Berriki eztabaidatxo bat izan dut lagun batzuekin euskal itzulpengintza literarioaren inguruan: haietako batek zioen mendekotasun gutxiago beharko lukeela espainiar merkatuan egiten diren gaztelaniazko itzulpenekiko. Zuzen zegoela erantzun nion, noski, baina, edonola ere, zaila dela mendekotasun hori haustea, kontuan hartuta Munduko Letren Errepublikako berritasunak ezagutzeko erabiltzen jarrai-tzen dugun bide nagusia Espainian -edo Frantzian- argitaratzen dena dela, oro har.

Hala ere, gehitu nuen, uste dut badaudela elementu batzuk kontrapisua egiten diotenak joera orokor horri. Alde batetik, literatura “klasikoaren” ondarearen itzulpenean dauden hutsune handiak: asko dago itzultzeko oraindik, eta, ikuspuntu horretatik, oso eskertzekoa da EIZIEk egiten duen lana, Literatura Unibertsala sailarekin. Argi dago liburu horiek ez direla nobedadeak, preseski, baina halakoak euskarara ekartzeak pizten du, euskal irakurle batzuongan behintzat, erdaraz bestela irakurtzeko premia berezirik ez dauzkagun lan batzuei heltzeko interesa, eta sorpresa ederrak ematen dizkigute; azkenekoetako bat, nire kasuan, E. Brönteren Gailur ekaiztsuak, adibidez.

Hor koka daiteke, orobat, duela urte batzuk A. Kristofen Koaderno handiarekin gertatu zena: espainiar merkatuan batere nabarmendu gabe ibilbidea egin ondoren, euskarara itzuli eta irakurle andana topatu zuen; Espainian, bigarren txiribuelta batean, arrakasta izan zuenerako, euskaldunok aski ondo ezagu-tzen genuen liburua. Eta, horrekin lotuta, asko goraipatu genuen azken urteotako argitaletxe txikien inurri lana: Igela, Edo! zena, Meettok, Pasazaite, Denonartean edo Katakrakez ari naiz, zer esanik ez.

Norbaitek atera zuen hizpidera zein oharkabe pasa den J. Barnesen azken nobela, Istorio bakarra (Meettok 2018), euskarara gaztelaniara baino hilabete dezente lehenago itzuli izana, udan liburu dendetan baitzegoen jadanik, eta espainolez 2019ko otsailera arte ez delako argitaratu. Halako zirkunstan-tziak gutxitan gertatzen dira, ordea: izan ere, Anagrama argitaletxeak berariaz atzeratu zuen “bere” egile kutunetakoa den Barnesen La única historiaren kaleratzea, berriki ateratako ingelesaren beste liburu bat ez “zapaltzeko”, eta, susmoa dut, argitaletxearen bilduma horixka famatuaren 1000. zenbakiarekin kointzidiarazteko. Eta, bestalde, euskarazko liburuak izan duen oihartzun eskasak zer ikusia izan dezake, orobat, itzulpenak guztiz falta duen azken orrazketa lanarekin -Meettok argitaletxearen izenburu batzuen patu tamalgarria?-.

Ildo horretan, agian albiste hobea da, adibidez, Pasaizaitek H. Blasimen Kristo irakiarra kaleratu izana, edo Katakrakek L. Feinbergen Mari-mutil handi baten bluesa, gaztelaniaz argitaragabe jarraitzen dutelako eta, ondorioz, irakurle elebidunak baino ez baitu, gurean, horiekin gozatzeko aukerarik.

Baina beti ere gogoan hartuz halakoak, oraingoz, salbuespen direla gurean. Pozgarriak, baina salbuespen. Gureak, batzuetan normaltasunaren zulo beltzaren inguruan orbitan dabilen literatura bat izan daitekeen arren, salbuespenezko literatura bat izaten jarraitzen duelako. Zoritxarrez, eta baita zorionez ere, batzuetan.

Eta, ondoren, topa egin genuen salbuespenengatik, eta salbuespenen murrizketagatik.