Telebistan, aspaldi, Orioko arraunlariei buruz bota zuten erreportaje bateko pasarte bat gogoan iltzatuta geratu zitzaidan. Antropologikoa iruditu zitzaidan, euskal nortasunaren arketipo bat erakusten zuelako. Bertan ageri zen Juan Lizarralde Altxerri, duela sei urte zendu zen arraunlari handia. Garai hartan bere seme Miguel Angel arraunean zebilen, eta kontatzen zuen nola emozionatzen zen Kontxako bandera herrira ekartzen zutenean. Plaza jendez gainezka, itsas-mutilak udaleko balkoian agertzen zirenean, bandera lau haizetara astinduz, ezin izaten omen zion malkoei eutsi, eta bazter batean ezkutaturik negar egiten omen zuen. Euskaldunak emozioekin izan duen harreman klasikoaren eredua zen Altxerri: sentimenduak zilegi dira, baina negar ezkutuan egiten da. Negarra pribatua da. Emozionaltasun erreprimitua ere deitu diote, genero maskulinoari ezarritako debekua: gizonek ez dute negar egiten.

Gaur guztiz eraldatu da emozioen kudeaketa, eta paroxismoraino heldu gara, batez ere telebistaren eraginez. Programa guztietan ageri da negar egiten duen jende andana; esango nuke albistegietan ere, erreportariak negar egiten duen jendearen atzetik dabiltzala, kamera bizkarrean. Negarrari publizitatea egiten zaio, eta bi ahoko arma bilakatu da: arrazoirik ez duenaren azken errekurtsoa, batetik, eta zikoitzaren aurpegia garbitzeko ebidentzia, bestetik. Gaixoa, begira zein bihotz onekoa den, negar malkotan jarri du zure zakarkeriak! Ez gehiago zauritu hain sentibera den izakia! Euskaldunok ez gara gutxiago, eta ikusi ditugu arraunlariak, futbolariak, pilotariak negarrez, eta hori irabazi egin dutenean!

Negarraren erakustaldi honen abaroan sortu da literatur azpi-genero bat, bi norabide hartu dituena. Batetik, gaitz larriren bat gainditu dutenek idazten dituzten liburuena, euren esperientzia kontatuz, antzera dagoen baten batek lezio positiboak atera ditzan; eta, bestetik, zoritxar izugarriren bat jasan dutenek idazteko beharra sentitu duten liburuena. Seme-alabaren bat istripuz hil bazaie, hari buruzko liburu bat atontzen dute, argazkiz eta lagunen kontakizunez osatua, Mikelen irribarreak iraun dezan orriotan, eta ezagutu ez zutenek jakin dezaten zeinen mutiko alaia zen, bihozbera, bizitzaren maitale eta hurkoari lagunduzale, mina publiko egiteak haren barne-digestioa arinago bihurtuko balu bezala. Bizi-gogoaren aldeko aldarritzat aurkezten badira ere, aro negarti honetan soilik dute liburuok zentzua, auto-laguntzaren maxima nagusiaren jarraitzaile direlako: emozioak agertu egin behar direla, hitzak jarri, hartara ulertu eta gainditu ditzagun.

Hitzak jarri, bai; gizakiarengan dena izendatu behar honek harri-tzen nau ni gehien, hitzen artisaua naizen aldetik hauen hutsaltasunaz ere dezente dakidalako. Baina gauza bat da zure egunerokoan zeure-tzat idaztea, eta bestea liburu bat salgai jartzea. Eta honetan ikusten dut liburuak oraindik mantentzen duen prestigioaren indarra, bere garaipena.

Heriotzak eraman zuen senide maitatuarentzat zerbait eternoa bila-tzen hasita, liburua aukeratzen dutela oroimenaren gordailu gisan, mendeak zeharka ditzakeen objektu magikoa balitz bezala, gure zaharrei entzuten genien beste maxima hura egia dela sinetsita: “liburuan idatzitakoa hor geratzen da betirako”.

Liburua: Gizakiak hil ondoren iraun nahiaren antzinako ametsari eman dion erantzun perfektua.