Arkitektoaren lanbidean ez dago txapelketarik, ez baita kirol bat. Baina literaturan edo zineman gerta-tzen den bezala -edo arte esparruan, oro har- arkitekturan ere lan “hoberenak” saritu egiten dira. Eta sariketa orotan gertatzen den moduan, lan hauen maila gorena zertan den definitzeko balidazio sistema eta irizpide batzuk daude. Akaso beste arte diziplinetan gertatzen ez den bezala, arkitektura sarien izaera publikoa ez da batere entzutetsua, nahiz eta saritutako eraikinak denontzat ikusgai egon eta horietariko asko biztanleria zabal batek erabili. Ikusgaitasun ez honek arkitektura eta publiko orokorraren artean dagoen urruntasuna agerian uzten du.

Sari horietara nork bere burua aurkezten du, hortaz, posible da aurkeztu gabeko eraikin hoberik egotea, nork jakin. Eraikina aurkezteko 75€-ko (+BEZ) tasa ordaindu behar da, eta bigarren lan bat aurkezteko, 50€-koa (+BEZ). Modalitate ezberdinak daude: eraikin berriak, zaharberri-tzeak, barne-diseinua, hirigintza, kultura eta zabalpen arkitektonikoa. Sarien helburua euskal arkitekturaren onarpen eta hedapena egitea da, maila ona hiru urtero neurtzeko tresna edo dira. Saria ohore handia da irabazlearentzat; baliteke oraindik ere arkitekto diziplinaren barne ateetara begira gehixeago izatea kanpora baino, baina hala ere esfortzua egiten da horma horiek puskatzeko. Saridunek etorkizuneko lanetarako kalitate-zigilua eskuratzen dute eta seguru asko eragina izango du haien lan-ibilbidean.

Epaimahaia Euskal Herriko Arkitekto Elkargo Ofizialeko karguek osatzen dute -arkitektoak direnak eta arkitekto elkargokideen botoen bidez aukeratuak izan direnak-, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako ordezkaritzetakoak, Gobernu-Ba-tzordeak erabakitako bi arkitektorekin batera -Euskal Herritik kanpokoak-. 10 epaimahaikide dira (7 emakume eta 3 gizon), epaimahaiaren zuzendaria emakumezkoa izanik (Arkitekto Elkargoaren Dekano den Matxalen Arkakuso).

23 ERAIKIN SARITU

Aurten 23 eraikin izan dira sarituak (irabazleak eta finalistak zenbaturik), eta haietatik gehienak taldean burutuak izan dira; 56 arkitektok, guztira. Epaimahaiaren epaitza-zerrendan emakumeen izenak 7 baino ez dira. 23 eraikin lan horien gehiengoa bikote arkitektoek burutu dituzte, tandem maskulinoa nagusitzen delarik. Bestalde, artelana modu indibidualean sinatzen dutenen kopurua asko jaitsi da azken urteetan. Arkitektura lan-talde baten emaitza bada ere, egiletza zuzendari papera zuenaren izenean azaltzen zen. Aurten 4 besterik ez dira ageri. Beraz, datuok lanbidearen mapa bat marrazten dute, argi eta garbi: kolektiboan lan egiteko joera eta arkitektura lanbidearen izaera maskulinoa nagusitzen dira, oraindik ere.

Arkitektura lanei begira ere bada zer esanik. 2019ko sarietan merezimendua jasotako eraikinen balorazioan lekuari egiten zaion keinua nabarmentzen du epaimahaiak eta, zehazki, testuinguruan “integraturik” gelditzea. Gai klasiko bat da hau arkitekturako literaturan, arkitekturaren funtsa baita esku-hartzearen kokapena aldatzea eta, beraz, lekuari egiten zaion irakurketa ondorengo pausoetan erabakigarria da. Lanketa hau ez da inguruan dagoenarekiko mimetismo operazio bat, eta horregatik diziplinatik kanpo arroztasunez ulertzen da jokaldia. Bide berdinetik, hegaldurarik gabeko estalki asko saritu dira aurten -sari zerrenda gehienetako joerari jarraituz-, euri uren kanalizaziorako beste eraikuntza soluzio bat proposatuz, hegalduraren tradiziotik ezberdina.

Bioklimatika eta teknika “berdeen” aplikazioa beste joera garaikide bat bada ere, eraikin bakarra aukeratu dute, ezaugarri horiek goraipatuz. Horrek ez du esan nahi energiaren aurrezpena bigarren maila batean dagoenik; kontrara, energia aurrezpen gaiak barneraturik daudela eta aipagarriak ez izateraino iritsi direla esan genezake. Hormigoiaren erabilera interesgarria egin izana bi lanetan azpimarratu da, hala nola erabilera-programaren ulerkera malgua.

ERDAL IZAERA

Arkitekturaren argitarapen eta kulturaren alorrean, sari hauetan gabezia orokor bat dago, oraindik ere: euskara eta euskal herritartasunaren hutsuneak arkitekturaren zabalkundean. Lanbidearen erdal izaera agerian geratu da beste behin. Gainera, garaikideak diren beste gai batzuk -arkitekturan biztanlegoa partaide egiteko prozesuak, material lokalen erabilera aurreratua, operazio arkitektoniko ekologikoak edo aurrekontu murri-tzarekin erdietsitako lana izatea- ez dira sarien merezimenduetan goraipatu. Elementu hauen hutsunearen arrazoia izan daiteke egin diren tankera horretako hurbilketak zirkuituetatik kanpo daudela orain, porrotaren ondorioz. Ez dezagun ahantzi sari-sistemaren “irabazlearen logikak” agintzen duela eta, beraz, errealitate-maparen irudikapen partziala izango da beti.