Oso lengoaia eskultoriko berezia da Mikel Lertxundirena (Berriatua, 1951). Oso goiz egindako aukera da eskulturarena, umetatik bideratutakoa. Lertxundik ez daki bietatik zein aurkitu zuen lehenago, artea ala natura; are gehiago, ez daki berak aukeratu zituen haiek ala haiek aukeratu zuten bera. Harria, egurra eta burdinaren hirukoa beti dago presente bere lanean, noizbehinka ura, airea eta suarekin lagunduta. Bere bilaketa plastikoaren esen-tzia dira horiek, oreka baten bila beti.

Zer aurkituko du bisitariak ‘Orekaren Bila’ erakusketan?

Orekaren etengabeko bilaketan egin ditudan ariketen emaitza onenetariko batzuk aurkituko ditu. Eskulturak gehienbat, baina baita zenbait margo ere eskulturen nolabaiteko errepresentazio direnak ere, fikziozko paisaia desertiko handi batera eramanda. Eskulturen artean, gorputz bakarrekoak eta hirukoen multzoak daude. Lur gaineko instalazio bat ere bada, obra bakar bezala, nahiz eta berez 33 triptikok osatzen duten. Sarreran, erakusketaren ibilbideari hasiera ematen dion pieza berezi bat dago: hiru piezako instalazio irekia, lurretik hormarantz kokatuta. Eta ibilbidea amaitzeko, beste obra berezi bat aurkituko du azken aretoan, harriz, egurrez eta burdinaz egindako kutxez osatuta. Tapak irekita dituzte kutxek, ikusle bakoitzak nahi duen pentsamendua edota emozioa gorde dezan bertan. Ikus-entzunezkoen aretoan, aldiz, nire pentsamendua eta lan egiteko modua erakusten duen dokumental labur bat ikus daiteke.

Zure ibilbidearen errepasoa prestatu duzue, hogeita hamar obretan.

Espazioa, lurra eta denbora ikertu izan ditut beti, lurraren oinarrizko osagaiak diren materialen eta elementuen bidez. Harria, egurra eta burdina, hiru elementuak elkarrekin erabiltzen ditut beti nire obretan. Hori da nire lengoaia plastikoa, eta horien arteko oreka bilatzea da nire helburua. Naturak jarri zizkidan eskura hiru materialak, eta baita horiek elkartzeko ideia ere. Orekak bizia ahalbidetzen duela ikasi nuen, eta faktore desberdinen batura behar dela oreka hori lortzeko. Material bakoitzak bere berezko izaera eskaintzen dio besteei: harriak bere trinkotasuna, burdinak bere indarra, eta egurrak bere gozotasuna.

Nola aukeratu duzu zein obrak egon behar duen?

Nire 45 urteko ibilbidean mugarri izan diren piezen artean aukeratu ditugu Mikel Onandia komisarioak eta biok, batez ere, 80ko hamarkadatik hona egindakoak. Espazioak garrantzi handia izan du obrak hautatzerakoan. Tailerrean begiratuta, txiki ikusiko zirela ziruditenak gehiago hazi dira aretoan, hango espazioarekin harremanetan jartzerakoan. Horrek aurrez pentsatutako pieza kopurua baino gutxiago jartzea suposatu du. Gure helburua, mostra kronologiko bat eskaintzea baino, espazioarekin ongi jokatzen duen erakusketa muntatzea izan da. Ekarri ditugun artelanak ertainak dira, estiloari dagokionez sinpleak eta irmoak. Presentzia eta indar handia dute eta espazio zabala eskatzen dute, garbitasun eta isiltasun handia inguruan, eta hori lortzera joan gara. Ikusleek esan beharko dute, baina uste dut lortu dugula. Obra txiki gutxi batzuk ere jarri ditugu handien ondoan; horrek asko aberasten du osotasunaren aniztasun estetiko eta formala.

Tartean, Rekalde Aretorako ekoitzi dituzun bost eskultura berri daude.

Rekalde Aretoa espazio ederra eta handia da, beraz, nire obrek ere handiak izan behar zutela ondorioztatu nuen. Bertikalean baino, horizontalean, aretoa ez baita oso altua. Edozein espaziotan lan egiten denean harekin jokatu beharra dago, kokatu nahi dugun piezak bizia har dezan bertan. Bost obra berrietako lau ideia eta lan zaharren birmoldaketak direla esan daiteke, eta bosgarrena, sarrerarako beren-beregi egindakoa. Egia esan, gustura nago emaitzarekin eta badirudi aretoak ere gustura hartu dituela nire lanak. Gorputz bakarreko obra egin beharrean, instalazio gisa planteatu dut, aretoaren sarreran egindako esku-hartze bezala. Betiko hiru materialak erabili ditut, eta material bakoitzari bere bakarkako protagonismoa eskaini diot. Harrizko pieza zoruaren gainean kokatu dut; burdinazkoa, zorutik tente, horman sostengatuta; egurrezkoa, hormatik irten nahian. Hiru piezek, baina, paisaia bakarra osatzen dute.

Erakusketan galduta egon daitekeen bisitari bati zein aholku emango zenioke?

Nire obrak lehen aldiz ikusi dituen ikusleak, edota artea ikustera ohituta ez dagoenak, pentsa dezake egiten dudan eskultura estiloa arrotza dela. Hain dira forma geometrikoak, sinpleak, trinkoak? Baina hain justu, apaindurarik gabeko sinpletasun horrek ematen du materialaren esentzia ulertzeko gakoa, materiarekin zuzenago eta gertuagotik konekta-tzeko aukera. Behatzen jarraitu ahala, obrarekin konektatu eta lasaitasuna eta oreka jasoko du ikusleak. Nik lasai eta presarik gabe, patxada handiz begiratzeko esango nioke, eskulturetan erdietsi nahi izaten dudan oreka puntua aurkitzeko, edota ikusle bakoitzari iradoki edo gogora ekarri ahal dizkion sentsazioak identifikatu ahal izateko. Dagoen gunean dagoela, espazioarekin eta obrarekin harremanetan jartzen ahalegindu dadila, bera ere taldearen partaide izango balitz bezala.

Erakusketaz gain, zure ibilbidearen inguruko liburua argitaratu duzue.

Lertxundi: espazioa, lurra, denbora liburua Maribel Aiertza idazleak eta biok idatzi eta argitaratu dugu, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Berriatuako Udalaren babesarekin. Liburuak nire mundu-ikuskera berezian eta unibertso plastikoan sakontzen du, poema, aforismo, narrazio eta saiakera forman, irudi bilduma zabal batekin. Katalogoa baino, liburu berezi bat egin nahi izan dugu, Bilboko toki ezberdinetan eskala ezberdineko obrekin erakusketa garrantzitsuak egiten ari naizen urte honetan. Udaberrian, Loraldia jaialdiaren baitan, kale-erakusketa egin nuen neurri handiko obrak Bilboko leku enblematikoetan txertatuz. Orain, neurri ertainekoak txertatu ditut Rekalde Aretoan, eta irailean neurri txikikoak jarriko ditut Juan Manuel Lumbreras galerian.

Bion artean kaleratzen duzuen bigarren lana da, ezta?

Bai. Duela hogeita hamar urte Lertxundi: euskaradun arte unibertsala liburuarekin argitalpen onenaren Euskadi Saria irabazi genuen elkarrekin. Liburu hartan euskal kulturgile garrantzitsuen kolaborazioak bildu genituen. Oraingoan, artearen eta naturaren leihoa ireki nahi izan dugu, mundutik eta munduari begiratzeko, tokikotasunetik unibertsaltasunera, eta alderantziz. Horretarako, etxeko eta nazioarteko sortzaile eta adituen hausnarketak bildu ditugu: Chihiro Minato antropologo bisual eta artearen teoriko japoniarrarenak; Sabine Heilig arte historialari, idazle eta kurator alemaniarrarenak; Mikel Onandia arte historialari, kritikari eta komisario euskaldunarenak eta baita Jon Gerediaga filosofiako irakasle eta poetarenak ere.

Beti oreka bilatzearen alde. Heldu zara bilatzen zenuen oreka puntu horretara?

Une bakoitzean eta uneoro egin beharreko ariketa da hori: bizitza pertsonalean bezalatsu, arte plastikoan. Egoera eta modu desberdinetatik egiten duzu bilaketa eta batzuetan errazago eta bestetan zailago egiten zaizu iristea. Beti ez zara iristen. Prozesuko tentsioetatik eta harremanetatik ikasten dugu eta garatzen ditugu indarguneak eta ahultasunak, bakoi-tzaren identitatearen edo nortasunaren marka direnak. Gero, horiek osotasunarekin egoki batzea da kontua. Nik eskulturan materialekin egiten ditudan ariketek eta ikerketek berdin balio dezakete bizitza pertsonalerako. Azken finean, orekatik sortzen da bizitza oro eta orekak mantentzen ditu horiek. Oreka da existentzia ororen ardatza, eta oreka lortzeko modu harmoniatsuan batuta egon behar dute inguratzen gaituzten faktore ezberdinek.

Eta bide horretan harria, burdina eta egurra beti bidaide.

Beharbada nire bizi inguruak eraman nau haiengana. Oso umetan deskubritu nituen artea eta natura. Ez dakit zein lehenago, eta ez dakit nik aurkitu nituen ala haiek aurkitu ninduten ni. Jaio eta bizi naizen ingurua oso aberatsa da harrobiei eta basoei dagokienez. Ume-umetatik ezagutu nuen ere orduko Bilbo industriala, hango burdina, koloreak eta usainak. Artegintzan hasi nintzenean bakarka erabiltzen nituen material hauek, baina lasterrera ohartu nintzen bizi garen lurraren oinarrizko osagaiak direla eta gizakiok horien behar handia dugula. Horrela hasi nintzen neure bide eskultoriko pertsonala urratzen. Elkarketa hori praktikan jartzen hasi nintzenean ohartu nintzen orekaren beharraz. Eta 45 urte daramatzat haiekin bueltaka, helmuga batera iristean beste batera abiarazten bainau sormenaren gurpilak.

Zelan arakatu naturaren barruan bizi den harmonia hori? Nola lan egin sua, ura eta airearekin?

Materialekin daukaten interakzioan dena egin eta desegiteko gaitasuna dutela ikasi dut. Ura harrian bizi da eta harriak bizi du, aireak bizia ematen dio egurrari eta alderantziz, eta suak burdinari forma eta bizitza berria ematen dio. Interakzio sortzaile eta bizi-emaileak interesatzen zaizkit. Elementuak bideo bidez materialetan gorpuztuta ere jarri izan ditut. Elementuen eragina beti dago presente nire obretan, nahiz eta beti fisikoki ikusi ez. Materialak lantzeko erabiltzen ditut eta erabiltzen ditudan materialetan ere haien eraginaren markak daude.

Nola deskribatuko zenuke gizakiok naturaren funtsezko elementu horiekin dugun egungo harremana?

Inkontzienteki, egunero, beti eta guztiok dugu harremana elementu horiekin, baina komeni da horretaz kontziente izatea, euren balioekin eta arriskuekin jabetuta errespetuz erabili eta zaindu ditzagun. Jakin behar genuke derrigorrezkoak direla gizakion bizitzarako, gure bizi ingurua eta gure izaera fisiko eta emozionala elikatzen baitute, zuzen-zuzenean.

Orekarik hor ez dago?

Inkontzienteki erabiltzen ditugulako gerta-tzen da hori. Hartu eta erabili egiten ditugu, besterik gabe. Gizakiok ez gara daukagunaren jakitun, zerbait falta dugun arte. Orduan, mundua hankaz gora jartzen zaigu, eta halere kosta egiten zaigu geure jarreren ondorioak izan daitezkeenak onartzea.

Eskultorearen eta bisitariaren arteko distan-tziak nola zaintzen dira? Alegia, iradoki nahi duzuna bisitariarengan eragitea?

Arteak interpretazio anitzerako aukera eman behar du; bisitariak edo ikusleak ez ditu zertan egileak sortzerakoan izan dituen kezkak eta burutazioak ikusi behar. Gainera, ez da erraza egilearen lan prozesua eta bere sormenaren iturriak eta helburuak ezagutu gabe haren ideiekin bat egitea. Egileak bere intuizioarekin, pentsamenduarekin eta esperientziarekin egiten du lan, eta ikusleak bere bizi esperientziatik jasotako pertzepzioen bidez ikusten du aurrean duena. Batak erakutsi nahi duena eta besteak ikusten duena ez dira beti bat etortzen, ez behintzat zehaztasunetan. Baina ezagutza baten ondoren, azalpen gutxi batzuren bidez, ez da zaila egileak aurkitu eta transmititu nahi izan duena aurkitzea, oreka, nire kasuan. Ikuslearen eta artelanaren arteko elkarrizketa eragitean dago gakoa, eta horretan espazioak ere egiteko garrantzi-tsua du. Pieza espazioan ongi kokatzen bada, bizia emango diote elkarri, eta ikusleak hori antzeman egingo du. Bata bestearentzat eginak daudela ikusiko du, baduela mezu bat berarentzat, eta elkarren arteko elkarrizketa horretan sartu egingo da.