Gai gordina dakar Alaine Agirrek (Bermeo, 1990) Kamisoi zuri zetazkoa bere azken eleberrian. Hamaika urteko ume bat da kontakizun ilustratu honetako protagonista, eta harekin batera, gizonezko heldu bat, neskatoaren inozentziaz aprobetxatuko dena.

Konta iezaguzu nondik nora doan istorioa.

Nobela labur bat da, 11 urteko neskatila baten udako kanpamentu bateko egonaldia kontatzen duena. Hara bidali dute gurasoek ingelesa hobe-tzeko eta lagun berriak egiteko, baina hurbiltzen zaiona begirale heldu gizonezko bat da, bere inguruan armiarma sare bat zabalduz joango dena.

Zer dela eta bururatu zitzaizun haurren aurkako eraso sexualari buruzko istorio bat idaztea?

Istorioak airean daude, norbaitek hartzeko zain. Beharbada oraintxe zen momentua. Gaia bezain inportantea da, ordea, kontatzeko modua. Ez dut egin nahi izan istorio morboso bat, ezta salaketazko panfleto bat ere, baizik eta sentsibilitatez idatzitako istorio arantzatsu bat, irakurleari barruraino sartu eta hor luzaroan geratuko zaiona.

Zer nolako narrazio mota erabili duzu horrelako gaia lantzeko?

Gaiak badu halako intentsitate bat, dramatismo bat, berezkoa, nik azpimarratu nahi ez nuena. Hortaz, egin dudana izan da estilo lehor bat lan-tzea, hitz gutxitan asko esateko, gauzak hitz erdiz esanez, horrekin nahikoa delakoan irakurleak egoera osoa imajinatzeko.

Liburua idazten denbora dezente eman omen duzu. Zergatik?

Orain dela ia bi urte eta erdi idatzi nuen lehen bertsioa, eta bitxia bada ere, hura aski luzeagoa zen azken emaitza baino: bidean kentzen eta kimatzen aritu naiz, liburuak nik neuk nahi nuen forma, itxura eta tonua izan zezan. Hori bilatzen jardun dut.

Gogorra izan da albisteetan hain ohikoa bilakatu den gaian sakontzea?

Bada gogorra, baina uste dut literaturarik mamitsuena gai minberetatik sortu ohi dela. Beharbada, baten batek pentsatuko du zergatik aukeratzen ditudan horrelako gaiak, baina bizitzak min ematen du, eta literaturak min hori jasotzen du; literatura mota horretan sinesten dut nik.

Nori gomendatuko zenioke liburua?

Literatura maite duen orori, batetik. Eta bestetik, abusuen gaiarekin sentsibilitatea duen edonori. Nik uste dut denok eduki beharko genukeela.

Narrazio ilustratua da ’Kamisoi zuri zetazkoa’. Sarritan, ilustrazioak umeekin lotzen dira, baina gaiari erreparatu besterik ez dago hau helduen-tzako narrazioa dela jakiteko.

Bai, ume bati buruzko istorioa da, ume horrek kontatua, baina helduek irakurtzekoa. Umeak ez daki zer ari zaion gertatzen, berak ez dituelako ulertzen oraindik helduen kodeak eta jokoak, baina irakurle helduak badaki, ohartzen da, eta horrek halako tragedia sentsazio bat sortzen dio, berak ikusten duelako zer gertatuko zaion ume horri monitore heldua hurbiltzen zaionean.

Sara Moranteren ilustrazioek osatzen dute testua. Nola sortu zen elkarlana?

Neuri bururatu zitzaidan, Ereini proposatu nion, eta haiek baiezkoa eman zuten, esfortzu bat eginda, helduen literaturan ez delako ohikoa liburu ilustratuak egitea, eta oso eskertuta nago, hori dela eta. Nik istorio osoa landu eta idatzi nuen lehenik, eta gero berak egin du ilustrazio lana, irakurketa paralelo moduko bat dena, oso ederra eta interesgarria, zinez.

Zuretzat liburu berezia dela esan zenuen aurkezpenean. Zer dela eta?

Harribitxi bat dela esan izan didate, eta pozten nau definizio horrek. Kontakizun laburra da baina sakonera handikoa. Hitz gutxi erabiltzen ditu baina guztiz neurtuak eta arretaz hautatuak. Niretzat mugarri bat da liburu hau, beste leku batera iritsi naizela iruditzen zait eta nahi nuke irakurtzen duenaren gogoan ere marka bat uztea.