Destiny jokoa 2014.urtean jarri zen salgai. Activision enpresak bultzatua, milioika euroko inbertsioa egin zuten iragarkietan, prentsa espezializatuan eta Youtuben. Baita 2013ko E3 azokan egindako bonbardaketan, trailer zinematiko ikusgarriarekin. Salgai jarri eta lehenengo astean 500 miloi euroko salmenta neurriak izan zituzten mundu osoan zehar. Salmentei begiratuta izugarrizko arrakasta izan zutela argi dago. Baina, jokoaren inguruan sortzen joan zen gaitzespena ikaragarria izan zen.

Esaterako, jokoak eduki falta ikaragarria zuen, misio asko berdintsuak ziren eta grafikoki ez zen beste munduko ezer, are gehiago kontuan izanda jokoak 70 euroko irteera prezioa izan zuela. Gainera, jokoa osatzeko DLC-ak jarri zizkioten (joko barruan egiten den eduki gehi-tzea, bere prezio gehigarriarekin, noski). Arazo hauek medio, jokoan parte hartzen zuen jende kopurua pixkana jaisten joan zen. Kontuan izanda jokoak mundu zabaleko MMOen arima zuela, eta 10 urteko biziraupena izateko asmoarekin sortu zutela, jokalari falta medio, 2017an Destiny 2 jokoa kaleratu zuten.

2016.urtean iritsi zen merkatura No Man´s Sky, Hello Games-en eskutik. Planeta miaketa eta merkataritza ardatz zuen biziraupen motako jokoa zen, mundu zabala eskaintzen zuen prozedura sorkuntza erabiliaz (ausazko mundu sorrera). Itxura bikaineko ideia zen 2013ko VGX sarietan iragarri zutenean. Merkaturatu zen urteko jokorik salduenetakoa izatea lortu zuen.

Baina arazoz jositako joko bat izan zen, bere garaian eskaintzen zituen edukirik gabe. Eduki falta medio, esanguratsua izan zen jokoan ziharduten bi jokalarik elkar topatzeko ahalegina nola egin zuten. Puntu zehatz batean geratu ziren elkar ikusteko, baina iritsi zirenean ezin zuten elkar ikusi, mundu zabaletan gertatzen den bezala. Horrekin batera, konturatu ziren galaxiaren erdira iristerakoan, jokoa berrabiarazi egiten zela eta egindako aurrerakuntzak galtzen zirela. Honek iskanbila handia sortu zuen komunitatean, milaka lagunek jokoa itzultzerainokoa. Horrelako arazoen eta garatzaileek agindutakoa ez betetzearen ondorioz, azkar bilakatu zen 2016. urteko jokorik txarrena izateko hautagai.

GAUR EGUNEKO KASUAK Baina hauek ez dira izan kasu bakarrak. Azkeneko urte hauetan arazoz beterik egon diren hainbat joko kaleratu dituzte. 2018an kaleratu zen Fallout 76. Bildumagile edizioen kalitate txarraren eta jokatzeko eduki falta ikaragarriaren ondorioz, komunitatea laster jarri zen aurka eta irteera egunetik astebetera, prezio erdian erosi zitekeen. Urte berdinean kaleratu zen Atlas piraten inguruko mundu irekiko jokoa. Bere egileak esan zuen 40.000 pertsonek batera jolasteko aukera eskaintzen zuela, baina inoiz ez zen eman honelako aukerarik, jokoak ez baitzuen jende andana jasan. Lehenengo egunean jokalarien % 80k balorazio negatiboa eman zioten jokoari.

Beraz, eman diezaiogun pentsatzeko astia gure buruari, eta buruarekin jokatu dezagun jokoak erosteko momentuan. Horrela, erabakirik egokiena hartuko dugu eta gure poltsikoak ez du etsipenik jasan beharko.