“Lagunen artean, gure ingurukoekin, oso intoleranteak izan gaitezke pertsonak askotan”
Txalo Produkzioak taldeak lagunen arteko tentsio eta gatazkak hizpide dituen ‘Artea’ antzezlan entzutetsua taularatuko du gaur Iruñeko Gayarre antzokian, 20:00etan.
Hautsi dezake artelan batek adiskidetasuna? Yasmina Reza frantses dramagilearen Artea komedian, pintura eztabaidagarri batek hiru lagunen harremana astinduko du, umoretik faltako ez duen borroka dialektiko bat piztuz. 1994ean estreinatu zen lehenengoz eta ordutik antzerki garaikideko pieza antzeztuenetako batean bilakatu da: 35 hizkuntzatara itzuli da eta nazioarteko antzoki nagusietan oholtzaratu da. Gaur, Iruñeko Gayarre antzokia izanen du agertoki, iluntzeko 20:00etan. Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean, itzal handiko obra aktorek gorpuztuko dute antzezlana: Ramon Agirrek, Joseba Apaolazak eta Asier Hormazak.
Antzerkigintza garaikideko obra erreferentziala da gaur taularatuko duzuena, ezta?
–Bai, oso kalitate handikoa. Eta zuk esan duzuna mundu guztian antzeztu da urte guzti hauetan zehar, oso aktore onekin gainera. Gu, beraz, saiatzen gara beste lekuetan egin den kalitateari eusten. Oso ongi idatzitako obra bat da eta egia da ez dela erraza hori izorratzea.
30 urte bete berri ditu aurten an-tzezlanak. Zahartzen ez den horietako lan bat dela erran daiteke?
–Bai, izan ere, oso gai unibertsala da, atenporala. Hiru lagunen arteko adiskidetasuna du mintzagai, zuk esan duzun bezala. Urteetako adiskidetasuna, ustez sendoa dena, nola pikutara joan daitekeen edo nola hondatu daitekeen agertzen du, hiru lagun horietako batek, besteei ondo iruditzen ez zaien eta ondo ulertzen ez duten zerbait egin duelako. Kasu honetan da koadro bat erosi izana, koadro garesti bat, ustez izugarrizko marabilla dena. Baina besteek ez dute hori horrela ikusten. Adarra jo didatela pentsatzen dute, eta hor hasten da pitzatzen pertsonaien arteko urtetako adiskidetasuna, noski.
Tartean klasiko handi bat, hiru lagunen artean gertatu ohi dena, ezta? Bi elkarren artean muturtu eta hirugarren bat tartean egotearena.
–Zalantzarik gabe. Eta onena, esan bezala, egilearen trebetasuna izan da egoera hori deskribatzerakoan, obra idazterakoan. Ekintza ustez hutsal baten ondorioz gertatzen da gatazka. Egoera soil batetik hiru lagun hauen artean dena korapilatzen hasten da, iraganeko trapu zaharrak agertzen hasten dira, seguraski urteetan gordeta eduki dituztenak... Azkenean dena muturrera iristen da.
Artelanarena beraz aitzakia da beste gaietaz hitz egiteko?
–Adiskidetasuna da gai nagusia, edo zehazkiago, adiskidetasuna nola hautsi daitekeen. Besteen iritzi eta erabakiak errespetatzearen inguruan hitz egiten du. Izan ere, beti espero dugu besteek guk uste duguna edo guk egingo genukeena egitea, eta hori ez denean gertatzen, zerbait hautsi egiten zaigu. Ez dugu ulertzen, ez dugu ongi hartzen. Algunartean, ingurukoekin, oso intoleranteak gara pertsonak askotan, eta horretaz ere hitz egiten du obrak.
Botere borroka bat ere bada, nolabait?
–Bai. Kuadriletan ere gertatzen den bezala, badago lider bat, besteak neurri batean manejatzen dituena edo iritziak markatzen dituena. Beste oilar bat ateratzen bazaio, edo beste batek berak espero ez duen gauza bat egiten badu, ez du ongi hartzen. Rolak, noski, aldatu daitezke, batzuetan bat izan daiteke liderra eta besteetan bestea, baina denok identifikatzen ditugu oso ongi rol hauek. Antzezlan honetako hiru pertsonaiei dagokienez, burges txikiak dira, klase sozial horretakoak. Baina edozein kuadrilatan gertatu daitezkeen gatazkak dira agertzen direnak, haien egoera ekonomikoa bestelakoa izan arren.
Uste duguna baino antzekoagoak gara elkarren artean?
–Dudarik ez. Jatorrizko bertsioan hiru pertsonaiak Parisen bizi dira. Guk Bilbora ekarri dugu fikzioa, Euskal Herriko hiri handi batean kokatu nahi genuelako eta hiri-giro horretan. Baina edozein lekutan gerta liteke, berdin dio lekuak, unibertsala delako.
Hiru pertsonaiak norgehiagoka dialektiko batean sartzen dira. Hizkuntza eta honen erabilera erronka bat izan da zuentzat?
–Alde batetik, bai. Jatorrizko obra frantsesez idatzita dago eta badakizue frantsesei asko gustatzen zaiela hitz egitea, beren burua entzutea. Oso hiztuna da frantziako antzerkigintza. Pertsonaia hauek dialektika oso ondo manejatzen dute, oso maila altuko borroka dalektikoa da, batez ere hiru horietatik biren artekoa. Hirugarren laguna tartean sartzen saiatzen da eta azkenean jipoitua aterako da... Gizajoa, klasiko handi bat hori ere bai. Erabiltzen dituzten argudioak oso landuak dira, eta hori oso polita da guretzat, aktore bezala.
Alboan dituzu Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza, aspaldiko lagunak. Ez da lehenengo aldia obra hau egiten duzuela, gainera...
–Hala da, orain dela 17 urte estreinatu genuen, eta obra berriro hartzea erabaki dugu orain. 17 urte hauetan esperientzia irabazi dugu, eskarmendu handiagoa daukagu orain, eta uste dut zuku handiagoa ateratzen diogula hiru lagun hauen arteko borroka dialektiko horri. Egia da obra oso ongi ezagutzen dugula eta akaso nik egiten dudan pertsonaia egin zezakeela Josebak edo Asierrek, eta alderantziz.
Ikusle bezala ere identifikatuta sentitzen da publikoa pertsonaiekin?
–Bai, izan ere, denok daukagu neurri batean hiru pertsonaietatik zerbait. Batzuetan gara borrokan ari den laguna, besteetan bakea egiten saiatzen dena. Estereotipoak erraz atzematen dira, berehala ikusten ditugu eta identifikatzen ditugu. Batzuetan gure buruarekin, beste batzuetan bestearekin. Beraz, oso ondo perfilatuta daude hiru pertsonaia horiek.
Zuen artean ere adiskidetasun harreman luzea izateak lagunduko du, ezta?
–Hori da. Guk oso ondo ezagutzen dugu elkar, gauza asko egin ditugu elkarrekin eta obrako momentu batean gordin jarri behar badugu eta bestea erasotu behar badugu, hala egiten dugu. Ze erasotik ere badago dezente. Eraso dialektikoa alde batetik, baina ez hain dialektikoa den uneren bat ere badago. Ez du spoilerrik eginen, hala ere. Eraso dialektiko horri eusteko eta jasotzeko, komeni da aktoreok adiskidetasun benetako bat edukitzea ere oholtzatik kanpo.
Obra hain sakonki ezagutzea lagungarria zaizu aktore bezala?
–Izugarrizko gozamena da. Eta gozamena da, berriro diot, oso ondo idatzita dagoelako. Uste dut nahiko kontrolpean daukagula, badakigu noiz estutu behar den, noiz erlaxatu. Menperatuta daukagu eta oso ondo eramaten dugu obraren martxa.
Dagoeneko egin dituzue emanaldi batzuk, zer nolakoa izan da harrera?
–Oso ondo joan da, beraz, segurtasun osoa daukagu jendeak ondo pasatzen duela, barreak ziurtatuta daude. Gayarre ere oso plaza ederra da, ederrenetarikoetako bat, oso gustura joaten gara beti Iruñera.