Aurten bete dira hamabi urte Aimar Elosegi Ansa, Moio, gazte transexualak bere buruaz beste egin zuenetik. Kattalin Miner (Hernani, 1988) kazetari eta idazleak herrikide eta lagun mina zuen Elosegi, eta luzaroan aritu da gertakari lazgarri hura gainditu nahian. Orain, mina baretu dela sinetsita, tonu pausatu bezain politikoan heriotza hori plaza publikora atera nahi izan du berriro Minerrek, “isilegi eta goizegi” zegoen istorioa paperean jarriz. Hustu baino, liburu honetan “eusten” ibili dela dio Minerrek; zuzenean jotzen duen errealitate hurbil bezain gordinaren saminari eusten edo. Era “intuitiboan” osatu du lana, senak jarraitzen zionari segika, testigantzak kateatuz.

Moio. Gordetzea ezinezkoa zen (Elkar) ez da biografia bat, ez eta gertatutakoaren kronika bat, “gaia azaleratzeko aitzakia” baizik. Minetik ez idazten ahalegindu dela dio egileak, prozesu osoan bere buruarekin borrokan arituz, “sentimentaltasunean” erortzearen beldur. Minaren gainetik gertakari baten memoria erreskatatzeko ari zela idazten irmo mantenduz lortu du helburua egileak, eta aitortu du ariketaren emai-tza, hein handi batean, aurrean izan dituenek osatu dutela. “Nik banekien gertakaria politizatu nahi nuela, baina ez nekien zerekin egingo nuen topo, eta topatu dudana hori izan da: ikuspuntu pausatu bat, politiko bat, irakurketak eginda dituen jende batenak, denbora honek zerbaiterako balio izan dien pertsonen hitzak”.

SENAK AGINDUTA Bederatzi elkarrizketa bildu ditu Minerrek liburuan. Aimarren anaia, kuadrillako lagunak eta Medeak talde transfeministako kideak elkarrizketatu ditu, besteak beste. Kultur ikuspegitik halako gertaera batek izan dezakeen eragina ere aztertu nahi izan du, eta Maialen Lujanbio bertsolariaren eta Iratxe Retolaza kultur kritikari eta EHUko irakaslearen testigantzak ere jaso ditu. Eta, “borobilduz”, egun lehen pertsonan egoera bizi duen gazte baten hitzak ere jaso ditu; Brayan Altimasbere Hernaniko gazte transexuala da liburuko azken elkarrizketatua.

“Osagarriak izan dira elkarrizketak, ez dira errepikakorrak izan, eta momentu batean bukatu egiten dira, “bukaerak hor behar zuelako”, egilearen aburuz. Berriketaldi guztietan entzutea egokitu zaio Minerri, eta irakurleari ere bidaia horixe proposatzen dio. “Jasotze ariketa bat izan da, eseri eta entzun. Irakurleari ere hori saiatu naiz iradokitzen, nirekin batera joatea topatzen aurrean esertzen den norbait eta aurretik daukazun informazioa gehitu”. Horrela osatu du kontakizuna, puzzlearen piezekin banaka topo egin eta elkarren segidan jarrita istorioa berreginez.

Hamabi urte ez dira alferrik igaro, baina, eta idazlea sinetsita dago beharrezkoa izan dela denbora tarte hori, beraren-tzat zein gainerakoentzat. “Beharrezkoa izan da osatze pertsonal bat berriro gai honi eusteko eta kolektiboki eragiteko; nik behar izan dut Kattalin bezala”. Egileak aitortu du ez duela “batere sufritu” idazten; are, “asko gozatu” duela aitortu du. Irakurketa politiko eta sozial bat egin eta bere posizioa, hots, gertakariarekiko hurbiltasuna, ez ezkutatzen ahalegindu da. Bertatik idatzi du Minerrek, posizio neutroa mantentzea ezinezkoa zela ohartuta. Oso heriotza publikoa izan zen Elosegirena, Hernanin oihartzun handia izan zuena. Ahaztu ez, baina plano intimora igarota zegoen honetan atera du argitara berriz gertakaria idazleak, sufrimendu hartatik ikasten segitzeko. “Oraindik ikasten gaude. Intuizioz babes osoa zuen heriotza bat karga politikoz janzten jarraitzen dugu eta ikasten jarrai-tzen dugu horrekin”, dio Minerrek.

NORBERA AUZITARA Hausnarketara ere bideratu nahi ditu irakurleak Minerrek, transexualitatearen inguruan norbanakoek eta jendarteak dituen ezagutza, aurreiritzi eta iruditegia auzitan jarriz. “Ausartak izan behar gara, ezin dugu konformismoan erori. Transexualitatearen inguruan hiru kontzeptu ikasi eta uste dugu oso koherenteak eta aurrerakoiak garela, baina ezin gara horretan geratu”. Urrats bat harago joatean ezinbestekoa iruditzen zaio idazleari, “aldaketa erreala” abia-tzeko. Zerbait mugitzen hasia da, ordea. Suizidioaz baino transexualitateaz mintzo da eleberria, eta egileak atzeman du gaiarekiko ikuspegia aldatu egin dela hamabi urte hauetan. “Ikusgarritasunean eman dira aurrerapausoak, batez ere. Orain transexual esanda iruditegi bat sortu dezakegu, duela hamabi urte ez”. Bidea egiteko dagoen arren, hasita dagoela deritzo, eta Minerrek bere ekarpena egin nahi izan dio auziari, Moioren memoria berpiztuz.