Sarritan argitaratzen dira artikuluak, erreportajeak edo saiakera liburuak idazleen eta, oro har, sor-tzaileen bizitza sexualari buruz; edo zehatzago izanda, bizitzea egokitu zitzaien garaiko arauetatik kanpo zeuzkaten joera sexualei buruz, zeinak, gehienetan, modu patologikoan agertzen dizkiguten, eta gehienetan sortzaileok beren obretan agertu zituzten balore moral eta gizakoiei kontrajarriak. Edozeinen bizitza sexualak interesik duen edo ez kuestionatu liteke, baina ikerketak etengabeak dira.

Etengabe eman zaizkigu jakitera musikari, idazle, margolari, eskultore eta abarren bizitza sexualaren zertzeladak: maitaleak direla, eskandaluzko homosexualitate ageriko edota ezkutatuak, mirespena baliatuz eromeneraino eramandako ikasle gazteen tragediak, maitale suizidatuak, psikiatrikoetan giltzapetutako emazte laidotuak, promiskuitate asezinak? Garaiko biografietan jasota ageri dira hauetako asko, baina aldika ikerketa bat aurkezten zaigu, halako irakaslek Oxfordeko artxibategian, adibidez, aurkitu dituen gutun batzuen azalpena, non ageri den idazle batek hogei urtez izan zuen maitale sekretu baten berri, edo emazteari eman zizkion disgustuen zerrenda amaigabea. Gehienak gizonezkoei buruzko kondairak dira.

Literatur genero honetan izan dugun azken berriak Charles Dickens zuen protagonista, bere emaztea psikiatrikoan sartu nahi izan zuelako, an-tza, maitale gazte batekin libroki gozatzeko. Edo izan liteke ThomasMann-en homosexualitate erreprimitua, Egon Schiele margolariaren desbideratze perbertsoak, James Joycek emazteari idatzitako gutun likitsak, edozer. Zalantzan jarri behar dira “ikerketa” etiketarekin aurkezten zaizkigun egia horiek, edonor ohartu bailiteke zein zaila den gutun batzuetako lerroen bitartez errealitatearen sakontasuna ulertzea, konplexutasuna arakatzea, zein zaila literatura eginez gaurko betaurrekoekin argi egitea historiari.

Bestetik, niri oso sinplea egiten zait sexu-arazo horiek ulertzea, nik arazo gisan definituko ez nituzkeenak, arazoa gehiago baita garai bakoi-tzeko moralarentzat zer den eredugarri, eta zer ez, alegia: zer erreprimitu beharrekoa, eta zer aske bizi-tzekoa. Arazo zirenak ohitura bilakatu daitezke hamarkada gutxitan.

Oro har, gizartean bi pertsona mota egon ohi dira: tradizioa mantentzen dutenak, batetik, aurrekoek utzitakoa errepikatzera mugatzen direnak, eta hori gainditu nahi dutenak, bestetik, zerbait berria ekarriz euren mundualdiari. Eta berritzaile hauen artean sortzaile artistikoak dira muturrekoenak. Ohitura, moral eta bizitzeko kode ezarriak estuegi zaizkie, haien senak oraindik inork irudikatu ez duen zerbaiten bila daramatza, eta bidaia horretan ez dute, noski, beste bizi-alorretan ere ezarria dagoena errepika-tzera mugatu nahi.

Errepikapen hori tristea zaie, mugak esploratzea dute moral nagusia, hesiak zabaldu, giro pozoitsuak egurastu, ez dira kabitzen kortse sozialetan? eta ez dira kabitzen sexu konbentzionalean. Hau, noski, ez da sortzaileen jabetza soila, jakin-mina duen edonorena, baizik, baina sor-tzaileek duten bizi-filosofian ezin hobeto txertatzen da arauetatik haratago joateko pultsioa. Hori gauzatzen asmatu zuten edo ez, beste kontu bat da. Haren oinarrian zegoen energia ulertzen dut, indar horren emaitzak epaitzen hasi gabe.

Izan ere, askok dauzkate arazoak sexuarekin, egiten dutenek, eta egiten ez dutenek, sexua arazo gisan etiketatu zuten unetik.