko ipuin bilduma berria, baita bilduma ilustratu berezi bat ere: Miren Amurizak idatzi eta Malen Amenabarrek ilustratutako Anastasini zirkua, Espainiako gerra zibilaren hasieran Lodosan erail zuten zirku konpainiaren historia.

KATAKRAK

Itzulpenek merezitako lekua izanen dute Katakraken salmahaian. Iruñeko argitaletxearen lerro editorialari jarraiki, gaurkotasuneko gai kitzikagarrienen inguruan hausnartzeko parada eskainiko dute bertako liburuek. Hala, azken hilabeteotan plazaratutako liburuen artean, aipagarriak dira Annie Ernauxen Idazketa labana bat da, Leire Lakastak itzulia; Angela Davisen Abolizioa. Politika, praktikak, promesak saiakera, Amaia Astobizaren itzulpenarekin; edo Hiri-gerra Palestinan. Okupazioaren arkitektura eta estrategia militarra, besteak beste.

MINTZOA ETA NABARRALDE

Nafarroako historia ardatz duten bertako argitaletxeek apustu nabarmena egin dute azken urteotan komikigintzaren alde. Hala, euskarazko lanen artean aipagarriak dira César Orozen Amaiur 15222. Inperioak berriz erasotzen du (Mintzoa) eta Eneko Lizardik marraztu eta Iñigo Larramendik idatzitako Oneka. Iruñeko erresumaren sorrera (Nabarralde), beste lanen artean.