Hertzainak

Iraganeko poz doinuei gorazarre, gaur egunetik

Gari eta Josu Zabala Hertzainak taldeko kide ohiak berriz batuko diraoholtzan. Bilboko Euskalduna Jauregia izango dute agertoki irailaren 25 eta26an eskainiko dituzten bi kontzertuetan. Taldearen ibilbideari errepasoairagarri dute eta sarrera guztiak dagoeneko agortuta daude

09.02.2020 | 10:35

Bilboko Euskalduna Jauregia izango dute agertoki irailaren 25 eta26an eskainiko dituzten bi kontzertuetan.

Helduek flashback erako bat biziko dute eta gazteenek ezinezkoa zirudiena ikusteko parada edukiko dute. 35 urte bete dira aurten Hertzainaken lehen diskoa argitaratu zenetik, eta 26 urte joan dira Anoetan zuzenekoei azken adioa eskaini zietenetik. Orain, berriz izango da entzungai oholtzanHertzainak, euskal rock erradikala zeritzonaren banda mitikoa. Partzialki bada ere, Iñaki Garitaonaindia Gari (Legazpi, 1963) eta Josu Zabala (Otxandio, 1954) Her-tzainak talde mitikoko kideek indarrak batu, agendak egokitu eta bi kontzertu eskainiko dituzte, Her-tzainak: inun baino alaiagoa izanen da izenburupean.

Beste batzuk tarteko, euskal panorama musikalaren erreferente izan zen Hertzainak 80ko hamarkadan; eta garai nahasien bozgorailu izanik, euskaldun askoren memorian iltzatuak geratu dira Pakean utzi arte, Eh txo! edo Aitormena bezalako abesti mitikoak. Herritar asko eta asko dira euren zuzenekoak penaz agurtu zituztenak eta musikarien bakarkako bideak hurbiletik jarraitu dituztenak ere. Bada, argi geratu da lehen bezala orain ere entzule zerrenda luzea duela banda gasteiztarrak. "Hertzainaken sua ia-ia itzalita zegoela pentsatzen genuen, baina publikoaren erantzuna ikaragarria izan da, eta orain erronka horren aurrean neurria ematea dagokigu", diote Garik eta Zabalak. Izan ere, saio bakarra egitekoak ziren musikariak, baina sarrerak salgai jarri eta lau ordutara agortu ziren denak. Arrakastaren aurrean, beste data bat finkatzea erabaki zuten, hurrengo egunean bertan, eta erantzuna parekoa izan zen. Dagoeneko Hertzainaken itzulera bertatik bertara ikusteko bi aukeretarako sarrera guztiak saldu dituzte.

Ezustekoa Goitik beherako sorpresa bat da musikarientzat enkontru hau. Garirentzat kasik imajina ezina: "Ez zitzaidan inoiz burutik pasa berriro Hertzainaken proiektuari heltzea eta martxan jar-tzea", onartu du abeslariak. Baina zenbait faktore eta egoera berezi tarteko, hala gertatuko da. "Jaso dugun erantzuna jasota, dakidan bakarra da ez dudala ezer ulertzen", onartu du, eta "zaleen harrera asimilatzen" ari dela dio. Zabalak, bere aldetik, ezustekoak katean jaso ditu. "Lehen emanaldiarekin pentsatu genezakeen ondo beteko genuela, nahiz eta ez hain azkar. Bigarrena sorpresa ikaragarria izan da".

Erronka bat dela diote, eta biak ala biak gogotsu eta indartsu daude desafioari heltzeko. Patuak elkartu dituela uste du Garik eta berak "patuaren erabakiari besoak zabalik" erantzun diola. Ospatzeko eta gogoratzeko aukera gisa deskribatu du Zabalak iraileko zita: "Finean, gure buruei eta garai bati egindako omenaldi bat da, gure bizitzako momentu inportante bat gogora-tzea. Bizitza eta musika bera ospatu nahi ditugu".

Neguan ereindako hazia Batuketaren lehen txinparta negu partean piztu zen, beroa eta oso berezia izan zen kontzertu batean. Gari bere egungo taldearekin -Gari eta Maldanbera- disko berria aurkezten ari zen Bilboko Arriaga antzokian eta hantxe agertu zen Josu Zabala oholtzan, aspaldiko partez. Zoriz edo erruz Hertzaineken sei kantu jo zituzten neguko arrats hotz hartan. "Ni oholtzatik nahiko erretiratuta nengoen eta Garik gonbidapena luzatu zidan parte hartzeko; kantu batzuk prestatu genituen eta, egia esan, oso ondo pasatu genuen". Horrela oroitzen du gau hura Josu Zabalak. Otsailaren 27an Bilbo berotu zuten ahots, doinu eta algara artean Garik eta Zabalak, beste zerbaiten abiapuntua izan zen hartan. "Emozio puntu bat sortu zen bai gure artean eta baita publikoaren artean ere, eta azkenean errepikatu beharra zegoela erabaki genuen, modu intentsoagoan eta handiagoan".Errepikapen berezi hori da, hain justu, iraileko hitzordua. Itzulera, baina, otsailean bezalaxe, partziala izango da, talde osoa batzeko saiakerak egin dituzten arren. "Hasierako asmoa talde osoa berriz batu eta euskal hiriburuetatik bira txiki bat egitea zen, baina azkenean ez da posible izan", azaldu du Zabalak. Izan ere, Hertzainak osatzen zuten beste lau kideak ez dira Euskaldunan izango. Garik, aldiz, azpimarratu du hori ez dela arazo bat izango Hertzainaken arima oholtzara eramateko: "Inportanteena da gu biok egongo garela; Josu eta ni ere Her-tzainak gara".

Ziurrenik, zale nostalgiko askok bere buruari galdetuko diote itzulera baten hasiera ote diren bi emanaldiak. Bi musikariek, ordea, nahiko garbi dute gertakari bakana eta ia seguru bakarra izango dela. "Lan handia eskatzen du honek eta ez dut posible ikusten errepikatzea", zorrotz mintzo da Gari. Esperantzari leiho nimiño bat irekita utzi dio, ordea: "Nik ez nuen espero inoiz Hertzainak batzea, eta hori posible izan da; baina gaur esan dezakedana da ez direla egongo aukera gehiago Hertzainak berriz ikusteko". Eta Zabalak ere antzeko iritzia du, itzulera irailaren 25ean hasi eta 26an bukatuko dela, zehatz jakitea ezinezkoa bada ere: Printzipioz horrela planteatzen dugu, baina gauza horiek ez dakit noraino ziurtatu ahal diren. Behin betiko erabakiak esatea erraza izaten da, eta gero askotan edo batzuetan ez dira betetzen".

Antzekoak, baina ez berdinak Bi emanaldi iragarri dituzte, irailaren 25ean aurrenekoa eta hurrengo gauean bigarrena. Asmoa dute bietan gogo eta ilusio berarekin taularatzeko, beti ere bien arteko ezberdintasunak mantenduz. "Hertzainaken arima mantenduko da, bi gau magiko izango dira", aurreratu dute. Halere, garbi utzi dute helburua ez dela garai bateko Hertzainak imitatzen saiatzea, gaurkotu eta moldatzea baizik. "Kantuak egokituko ditugu gure gaur egungo egoera fisiko eta psikikora. Hertzainakek jo-tzeko zuen era hura seguru asko errepika ezina da, baina abestiak berrirakurri eta molde berrietan berriz eskain daitezke", dio Garik.

Formatu eta egitura berdintsuarekin, orotara bi orduren bueltan luzatuko diren bi saio eskainiko ditu Hertzainak gaurkotuak: ordu eta erdi Hertzainaki eskainia, eta gainerako minutuetan Gari eta Maldanbera proiektua taularatuko du abeslariak. 20 kanta inguru joko dituztela iragarri dute, eta oraindik ere zerrenda gaurkotzen eta lan-tzen ari direla diote. Pista bat eman du Zabalak: "Hertzainaken sei diskoetako kanturik enblematikoenak hautatzea da asmoa". Zerrenda osatzeko lagun eta ingurukoen laguntza ere jasoko dutela aipatu dute, eurek hautaketa egiteko egokienak ez direla iritzita.

Bigarren pista izenburuak eman dezake, akaso. Inun baino alaiagoa izanen da dio kontzertuen aurkezpen kartelak, Hertzainaken lehen diskoko Ta zer ez da berdin kantu gogoangarri hartako bertsoa. Musikarien asmoa barnebiltzen da nonbait: "Erabat aldatu da giroa Euskal Herrian musika arloan, baina funtsean nik uste gauzak ez direla hainbeste aldatu: garbi dagoena da, kantan esaten dugun bezala, Euskal Herrian rock and rollak ez duela inoiz dirurik emango, nahiz eta inon baino alaiagoa izan". Euskal Herria errealitate horren isla dela uste du Garik, atzo bezala gaur betetzen den leloa. Iragana eta oraina -eta beharbada etorkizuna- ba-tzeko haria bilatuko dute kantu zaharren artean, atzo eta gaur baliagarriak diren mezuak, gaiak eta doinuak taularatuz. "Zoritxarrez, garai hartan aldarrikatzen genituen gauza asko gaur egun ere jarraitu behar dira aldarrikatzen, mundua ez da perfektua", kritikatu du Zabalak.

Agertoki berezia Euskalduna Jauregia izango dute agertoki, eta esangura berezia hartuko du tokiak ere. Ziur asko Hertzainak zuzenean ikusteko azken aukera bertan izango baita. "Euskalduna da kulturaren jauregi nagusia eta uste dut Hertzainakek merezi zuela holako leku sakratu batean egitea bere momentuko itzulera hau", uste du Garik. Ofizialki 1993an esan zion agur taldeak oholtzari, Donostiako Anoeta kiroldegian, eta estreinaldia Gasteizen egin zuten, 1981ean. Orain Bilbo izango dute azken parada. "Bi gau magiko eta hunkigarri"izango direla aurreratu dute Garik eta Zabalak eta dena emateko prest da bikotea: "saiatuko gara kontzertu horretan asko disfruta-tzen eta, ahal dela, publikoari merezi duen erantzuna ematen".

Gonbidatu berezi ugari taularatuko dituztela aurreratu badute ere, ikusteko dago kolaboratzaileen zerrenda nork osatuko duen. Konfirmazio guztiak jaso bezain pronto, "Her-tzainaken historian esangura izan duten" artisten parte-hartzea argitaratuko dute.