Ailegatu da eguna. Ostiral honetan, arratsaldeko 19:00etan, ia urte osoa lanean jardun ondoren, Zetak taldeak Mitoaroa unibertsoa oholtzaratuko du Nafarroa Arenan, sold out kartela zintzilikarazi duten milaka entzuleren aurrean. Larunbatean izanen du kontzertu bikia ostiralekoak, ordutegi desberdinarekin, iluntzeko 22:00etan. Ikuskizuna iragarri zuen egunean Pello Reparazek nabarmendu bezala, “pozez, ilusioz eta bertigo apur batekin” ekingo diote taledkideek nafar iruditeria herrikoia musika elektronikoaren soinu eta errimoekin berrinterpretatuko duen emanaldiari: “Badakigu inoiz izan dugun festa ederrenetakoa izango dugula bertan”. 

Horretarako, lagunez inguratuta arituko dira. Reparazek berak iragarri bezala, Erramun Martikorena taldearekin igoko da eszenatokira, eta bertan izanen dira ere unanuko Mamuxarruak, Lantzeko Ihauteria, Kukai dantza taldea, Iturengo Joaldunak, Tuterako Zipoteroak, Altsasuko Momotxorroak, Zubietkao Joaldunak eta Arbizuko Txatarrak. Guzti hori, musikari arbizuarrak sortutako proiektuaren bosgarren urteurrena ospatze aldera: “Bosgarren urteurren batean oso-oso gauza bereii bat egitea pozgarria da, Nafarroako iruditeria kolektiboari so egiten dion proiektu bat sortzea, non eta Nafarroaren erdigunean, hiriburuan... Polita izango da”. 

Oholtza jendez lepo egonen da beraz, baita oholtzapekoa ere. Larunbateko kontzerturako sarrerak samentara atera ziren egunean bertan agortu ziren, ordubetez, eta segituan iragarri zuen taldeak bigarren emanaldi bat, ostiralekoa. Emekiago, baina hauek ere agortu dira dagoeneko. Denetara, 30.000 pertsona izanen dira emanaldiaz gozatzera bertaratuko direnak, Zetakek jendartean duen arrakastaren seinale. Duela hilabetet batzuk egindako elkarrizketa batean nabarmendu bezala, Reparazentzat balio berezia badu Nafarroa Arena eszenatoki izatea: “Halaxe erabaki genuen, Nafarroa Arenan eta euskaraz egitea, eta euskaraz Nafarroa Arena betetzea, ez behin, bitan, uste dut horrek baduela zerresana”. 

Auto pilaketak saiheste aldera, Nafarroa Arenak eta NICDOk Nafarroako puntu desberdinetatik abiatuko den autobus zerbitzua jarri du martxan bi egunetarako. Hala, Tuteratik, Tafallatik, Elizondotik, Izabatik, Vianatik eta Altsasutik aterako dira autobusak. Emanaldia 19:00etan hasiko den arren, 17:00etan irekiko dira aretoko ateak. 

Sustraietara bidaia

 2019ko azaroan sortu zuen Zetak Reparazek, Vendetta taldearen bidea bukatu eta pop elektronikoaren unibertsoan murgiltzeko asmoz, izen bereko lehenengo diskoaren argitalpenarekin. Lehenengo lan horretan Errepidean bezalako abestiek harrera ezin hobea lortu zuten jendartean. Arrakastaren bidetik jarraitu zuen hurrengo urtean, pandemia betean, plazaratu zen Zeinen ederra izango den diskoak ere. 

Osasun larrialdiak eragin halabeharrekzko geldialdia tartean, 2023an plazaratu zen taldearen hirugarren eta azken lana, Aaztiyen, Reparazentzat Zetaken lortu nahi duen sonoritatera gehien hurbiltzen den lana: “Bide bat egin dugulako eta norabait heldu garelako sentsazioa daukat. Partikulartasun baten bilaketa prozesu baten ondoren, uste dut orain bai, orain ezin zitekeela Zetak bezalako proiektu bat Arbizun ez beste edonon egin. Nire helburua horixe izan da azken urteotan, bakarrik Arbizun egin zitekeen disko bat sortzea, eta Aaztiyen-ekin lortu dugula uste dut”. 

Sustraiak Arbizun dituen unibertso berezi horrek beteko du ostiral eta larunbat honetan Nafarroa Arena. 

Mitoaroa:

  • Ostirala. 17:00, ate irekiera; 17:45, pre show; 19:00, ZETAK. 
  • Larunbata. 20:00, ate irekiera; 20:45, pre show; 22:00 ZETAK. 
  • Sold out. Mitoaroa ikuskizunak sold out kartela zintzilikatu du. Denetara, 30.000 pertsona bertaratuko dira egunotan Nafarroa Arenara. Aretora bertaratzeko autobus zerbitzua jarri da.