Anzerkia

Kaleko artea Lekeitio hartzeko prest

Uztailaren 18tik 21era bitartean ospatuko da aurten Kaleka Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdia. Askotariko 25 emanaldi bildu dituzte egitarauan: dantza, antzerkia edota kabareta dira horietako batzuk

09.02.2020 | 09:05
30. edizioa ospatuko du jaialdiak aurten. KALEKA

Jende andana ibiltzen da Lekeitioko kaleetan gora eta behera uda garaian. Antzerkia kalera ateratzeko urteko sasoirik egokiena izaki, Kaleka jaialdia antolatzea erabaki zuten duela hiru hamarkada. "Nazioarteko kale arteak Lekeition jaialdi batean batzeko asmoz sortu zen, eta urteak igaro ahala, jaialdia eboluzionatzen joan da, gaur egun duen egitura hartu arte", kontatu du Ibon Noya Kalekako antolatzaileak. Noyak azaldu duenez, "Lekeitioko kaleak kulturaz margotzen dira lau egunez. Guretzat garrantzitsuena, jaialdiak urtero hartzen duen tarte hori da, Lekeitio eta kale arteak bildu eta ikuskizun eta konpainia eta kolektiboen erakusleiho bihurtzea".

Aurten, beraz, hiru hamarkada beteko ditu Bizkaiko nazioarteko kale arteen jaialdiak eta berezia izango dela iragarri dute arduradunek. Egitaraua osatzerako orduan aniztasuna hartu dute kontuan, bai ikuskizunetan, bai aukeratutako alorretan eta baita adin eta jende ezberdinentzat bideratutako proposamenetan ere. Denetara 25 emanaldi jasotzen ditu egitarauak, Euskal Herria, Estatu frantsesa, espainiarra, Italia, Txile, Erresuma Batua eta Alemaniatik etorrikotako konpainien eskutik. Jarduera guzti hauek uztailaren 18tik 21era bitartean egingo dira eta formatu eta hizkuntza anitzetako keinu-antzerki, dantza, zirku, clown, esperimentazio espazio, kabaret, piroteknia eta txotxongiloak izango dira, besteak beste.

ERALDAKETA Eraldaketa prozesuan bete-betean sar tuta heldu da Kaleka bere 30. urtemugara; nahiz eta Noyarentzat urtero hobetzen saiatzen diren, "jaialdiak garapenean egon behar du uneoro, berrikuntza prozesua etengabea izan behar da". Duela hiru urtetik hona baina, eraldaketa prozesu hori sakonagoa izan da, irudi eta egituran aurrerapausoak ematea bilatu baita. "Jaialdi baten egituraketa izatetik kultur eta arte ekoizle esperientziaduna izatera igaro da", eman du jakitera Noyak. Modu honetan, ekimenak bat egiten du kale arte sorkuntza garaikideekin eta, bestalde, "prozesu parte-har-tzaileekiko arreta handia" sortzea lortzen dela nabarmendu du antolatzaileak. "Aurtengo egitura eraldaketa Kalekaren azpi-izenean ikus daiteke argi eta garbi. Izan ere, kale antzerki jaialdi izatetik, kale arteen jaialdi izatera igaro da, uste baita jaialdiak esparru handiago bateko ikuskizunak biltzen dituela".

HIRU LAN LERRO Aurreko urteetan egin duten moduan, jaialdiaren egitura hiru lan-lerrotan banatu dutela nabarmendu du Noyak: Kaleka Ofiziala da horietako bat. Formatu desberdinak lantzen dituzten konpainia eta kolektiboen lanak batzen ditu sail honek. Aurten Lokke, Zanguango, Truca Rec eta Lekittoko Deabruak bezalako konpainia euskaldunak hartuko ditu barne, eta baita Italiako Chiara Marchese, Txileko Murmuyo eta Kataluniako Cia Y tú que pintas eta Zero en conducta, besteak beste. Horrez gain, edizio berri honetan esperimentazio espazioak ere izango dira, Truca Rec eta 7 Bubbles kolektiboen eskutik, besteak beste.

Scratch atala da bigarrena eta garapenen edo sorrera prozesuan dauden lanak batuko ditu, kultur agente, artista, ikusle eta abarren arteko sormenezko elkar trukaketa gara-tzeko espazioak eskainiz.

Azkenik, Kalekaz Blai atalak, urte osoan zehar egindako ekitaldiez sustaturik, jaialdiari jarraikortasuna ematea du helburu. Sare hauen egonkortasuna suspertzeko, familiekin, ikastetxeekin, taldeekin, kultur elkarteekin, enpresa munduarekin? lan egiten du formatu desberdinen bidez: saiakera ireki, erakusketa, hitzaldi eta tailerrak, besteak beste. Sail honek herritarrak eta sormen sektoreak jaialdiaren garapenean parte hartzea du helburu. Atal honen barnean, beraz, jaialdiaren garapenean herritarren parte-hartzea sustatzeko bideak ere azter-tzen dira. Aurten, Euskal Zine Bilerarekin elkarlanean, Iturriotz institutuko ikasleek jaialdia sustatzeko bideoak egin dituzte, adibidez.