La lau hamarkadetako bidean asko izan dira Urtzek sortu dituen kantu gogoangarriak, jende askoren bizitzako soinu bandan txertatuta gelditzen diren horietakoak: Kaixo, Maite dut, Iragana hil baino lehen... Orain, guzti horiek bertsio akustikoan grabatu dituzte Urtzen izeneko disko bikoitzean. Bihar, larunbata, Iruñean izanen dira, Nafarroako Antzerki Eskolan, berezitik asko izanen duen kontzertua ematen

Bi urte dira ‘Esnatzean’ izeneko zuen azken diskoa atera eta eszenatokietara itzuli zinetenetik. Zer moduz joan da ordutik honako tarte hau?

–Tarte hau ba oso positiboa izan da. Kontzertu aretoetan eta plazetan ere jotzen izan gara eta polita izan da, esperientzia ona. Esnatzean diskoa atera genuenetik genbiltzan orain atera dugun disko honi bueltak ematen, eta hori sortzeko tartea ere izan dugu.

Nola sortu zen zuen betiko kantu ezagunenak berreskuratu eta formatu akustikoan grabatzearen ideia?

–Ideia aspaldi-aspalditik geneukan buruan. Egia esan gure abesti gehienak sortuak dira gitarra akustiko batekin eta ahotsarekin, edo pianoarekin eta ahotsarekin. Berez oinarrian abesti gehienak horrelakoak ziren.

Beraz, abestiak beren bertsio oinarrizkoenera, beren sustraietara bueltatzea izan da afera.

–Bai, benetazko sustraietara. Izan ere, akustiko sortzen genituen abestiak lokalera eraman eta jantzi egiten genituen. Gure kasuan distortsio horrekin bihurtzen ziren abesti, soinu gogorrago edo bortitzagoekin. Kasu honetan horri buelta eman eta kantuen alde sentikorrena, gertukoena bilatu dugu, moldaketa nahiko bereziak egin ditugu.

Zer moduz joan da alde horretatik grabaketa prozesua?

–Oso-oso erraza izan da grabaketa, atsegina. Etxean bezala aritu gara. Izan ere, Dani gure gitarra-joleak Polo Sur izeneko estudioa dauka eta bertan entsaiatzen eta grabatzen dugu. Esnatzean diskoa ere bertan grabatu genuen eta, orain, akustikoarekin ere berdin. Denborarekin, presarik gabe eta etxean bezala aritu gara. Eduki dugu astia gauzak behin eta berriz begiratzeko, alderatzeko… Azkenean, gustura gelditu arte.

Su apalean egindako diskoa.

–Hori da. Goxo-goxo.

Zuentzat, kantu hauen sortzaile gisa, emozionalki zer nolako bidaia izan da disko hau egitearena?

–Ba oso esperientzia polita. Beti gelditzen dira zenbait abesti hor atzean, baina tira, azkenean zuzenekoetan ere ateratzeko aukera izanen dute. Orokorrean esperientzia oso polita izan da eta, egia esan, abestiak berriro ere jotzen genituen eta grabatzen genituen heinean konturatzen ginen zelako zortea izan dugun urte guzti hauetan. Izan ere, gure abesti askok izan dute aukera zenbait jenderen bizitzan sartzeko. Eta gero eta gehiago konturatzen naiz zein zaila den hori, zein zaila den abesti batek aukera hori edukitzea. Alde horretatik, baditugu zenbait abesti belaunaldiak zeharkatu dizutenak eta oraindik ere entzuten direnak. Oso eskertuta gaude eta oso polita da ikustea kantu batzuk jedearen bizitzaren parte bilakatu direla.

Zer izanen dute Urtzen kantuek entzuleen gaitasun hori daukatela?

–Zaila da jakitea… Egia da azkenean, nahiz eta pertsona bakoitzak bere mundua izan eta desberdinak izan, esentzian, denok berdinak garela. Badira zenbait gai abesti batean daudenean zenbait emozio konektatzeko gaitasuna daukatenak. Esperientzia onak eta txarrak igarotzen ditugu, eta badago zerbait hor, sakonean, elkarbanatzen duguna. Emozio horiek kantuetan agertzen direnean, lotura hori aurkitzen dugu.

Kantu batzuek badute nolabaiteko erregresio boterea. Entzuten ditugunean, garai zehatz batera eramaten gaituzte. Zuei ere gertatu zaizue disko hau grabatzerakoan?

–Noski, gure abestiek nahitaez zenbait momentutara eramaten gaituzte. Abesti bakoitzak ere ekartzen dizkigu oroitzapenen bat, momentu desberdinak, jende desberdina, garai zehatz batzuk… Guzti horiek bereziak dira eta hor daude. Gure kontzertuetara etorri direnek ere hori esaten digute askotan, erregresio moduko hori bizi dutela. Polita izaten ari da alde horretatik, positiboa.

Urtzen gitarra distortsionatuetara ohituta geunden, baina disko honetan bestelako kutsu bat eman diozue abestiei. Badute zerbait sinfonikotik, soken soinuarekin ere…

–Konponketei dagokienez, Danik egin duen lana aipatu beharra da. Ordu piloa sartu ditu produkzioan eta gitarra jole bezala ere oso-oso aberatsa da bera. Antzokietan jo behar genuela eta, areto horietan duzun isiltasuna, iluntasuna baliatu nahi izan dugu hau sortzeko ere. Sentsazio horiek bilatzea eta aurkitzea eta oso aberasgarria izan da guretzat. Asko ikasi dugu disko honen grabaketarekin.

Abesti horietako asko jada baladak ziren jatorrian. Horrek ere erraztu du moldaketa prozesua?

–Bai, bai. Diskoak berez bi atal ditu: Bihotza urtzen eta Izotza urtzen. Lehenengoan sartu ditugu betidanik izan ditugun balada horiek, antzokietan jotzeko oso aproposak ikusten genituenak. Arregloekin beste puntu bat gehitu zaie. Bigarren atalean, gogortxoagoak diren abestiak sartu ditugu, aldaketa handiago bat eman diegunak. Azkenean, nahiko disko orekatua gelditu dela uste dut.

Bertsionatu dituzuen zuen betiko abestiez ari gara, baina kantu berri bat ere gehitu diozue zuen bildumari disko honetan. Hain zuzen ere, diskoari izena ematen dioena: ‘Urtzen’. Zeren inguruko abestia da hau?

–Oso abesti garrantzitsua da niretzat, pertsonalki. Bertan hitzetan esaten denak lan honen ideia orokorrarekin zerikusia duela iruditzen zait. Batik bat hitz egiten du gaur egun, betidanik baina baita gaur egun ere, zer nolako garrantzia duen norberak barne-barnean ditugun kolore horiek mantendu eta kaleratzeko beharrak. Gizarte honetan dugun iluntasun honetan aurrera egin behar izateaz hitz egiten du. Etapa berri honi ere izena ematen dio kantu honek, nolabait.

Dagoeneko ekin diozue diskoaren aurkezpen birari. Zer moduz diskoa oholtzara eramateko prozesua? Nola joaten ari da?

–Bai, jada bi kontzertu egin ditugu, Lekeition eta Bilbon, eta egia esan ez genekien orain arte nola joango ziren, zein izango zen harrera. Eta oso pozik gaude, esperientzia ederra izaten ari da. Entzuleentzat ere desberdina izaten ari da, eszenatokian gaudena jada ez garelako gu laurak bakarrik. Musikari gehiago gaude bertan eta horrek beste dimentsio bat ematen dio taldeari soinu aldetik. Iruditzen zait, bestalde, abestien hautaketa nahiko txukun dagoela, oreka bat badagoela, pasarte desberdinak…

Iruñean jotzeko txanda iritsi zaizue dagoeneko. Non eta Nafarroako Antzerki Eskolan, oholtza ederra, ezta?

–Bai, goxoa eta oso gertukoa. Badirudi giro polita egongo dela antzokian. Beraz gogoekin gatoz Iruñera.