Iruñeko kartzela zaharra eraitsi egingo zutela jakin zuen Gaizka Arangurenek 2012an. Denboran 30 urte atzera eginda, soldaduskaren aurka eta intsumisioaren alde Euskal Herriak bizi izan zuen borrokaren lekuko izan zena, hain zuzen, ehunka gazte intsumiso gatibu izan zituen espetxe bera, Aranguren barne. Oraindik ere ideia zehatzik izan gabe, Arangurenek eraisketa grabatzeko baimena eskatu zuen Iruñeko Udalean, Labrit Multimedia ekoiztetxearen bidez. Eraisketa baino 48 ordu lehenago, orduan alkate zenaren, Enrique Mayaren, deia jaso zuen. “Azaldu nion kartzela horretan gure bizitzako pare bat urte pasa genuen zenbait intsumiso presoren bizitzaren parte batzuk berreraiki nahi genituela kartzela barruan, gure ziegak ziren horiek berriro bisitatu, bertara bueltatzeak sortarazten zizkigun sentimenduak, gomutak eta gauza guzti horiek kameren aitzinean bota eta hori gorde. Egunen batean, pelikula dokumental bat egiteko asmoarekin”. Hori azaltzean Mayak bota zion: “Baina gero aterako zarete, ezta?”. “Bai, oraingoan bai”, erantzun Arangurenek.

Izan ere, derrigorrezko soldaduska bertan behera utzi zutenean, arrastaka atera behar izan zituzten Iruñeko kartzelatik bertan preso zeuden azken intsumisoak. “Kartzela tresna politiko gisa erabiltzen genuen soldadutzaren kontrako borrokan, egoera zabaltzeko. Antimilitaristak ginen, eta gara, eta horrez gain, armaden deuseztapena nahi genuen”, kontatu du Arangurenek.

Horixe izan zen 2 urte, 4 hilabete dokumentalaren hazia. Dozena bat intsumitu Iruñeko kar-tzelara sartu ziren, bideo kamera eskuan, eta txoko guztiak bisitatu zituzten, garai baten egiten zituztenak berriro ere eginez: kartelak jarri, batzartu, eta baita ere norberak bere bizitza pribatuan egiten zituen zenbait gauza. Eraispena ere osorik grabatu zuten.

GARAI BATEN LEKUKO Dokumentala zuzen-tzea proposatu ziotenean, intsumisioari buruzko materialez betetako bi kutxa jaso zituen Lander Garrok: argazki zaharrak, kar-tzelan egondako garaiko bilera aktak, espetxeko zigor-abisuak? “Gatibualdiaren lekukotasun bat, nolabait ere”, gogoratzen du. Horrekin batera Iruñeko kartzela zaharra eraitsi aurretik grabatutakoak ere pasatu zizkioten zuzendariari. Irudiak ikustean harritu egin zen Garro, izan ere, intsumisoak “triste, hunkituta” zeudela iruditu zitzaion. Arangurenek azaldu zion: “Erabateko jazarpena jasan duen pertsona batek izan ditzakeen sentimendu kontrajarriak izan genituen. Oso adierazgarria da norberak bere ziega ikusi nahi izatea. Oso kuriosoa”. Azken finean, garai baten lekuko izan zen espetxea, euren historia ikusi zuen tokia, eta hori erori egingo zela-eta, pena ere sentitu zuten intsumisoek.

Garrok ikuspuntu horri heldu dio dokumentalaren abiapuntu gisa: “Pentsatzen hasita, konturatu nintzen eurek, orain 50 urteren bueltan daudenak, garai hartan egindako borrokari oso lotuta jarraitzen zutela. Benetan ziur zeuden estatua ahul zegoela intsumisio mugimenduaren aurrean eta erabaki zuten kartzelan sartuta garaipena lortuko zutela. Talka handia izan zen, baina, era berean, kartzelan bizi izandakoaren harrotasuna zuten, lortu zutelako estatuak derrigorrezko soldaduskarekin buka-tzea”. Urteen perspektibarekin, garai hartako garaipen horri oso lotuta jarraitzen dute eta kartzela bota zutenean, “euren borroka eremua, eurena zen toki bat botatzen zutela sentitu zuten, ez estatuarena edo etsaiarena, baizik eta eurena.Nik hori sentitu nuen eta ideia horrek eman zidan istorio hau kontatzeko ardatza”, kontatu du Garrok.

Proiektuaren izenburura eraman zuten intsumisoei ezarri ohi zieten kartzela zigorra: 2 urte, 4 hilabete. “Hori zen hasiera batean eurentzat izango zen zigorra, baina gero, eurek jakin ez arren, bizitza guztian eramango zutena”, aipatu du zuzendariak. Denbora epe horrek har-tzen duen “tamaina eternalak” eman zion atentzioa Garrori, hain zuzen.

Aurten, soldaduskaren aurka desobedientzia ikur zuen intsumisioaren borrokak 30 urte bete ditu. Askotariko arrazoiak tarteko, duela hiru hamarkada, milaka izan ziren soldaduskari ezetz esan zioten gazteak. Borroka hori jaso nahi du 2 urte, 4 hilabete proiektuak, egindako ekarpenaren lekukotza utzi nahian. Izan ere, Arangurenen esanetan, “desobedientzia zibil ez bortitza gizartean eragiteko tresna politiko zoragarria” dela erakutsi zuen. Bide batez, borroka horren garaipena ere ospatu nahi dutela kontatu du: “Antimilitaristak ginen, eta gure helburu nagusia armadak desagerraraztea zenez, soldaduskari uko egitea despenalizatu zutenean ez genuen gure helburua guztiz bete genuenik ikusi, eta ez genuen ospatu. Hala ere, derrigorrezko zerbitzu militarrarekin bukatu izanak merezi zuen ospakizun bat, garaipen politiko hori aldarrikatzea garran-tzitsua baitzen. Garaiz gabiltzala iruditzen zaigunez, orain egingo dugu”.

Garroren iritziz, intsumisoek ikasgai bi utzi zituzten. Batetik, erronka kolektibo handi bat dagoenean, eta gauzak benetan aldatu nahi direnean, txikitasunetik aldaketak eragiteko moduak ere badaudela. Bestalde, mugimenduaren “transbertsalitatea” aipatzen du Garrok, oso jende ezberdina baitzegoen sartuta.

BABES ZABALA Intsumisioaren kontakizuna egiteak berebiziko garrantzia du zuzendariaren ustetan, izan ere, soldaduskak milaka gazteri eragiten zien. “Estatua gazteen etxeetara joan, atea jo eta zure anaia, semea zein mutil-laguna eramaten zuen urtebetez, desfilatzen, hiltzen eta etsaiarengandik ezkutatzen ikastera. Garai bateko belaunaldi bat eraman egiten zuten, derrigor eta euren borondatearen aurka”, iritzi dio Garrok. Horren kontrako mugimendua hasi zenean, inor gutxik pentsatuko zuen ezer lortuko zutenik. Euskal Herrian gizarteak intsumisio mugimenduaren helburuei eta erabilitako bitartekoei ematen zien babesa “oso nabarmena” zela kontatu du Arangurenek: “Agian horregatik erabili zituzten Nafarroa Garaia eta Iruñeko espetxea laborategi gisa, inoiz ez bezalako jende kopurua izan zuten, preso soldaduskari ezetz esateagatik”. Egun, Intsumisioaren parkea dago kartzelak utzi zuen orubean, eta hori “garai hartan izandako babesaren ondorioa” dela uste du Arangurenek.

Sei intsumiso izango dira dokumentalaren protagonista nagusiak: Arangurenekin batera, Juan Kruz Lakasta kazetaria, Jaxinto Gomez irakaslea, Tonino Carotone musikaria, Fernando Mendiola irakaslea eta Iñigo Balbas suhiltzailearen ahotik jasoko dituzte testigan-tzak ikusleek. Garrok kontatu duenez, horiek elkartu eta iraganaz, orainaz eta etorkizunaz arituko dira. Esaterako, duela denbora bat Yemenera armaz beteta zihoan itsasontzi batean laguntzeari uko egin zion Ina Robles suhiltzailearekin egongo da Balbas. “Bi suhiltzaileak elkarrekin egongo dira momentu batean, hitz egiten nola egon zaitezkeen erakunde batean eta era berean militarismoaren kontrako jarrera izan. Edo Lakabe (Nafarroa) herrira joango gara han nola antolatu diren ikustera? Gaur egun ere, sistemaren gurpilean ez egoteko zirrikituak badaudela erakutsiko dugu”, aurreratu du Garrok. Intsumisoez gain, garai hartako beste hainbat lekukotza ere jasoko dituzte: adituak, intsumisoen senideak, emakume militanteak, etab.

Sanfermin intsumisoak 2 urte, 4 hilabete dokumentala egiteko finantzazio kolektiboko kanpaina jarri zuten martxan, eta Izar Films eta Labrit Multimedia ekoiztetxeen elkarlanarekin batera aurrera doa egitasmoa. Uztailean, Sanferminetan, dokumentalaren zati esanguratsu bat grabatuko dute. Izan ere, deigarria zen oso, Sanfermin garaian, festa zela-eta, mundu guztia Iruñera begira zegoenean, hainbat urtez, kartzelan ehun lagun inguru preso egotea soldaduskara ez joateagatik. “Kontzien-tzia eragozle izateagatik zeuden preso eta eurengandik metro gutxira planetako jairik handiena zegoen”, dio harrituta Garrok. “Jendea Iruñean bertan antolatu egiten zen erdi konpartsa, erdi manifa batean kartzelaraino joateko eta edariak botatzen zizkieten alde batetik bestera ziklistentzako botilatxo horietan sartuta. Irrati bidez ere mezuak bidaltzen zizkieten. Oso ederra iruditu zitzaidan jendeak zer egiten zuen intsumisoek ere festan parte har zezaten”. Sanferminak intsumisoekin bizi nahi ditu zuzendariak, beraiek kanpoan egonda, hori gogoratuz. Horretarako, garaipenaren ospakizun sinbolikoa egingo dute kontzertu intsumiso batekin. Uztailaren 10ean, Zumalakarregi atarian Tonino Carotonek garai hartako eta intsumisioari buruzko abestiak kantatuko ditu. Euskal Herriko intsumiso guztiak gonbidatu dituzte ospakizun horretara.

2020rako izan nahi dute prest dokumentala eta ahalik eta zabalkunde handiena izatea dute helburu. Arangurenek dio “desobedientzia zibil ez bortitzaren aldarrikapena” egin nahi dutela Euskal Herriko zein Europako zinema aretotan. “Kartzela batean egondako pertsonaien istorioa unibertsala da”. Jendea historiarekin hunkitu eta estimulatu dadin espero du Garrok, “aurrera jarraitzeko eta bere eguneroko borroka txikietan animatuago egoteko”.