Nor izan zen Aitor Etxarte aita izan aurretik? Galdera horri erantzuna bilatuz ondu du Hedoi Etxartek, haren semeak, bere lehenengo eleberria

‘Izen baten promesa’ argitaratu berri duzu, zure lehenengo prosa lana. Tarteka ikerketa lan bat eman dezake, erreportaje bat, saiakera zantzua ere badu... Zein generotan kokatuko genuke?

–Uste dut dela nobela bat dela, zentzurik arruntenean. Oso eroso sentitzen naiz,adibidez, Eider Rodriguezek Eraikuntzarako materiala liburuari jarri zion etiketa horrekin: ez-fikziozko nobela. Uste dut hori dela. Liburu honek keinu egiten die beste batzuei, esaterako André Bretonen Nadja, esplizituki agertzen dena liburuan. Zentzu horretan nobela bat da, eta nobelak askotarikoak izan daitezke. Batzuk fokua jartzen dute egiatik urrun, beste batzuk gertu eta beste batzuk izugarri gertu. Bere intimitatea oinarri hartuta idazten duten horiek interesatzen zitzaizkidan, bat aipatzearren Anie Ernaux; edo besteen intimitatetik idazten dutenak, Svetlana Aleksiévich bezala; ala kazetaritza egiten omen zuten baina nire ustez zentzurik onenean narratiba egiten zuten beste batzuk, Kapuscinski bezala, jendearen istorioak entzun eta horiek baliatuz muntaia bat egiten zuena nobela bat eraikitzeko.

Eleberriaren abiapuntua Aitor, zure aita, nor izan zen jakitea izan da, noiz eta aita izan aurreko garai horretan. Zerk eraman zintuen horretara?

–Funtsean, kate bat izan da. Abiatuta nintzen gauza batzuk idazten Aitor hil aurretik, haurtzaroaren inguruko bilaketa inkontziente moduko bat. Horietako asko azkenean liburura iritsi ez direnak ere... Ondoren, aita hil berritan, jendearekin kafeak hartzeko gelditzen hasi nintzen. Elkarrizketa horietan, niretzat ezezaguna zen 1970eko hamarkadako Iruñerria baten inguruko kontuak agertzen ziren. Historia liburuak irakurtzen dituzunean agertzen ez diren gauzak. Konturatzen nintzen, kafe horietan, jendeak kontatzen zizkidan gauza asko historialarien ikuspegitik ez zirela interesgarriak. Niri, ordea, bereziki interesatzen zitzaizkidan ba, ez dakit, erakunde iraultzaileetan zeuden pertsonen bizitzak, bai erakunde horietan baita horietatik kanpo ere, seguru aski historia politikoaren ikuspegitik agian bazterrekotzat jotzen diren gauzak.

Solasaldi horiek liburu bilakatzeko urratsa nola eman zenuen?

–Liburuan Alex pertsonaiaren izenean agertzen den horrekin bigarren kafea hartu nuenean, grabatzea erabaki nuen. Berak asko insistitu zidan bere izena ez jartzeko, kontatuko zizkidala gauzak, graba nezakeela, baina bere izena ezin zela agertu azpimarratuz. Horrek eman zidan klabea jendeak kontatu nahi zituenak konta zitzan, lotsa edo beldurrik gabe, bizirik dagoen jendea konpromisoak jarri gabe ere. Garantia hori eman behar nien eta hori egin dut, bi salbuespenekin, erridikulua zelako benetako izenak ez erabiltzea kasu horietan, jendeak segituan jakingo zuelako nortzuk ziren. Izenak eta jaioterriak aldatu ditut gainontzekoen kasuan, aske hitz egin zezaten eta, niri dagokidanez ere, askatasuna izan nezan prentsako elkarrizketa batean egin dezakezun edizio lanetik haraindi jarduteko. Adibidez, bi pertsona elkarrizketatu eta bien artean pertsonaia bakarra sortzeko; edo “kafe teknikoak” deitu ditudanak ere hartu ditut, adibidez Hemen eta Han mendi taldea zer zen ezagutzeko; edo Potasaseko grebetan parte hartu zutenak, meategian, ez direnak nolebara iritsi baina oinarrizkoak izan direnak kontaketa osatzeko… Nobelaren formatuak balio izan dit irudimena historiaren zerbitzura jartzeko.

Fikzioaren tresna, beraz, benetako gertakariak islatzeko erabili duzu.

–Erabat. Fantasia gutxi dago eta, orain artean jaso dudan feedback horretan uste dut sinesgarritasuna bermatuta dagoela, kasu askotan kontraesankorrak diren informazioak ematen badira ere. Uste dut hori ere badela interesgarria den kontuetako bat. Zenbakiarekiko faszinazioa duen gizarte batean gaudenez, jende batek esaten ahal dizu asanblada zehatz batean 20 pertsona zeundela eta beste batek 200.

Memoria ere halakoa da, ez da objektiboa askotan.

–Are gehiago, pertsona berak kontakizun bat egiten dizu bigarren kafean eta bosgarren kafean beste bat, gertakizun beraren inguruan, memoria arakatzen hasi delako, edo objektu bat, argazki bat aurkitu duelako etxean, eta konturatu delako ez zela gogoratzen zuen bezalakoa izan kontatutakoa.

Hala ere, guzti horrek balio du argazki bat egiteko, garaiaren irudi bat konposatzeko. 1970eko hamarkadaz ari gara, langile borroka garaia Iruñean, mugimendu sozial handikoa. Nola definituko zenuke hamarkada hori?

–Bereziki jendeak beldur gutxi zuen garai bat bezala. Beldur gutxi, esan nahi dut, jendea zerbaitekin konbentzitua bazegoen ez zuelako inoren baimenik eskatzen. Horrek egin zituen posible, ez bakarrik gaur egun pentsaezinak diren gauza asko, baizik eta momentu horretara arte pentsaezinak ziren gauza asko, igual gaur egun arruntagoak izan daitezkeenak. Gezurra badirudi ere, eta hil den norbaiti buruzko liburu batek ia ezinbestekoa duela esango nuke, pertsona horrengana gerturatzen zarela dirudien arren, ez dela horrela. Azkenean, esango nuke asko-asko ez dugula kontatzen da Aitor Etxarteren inguruan. Eta hau oso polita izan da, izan ere, norbait hil berri denean jendeak oso hitz xaloak dauzka, goxotasunez betetakoak. Baina gero oso zaila da horri kontakizun forma bat ematea, ez bada ekintza zehatz batetan. Uste dute hori dela liburuak duen promesetako bat, badirudiela dela norbaiti buruzko liburua, baina gehiago da bertan agertzen diren pertsonaien ingurukoa, edo haien gurasoen, ikaskideen, militantzia kideen ingurukoa. Funtsean, baita ere, ezezaguna den Iruñerri bati buruzko liburua da. 

Galdu zen iraultza baten ideia, porrotarena ere, nabarmentzen da liburuan.

–Bai, asko, asko. Aldi berean, pertsonaia hauek eraikitzeko bereziki interesatu zaizkit haien burua, nolabait esatearren, zilegitasun gutxiko pertsonentzat zutenak. Sarritan, ia-ia esango nizuke hartu ditudan kafe gehienetan, grabagailua pizten nuen bakoitzean solaskideak ukatzen zidan esateko zerbait zuenik ere. Gero, ordea, gauza harrigarriak zituzten kontatzeko. Nolabait, normalizatuta zuten ezusteko gauza asko gerta zitezkeela garai hartan. Pertsonaietako bat, adibidez, Juan da. Momentu batean esan nion: Baina zuk uste duzu, benetan, gobernadore zibil bat egunero elkarzen zela sindikalista batekin greba bat geldi zezala eskatzeko? Uste dut horrek garaiaren inguruan asko esaten duela. Jende askok ardurak hartzen zituela, nahiz eta zeharo antolakundeen barruan ez egon. Eta bazegoen nolabaiteko ausardia hori egunerokoan, lege injustuen, arauen edo ezarritako ohituren kontra jotzeko.

Badago tristura puntu bat ere, gauzak aldatuko zirela zirudien garaia bukatu, borroka guztiak apaldu eta, nolabait esateko, jende guzti hori bizitza normatiboetan murgiltzen denean.

–Bai, 1980ko hamarkada jende gehienarentzat, eta baita honezkero historialari askorentzat ere, porrot handi baten konstatazioa da. Franco hil osteko urte horietan Espainia mailan nagusi ziren langile mugimenduko bi erakundeek, Espainiako Alderdi Sozialistak eta Espainiako Alderdi Komunistak, zeharo aldatzen dute ordura arteko planteamendua, hamarka milaka militante eta zale erabateko hausuraren alde egonda ere. Haiek lan egiten dute hori gerta ez dadin eta, funtsean, kontuek berdin jarrai dezaten, tamalez, gaur egunera arte. Erakunde desberdinetan zeudenek osoko zuzenketa bat eskatzen zuten, noski, klase borrokari lotuta, baina baita ere patriarkatuari edo nazio menperakuntzari lotuta ere. Gauzak zeharo aldatu zitezen nahi zuten, eta hori ez zen gertatu. Zentzu horretan, diskurtso zinikoak ez zaizkit interesatu liburu honetarako. “Gazteak ginen, oso maximalistak ginen eta eskatzen genituen gauzak ezinezkoak ziren” esaten duten horietakoak. Uste dudalako, gainera, politikoki zein narratiboki oso diskurtso pobreak direla.

Mugimendu sozial eta politiko guzti horren erdian, non kokatzen da Aitor Etxarte?

–Garai hartako kontakizun oso kontraesankorrak egin dizkidate, adibidez, bere unibertsitateko kideek, eta hori argi ikusten da nobelan. Izaerari lotutako kontuetan, adibidez, batzuentzat umila zen eta beste batzuentzat intelektualki gorago dagoen norbaitek daukan harrokeria hori zeukan norbait. Inplikazio politikoan ere, batzuetzat zelula bateko kide soil zen, besteentzat lider bat. Ez dut ondoriorik aterako, zentzu horretan, eta ederra iruditzen zait kontraesan hori. Nahiko garbi dudana da berarentzat, bere belaunaldiko askorentzat bezala, garaipen partzialen batuketak ez zuela garaipen oso bat ekartzen. Beraz, osoko zuzenketa bat nahi izatetik, zuzenketa horen tartetxo batera pasatzen da, Aitorren kasuan hezkuntzaren alorrera. Zehazki, euskarazko hezkuntza publikoaren alorrera. Horrek eramaten du, beste jende askorekin batera, Iruñerrian izugarri baliotsua den Udal Ikastola sustatzera. Horren oinordeko dira gaur egun euskalduntzen diren 10etik 7. Lorpena da? Bada, bai. Baina 1970eko hamarkadan politika iraultzailean zebiltzatenei 50 urte beranduago gure hizkuntzaren auziari buruz lortutakoaz galdetuko bagenie, ez naiz ari ia klase borrokaz, nazio auziaz edo patriarkatuaz, hizkuntzaren alorraz bakarrik baizik; uste dut oso gutxi irudituko litzaiekeela euskalduntzean, hezkuntza publikoaren bultzadan, kalitatezko hezkuntzari dagokionean, gizaki kritiko eta kultuak hezteari dagokionean lortutakoa.