musika

Ez daudenengatik, daudenengatik bezainbeste

Agurtzane eta Ion Elustondo anai-arrebek ‘Bizirik dauden eskuak’ bigarren diskoa plazaratu dute.  Betiko trikiti doinuak moldatuz sortu dute lan berria

09.02.2020 | 06:22
Agurtzane eta Ion Elustondo anai-arrebak.

Badira ekintza, proiektu zein bizitzaren beraren norabidea guztiz aldatzen duten gertakariak, onerako edo txarrerako norbanakoen emozioetan berebiziko eragina dutenak. Horrelako astindu baten ondorio da, hein handi batean, Agurtzane eta Ion Elustondo anai-arreben bigarren lana. "Oso denbora gutxian bi zartako garrantzitsu hartu ditu trikiti munduak, eta oro har, euskal kulturak: Kepa Junkeraren sustoa abenduan eta Lajaren heriotza urtarrilean". Pasaden urtarrilaren 12an zendu zen Iñaki Garmendia Laja trikitilari azkoitiarra, urte askotako ibilbidearen ondoren. Elustondok irakasle izan zuen Laja eta hurbil jo zuen haren heriotzak. Era berean, iktus batek jo zuen Kepa Junkera iazko abenduan eta apurka-apurka ari da osatzen gaixoalditik. Argi hitz egin du Agurtzane Elustondok (Legazpi, 1975) barrenak mugitu zizkioten bizipen horien inguruan. "Egoerak erabat norabidetu du diskoa, ildo horrek eragin zuzena izan du edukian". Izan ere, notizia horiek ezagutu ondotik ekin zioten trikitilari legazpiarrek bete-betean proiektuari.

Orotara hamasei pieza biltzen ditu Bizirik dauden eskuak diskoak, hamar soinu eta pandero hutsez, eta beste sei instrumentu ezberdinek lagunduta, "jantziagoak". Denetik dago abestien artean: launa arin-arin eta fandango, porrusalda eta trikitixa bana (betiko esentziari dagokionez) eta balsa, boleroa edota mejikana bat, diskoa osotzen. Izenburuari dagokionez, aldiz, lehen kantuko esaldi bat baliatu dute lana izenpe-tzeko: "izoztuak baina ez ahaztuak, bizirik dauden eskuak". Hala dio diskoa irekitzen duen balsak eta, ondorioz, Bizirik dauden eskuak (Elkar, 2019) kantutegiaren azalak. Hasieran Laja maisua buruan zutela ondu zuten kantua, baina mezuak orokorragoa izaten bukatu du.

Trikiti munduari nolabaiteko ekarpena egin diotenentzako omenaldi bat nahi du izan bildumak; jada hemen ez daudenei. Baina, era berean, egun dihardutenei ere keinu egin nahi dio. "Denei egin nahi diegu erreferentzia, zendu direnak eta oraindik bizirik dirautenak. Azkenean, gu hemen baldin bagaude,  hein handi batean, eurei esker da".

Diskoan artista ugariren laguntza izan dute, bakoitzak bere txokotik lanaren osotasunari bere alea jarriz. Hitzen bidez batzuek: Xabier Amuriza, Nerea Elustondo ahizpa-arreba eta Jon Sarasua, besteak beste. Eta doinuz beste askok: Michel Longaron (bateria eta perkusioa), Amaiur Cajaraville (kontrabaxua), Gurutz Bikuña (gitarra akustikoa) eta Xabier Zeberio (biolina), kasurako.   

ATZEKOZ AURRERA

Estiloan antzinakoa eta gaurkoa uztartu dituzte, disko "betea" sortu nahian. Batetik, solteko piezak lehengo erara jotzea erabaki dute, izan zirenei keinu eginez. "Tonalitate altuko soinua eta perkusio hutsez grabatu ditugu piezak, bozgorailurik eta teknologiarik ez zegoenean hori baitzuten modu bakarra ondo entzuteko". Denak dira, baina, aurrez sortutako kantuen bertsioak. Hamar Martin Aginaldek moldatu ditu eta beste sei Agurtzane Elustondok berak moldatuak dira. Kasuren baten ere "bertsioen bertsioak" egin dituztela azaldu du Elustondok. Bada, garai bateko trikitilariek unean modan zeuden kantuak hartu eta soinuarekin jotzen zituzten, dena "buruz"; kantua entzute hutsarekin birsor-tzen baitzuten melodia. "Pieza bat entzun eta gero soinuaren galbahetik pasatzen zuten, hor lanketa handi bat dago, artelan bat da kasik". Hori oinarri hartuta sortu dituzte abestiak Elustondo anai arrebek. Kantu originalak topatzen ahalegindu dira, baina bilaketak fruitu handirik izan ez duela-eta, "intuizioz" jokatu dute kanta hauen "transmisio lana" egiteko.

Soinuaren doinuen eran, panderoa ere balioan jartzeko ahalegin berezia egin dute, kasu batzuetan bi pandero erabiliz. "Hasieran erromeriak pandero hutsez egiten ziren", eman du jakitera Agurtzanek. Pandero jo-tzaile ezberdinek hartu dute parte proiektuan: Xabier Berasaluze Leturia, Jose Maria Santiago Motriku eta, nola ez, Ion Elustondo berak.


Kriskitinen erabilera izan da trikitiaren hastapenei keinu egiteko erabili nahi izan duten beste elementu bat. Ezezaguna zen datu bat argitara atera dute, Leturiaren laguntzaz. "Hark esan zigun fandangoetan bezala arin-arinetan ere erabiltzen zirela krisktinak. Ezagutza hori ahanzturan gera ez dadin, belaunaldi berriei transmititu nahi diegu". Horregatik, Leturiak berak jarri dizkie kriskitin doinuak piezei.

ALAITASUN MALENKONIATSUA

Tradizioz musika alaia da trikitia eta herri guztietako plazak giroz jostea du eginkizun nagusi. Agurtzane Elustondok ohartarazi du, baduela beste sentimendurik pizteko gaitasuna ere. "Alaia da diskoa, baina aldi berean nostalgiaz betea. Trikitixak badu ahalmen hori; poztu eta hunkitu egin dezake aldi berean, eta hori da guk transmititu nahi izan duguna". Eta lan hori aurrera ateratzeko iraganeko soinuak baliatzea iruditu zaie egokiena Elustondo anai-arrebei: "Transmisio lanarekin jarraitu nahi dugu; aurretik egon direnei doinuak eskaini erreferente izan direlako eta itsasargi lana egin dutelako ondoren etorri garenontzat".