Urriaren 4tik azaroaren 29ra arte izango da aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Saioa Oneka, Javier Arakama eta Nerea Bruño antolatzaileek aurkeztu zuten atzo Nafarroa Arenan, bertan izanen da aurtengo finala.
Bi urte igaro dira azken Nafarroako Bertsolari Txapelketatik, eta ate joka da 47. aldia. Bi hilabetez, Nafarroako lur berdeak, horiak eta gorriak zeharkatuko ditu 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketak. “Bide horren bitartez, euskarari eta euskarazko kulturari ekarpen mamitsua eginen dio bertsolaritzak, Nafarroako hainbat eskualde eta bazterretara hedatuz” azaldu zuen Nerea Bruñok, Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak. Era berean, euskal kulturaz gozatzeko topaleku bat eskainiko du txapelketak, eta bertsolaritzaren -eta oro har euskarazko kultur sorkuntzaren- bueltan dabiltzan eragile eta norbanako guztientzako elkargune ere izango da. Izan ere, “euskara bizitza sozialeko esparruetan agertzea” da txapelketaren helburru bat, Javier Arakama, Euskarabidearen zuzendariak aipatu duen bezala.
“Nafarroako bertsolaritza une gozoan dela dator 47. Txapelketa” azaldu dute antolatzaileek. 2023ko edizioan, Anaitasunako finala inoizko jendetsuena izan zen. Gorakada ari da bizitzen bertsolaritza Nafarroan, ikusle kopuruari eta bertsogintzari dagokionean. Horregatik, 2025eko txapelketako finala Nafarroa Arenan izango da lehenengoz. Urtez urte gora doan bertsolarien mailak, eta gerturatzen den bertsozale kopuruaren gorakadagatik.
Zortzi saio, beste horrenbeste udalerrietan
30 bertsolarik eman dute izena aurtengo txapelketan, eta behin sailkatze fasea igarota, 24 izanen dira Auritzen abiatuko den ibilbidean.
Guztira, zortzi saio izango ditu txapelketak, eta Nafarroako Bertsozale Elkartearen helburuetako bat bertsolaritza Nafarroako lurralde osora hedatzea denez, apustu hori islatu egingo da txapelketan, saioak Nafarroko eremu desberdinetako udalerrietan izanen baitira.
Txapelketa lehenengo fasearekin abiatuko da. Lau saio izanen ditu fase honek: Auritzen, Mutiloan, Iruritan eta Los Arcosen. Hor ariko diren 24 bertsolaritatik 18k egingo dute aurrera, finalaurrekoetara. Finalaurrekoetan hiru saio izango dira: Agoitzen, Leitzan eta Tafallan. Eta azkenik, Iruñean jokatuko da finala, azaroaren 29an, larunbatez, Nafarroa Arenan. Zortzi bertsolari ariko dira bertan, finalaurrekotatik sailkatutakoak. Zortzi horien artean, saioan zehar puntuaziorik altuena lortzen duten bi bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute, eta hor erabakiko da 2025eko txapelduna.
Finala Nafarroa Arenan lehen aldiz
Lehen aldia da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala Nafarroa Arenan izango dena. Bertsolaritzak geroz eta oihartzun handiagoa du Nafarroan, kuantitatiboki ez ezik, kualitatiboki ere hazi egin da. Entzule kopuruari dagokionean, inoizko jendetsuena izan zen duela bi urteko finala; txapelketa hazten eta indartzen joan denez, pausoa ematea erabaki zuten antolatzaileek.
Finalerako sarrerak ez ezik, saio guztietakoak eskuragai daude txapelketaren webgunean. Saioen egunean bertan ere jarriko dira leihatilan salgai, beti ere internet bidezko salmentan agortu ez badira. 17.30ean hasiko dira saio guztiak, salbu eta Iruritako lehenengo faseko saioa eta finala, 17.00etan hasiko direnak.
Bertsolari berriak
Parte hartzaileei dagokionez, “anitza da ordezkaritza”. Parte hartzaile berriak, zein txapelketan aspalditik parte hartzen duten beste hainbat ere ariko dira lehian. Aurten, gainera, hiru txapeldun hartuko dute parte: Julen Zelaieta, Saioa Alkaiza eta egungo txapelduna den Julio Soto.
“Txapelketa proiektu kolektiboa da, hainbat lagunen arteko elkarlanez egiten dena” azpimarratu du Saioa Oneka, txapelketaren koordinatzaileak. 24 bertsolari parte hartzaileekin batera, epaileek, gai-jartzailek, antolatzaileek eta hamarnaka laguntzailek eginen dute posible egitasmoa. Bide horretan, hainbat erakunderen laguntza jaso du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Batetik, babesle izango diren, Euskarabidea, Nafarroako Gobernua eta Laboral Kutxa. Bestetik, txapelketa hartuko duten herri guztietako udalak: Basaburuako Udala, Aurizko Udala, Arangurengo Udala, Baztango Udala, Los Arcoseko Udala, Agoizko Udala, Leitzako Udala, Tafallako Udala eta Iruñeko Udala, baita txapelketari jarraipen zuzena egingo dioten komunikabide laguntzaile andana ere.