Lurralde berri bat izenburupean, Koldo Izagirre idazleak hainbat hausnarketa plazaratu zituen atzo Iruñeko San Frantzisko kaleko Pinaqui aretoan. Besteak beste, azken 50 urteetan euskaraz argitaratu diren nobelen gaineko azterketa egin zuen.
Nafarroako euskal idazle talde baten kezkatik abiatu da jardunaldia: euskal literaturak Nafarroan duen ikusgarritasun eza. Zein da honen inguruan egiten duzun hausnarketa?
–Promozio falta, eskolen utzikeria, hizkuntzari jartzen zaizkion trabak… eta sortzaileei egiten zaien bazterketa. Nafarroako Gobernuak eta Probintzien Gobernuek kultur planak egiten dituzte, baina emaitza… hutsa.
Azken mende erdi honetan, zein izan da euskal literaturaren bilakaera? Norantz jo du?
–Literatura, kantagintza berria eta irudigintza modernoa bezala, 60ko hamarkadan hasi zen gizarteak eskatzen zuen eraldaketa prestatzen. Aldizkariak, hitzaldiak, erakusketak, euskal jaiak, kantaldiak, antzerkiak… Bertsolariek lan ederra egin zuten. Eta euskara estandar bat adostu izanak sekulako garrantzia izan zuen, bai irakaskuntzan, bai literaturan. Gabriel Arestik astindu eder bat eman zion literaturari, Jon Mirandek ere bai, Amaia Lasak eta Arantxa Urretabizkaiak estilo eta gai berriak ekarri zituzten… Ramon Saizarbitoriak esan izan du ez zuela uste gure literaturak horrelako abiada hartuko zuenik inoiz.
Zeintzuk dira bilakaera hori ulertzeko gakoak?
–Seminarioetatik ateratako gazteak, apezgoa utzi zuten helduagoak, Europan ikasketak egindakoak… Formakuntza handiko eta kontzientzia linguistikoa zeukan euskaldun mordoa behingoz. Eta horiek denak poema, ipuin eta nobela duinak idazten hasi ziren garaiak eta egoerak behar zuen bezala. Kultur dinamika bat gizarte politizatuan.
Ibilbide edo bilakaera horrek baditu berezko ezaugarriak Nafarroan, EAE-koarekin alderatzen badugu? Hala bada, zeintzuk dira ezaugarri horiek?
–Kulturalki antzekoak dira. Besta batzuk, zenbait deklarazio eta folklore merkea. Batek nabarmen baztertzen du euskara, bertzeak isilka. Dirutxo bat eskaintzen diete liburugintzari, baina ez dira sortzaileen egoeraz arduratzen. Biak ala biak dira erretrogradoak. Bikiak direla erraten ahal dugu.
Estaturik gabeko herria izateak nola eragiten du literatura corpus propio bat edukitzerakoan? Batzuetan, izan ere, kosta egiten baitzaigu “euskal literatura” zer den ere definitzea...
–Corpus propioa ezezik, hizkuntza propioa dugu, eta horrek gaitu definitzen: gure literatura hemen eta edonon euskaraz egindakoa da. Gaztelaniaz idazten duten herritarrak baskoak dira. Euskaldunoi hizkuntzak definitzen gaitu. Euskaldunak ez diren Euskal Herriko herritarrak lurrak definitzen ditu. Eskubide berdinak ditugu denok. Salbu eta gure hizkuntzak. Alegia, salbu guk. Euskal literaturak gorantza egin duenez, zenbait erdal idazlek baskotasuna aldarrikatzen du. Lehen barre egiten ziguten.
Inoiz baino gehiago argitaratzen da egun euskaraz, baina ez doa irakurle kopuruaren neurri berean. Zergatik sortu da arrakala hau? Zeri erreparatu beharko genioke?
–Faktore asko daude. Kultur sailei interesatzen zaiena kultur artifiziala da, milaka pertsona batzen dituzten “Eventoak”. Ez daukagu euskal liburuaren erakunderik. Liburuaren promoziorik ez dago. Ez dago liburutegien politikarik. Gobernuek abandonatu egiten dituzte irakasleak, eta ondorioz irakasleek abandonatu egiten dituzte ikasleak. Ez da harritzekoa analfabetismo ezkutu bat hedatzea gure gizartean.
Irati Jimenezek bere ‘Begiak zabalduko zaizkizue’ saiakeran dioenez, literatura hobea behar da irakurleak ez galtzeko, eta horretarako sistema literario indartsuago bat da oinarria. Zer deritzozu horri? Hortik jo dezake bideak?
–Bai noski, gure literaturaren soziologia egin behar dugu.
Egun egiten den literaturari erreparatuta, zein da zure ikuspegia? Zer errango zenuke gaur egiten den literaturaz?
–Goiz da orain egiten den literatura juzgatzeko. Erran dezakedana da gazte multzo jantzia, inteligente eta multilangile bat daukagula gure produkzioa hobetzen eta indartzen. Eta horretan ezinbertzekoa izan dela emakumezkoen ekarria.
Gaur eta bihar, jardunaldiaren hurrengo saioak
Aldatu al da euskal idazlearen estatusa Nafarroan? Gaur egun, zertan dira Nafarroako euskal idazleak? Zer bilakaera eduki du euskal literaturak Nafarroan azken 50 urteetan? Nafarroako gizarteak –gehienbat erdalduna–, ezagutzen al du aski errealitate hori? Euskarazko literatura landu eta sustatzeko egin den ahaleginak eduki al du behar adina oihartzun gizartean? Neurri batean, galdera horiei erantzutera datoz Nafarroako euskal idazle talde baten ekimenez antolatu den Euskal Literatura Nafarroan (1975-2025). Sortzaileen begirada jardunaldia.
Castillo Suarez euskaltzain eta idazleak egitarauaren aurkezpenean nabarmendu bezala, “diktadura ofizialki amaitu zeneko berrogeita hamargarren urteurrena une egokia izan daitekeela” iruditu zitzaien, “erantzunen baten bila abiatzeko.”Horretarako”, gaineratu zuen, “komenigarria da literatur sortzaileen iritzia ezagutzea”.
Hartara, Koldo Izagirreren hitzaldiarekin abiatu zen atzo jardunaldiaren lehenengo saioa, eta idazle gehiagori ahotsa emanez jarraituko du aurrera bai gaur eta bai biharko saioen eskutik. Mahai-inguruaren txanda izanen da gaurkoa. 18:30ean izanen da, arestian bezala San Frantzisko kaleko 5 zenbakian dagoen Pinaquy aretoan. eta Irati Jimenez idazleak gidatuko du. Hiru belaunaldi desberdinetako idazleek parte-hartuko dute: Angel Errok, Aingeru Epaltzak eta Oihane Zuberoa Garmendiak.
Bihar, errezitaldia izanen da Kondestable Jauregian (Kale Nagusia, 2), 12:00etan: Lur bat zedarritzeko hitzak. Bertan, beraien poemak irakurriko dituzte Iosune de Goñik, Izaskun Igoak eta Esti Martinez Diaz de Ceriok. Errenazimentuko eta barrokoko musika egiten duen Danserie Ensemble taldeak girotuko du ekitaldia.