Mina. Hitz bakarrean laburbildu du Irati Goikoetxeak (Beasain, 1984) Igartza Sarira aurkeztu duen proiektuaren ardatza. Urteetako kezka izan du Goikoetxeak “bainarik gabeko mina”, eta orain suertatu zaio bere ezinegona literatura lan bihurtzeko aukera. Igartza Saria eskuratu berri du beasaindarrak, 6.000 euroko diru-laguntza jasoko du, eta 2020 urte bukaeran aurkeztu beharko litzateke eleberri gisa. Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAFek eslei-tzen dute beka, eta 22. edizioa du aurtengoa.

Nolakoa izan da beka jasotzea?

Izugarrizko poza. Igartza bekak ibilbide luzea egina darama, aurtengoa 22. edizioa da eta Euskal Herri mailan oihartzun handia duen lehiaketa bat da. Idazteko nahia dugunon aldetik, oso eskertzekoa da idatzi nahi dugun gazteoi eleberri bat argitaratzeko bultzada ematea. Eta, bide batez, nik ditudan barne kezka eta idatzi nahi eta idatzi behar hauek bideratuko dituen baliabide bat eskutan izatea ere bada eskertzekoa.

Zure azken aukera zela aipatu duzu, adina dela medio.

Orain dela hamar urte gutxi gorabehera saiakera bat egin nuen, eta hura izan zen nire idazketa estiloan ere aldaketa bat markatu zuen ahalegin bat, eta 2014an gero argitaratu nuen liburuaren hasiera. Igartza Saria ez nuen lortu, baina hara aurkeztu nuen laginak konfiantza eman zidan eta nigan idazketa estiloa aldarazi zuen puntu bat izan zen, gerora Andraizea-ren (Erein, 2014) lehenengo hasiera. Gerora ez dut gehiago lehiaketa batera beste ezer aurkeztu, inoiz ez dut sentitu aurkezteko behar hori.

Eta aurten beharra sartu zaizu.

Aurten aurkeztu dudan gaia aspaldikoa da, barne hausnarketa hori eta gai horren inguruan idazteko nahi eta behar hori aspaldikoa da. Ziur aski egunen batean jarriko nintzateke idazten denbora mugarik gabe, baina kasualitatez horrela suertatu da. Maiatza inguruan Igartzako oinarriak eskutan hartu eta konturatu nintzen: nik egin nahi nuen hori Igartza bidez egin dezaket, eta hala izan zedin hau zen azken aukera. Gogotsu eta ilusio handiz aurkeztu nuen proiektua.

Gaiaren muina ez da berria. Minaz hitz egin nahi duzula diozu. Zer dela eta?

Proiektua minaren ingurukoa da. Azken hamarkadetan terrorismoak eta indarkeriak eragin duten minaren eta sufrimenduaren ingurukoa. Bainarik gabeko min humanoaz idatzi nahi dut, justifikaziorik ez duenaz, konparaziorik egiten ez duenaz, aldeez hitz egiten ez duenaz. Fokua jarri nahi dut minean. Bada oso gaztetatik etxean hitz egin izan dugun gaia, bai terrorismoak eta indarkeriak eragindako minaz, eta bai etorkinek edo joankinek bizi duten minaz, edo bai arrazoi ezberdinengatik bizilagunak bizi duen minaz, edo naturari eragiten diogun minaz, etab. Erakutsi izan didate beti belarriak eta begiak irekitzen eta bestearen min horretara modu praktikoan ahal den neurrian gerturatzen.

Horrez gain, azkeneko bi urteetan Nafarroako gobernuan lanean nabil bizikidetza atalean eta horrek ere aukera eman dit gaia gertutik bizi-tzeko. Politikek eta pentsamenduek sortu ditzaketen haustura eta arrakalez harago, min ezberdinak en-tzun eta haiengana hurbiltzeko aukera eman dit.

Eta nola gorpuzten da mina proiektuan?

Eleberriko pertsonaiak minari erreparatzen jarri nahi ditut, minari begira jarri. Zaila iruditzen zait mina erreparatzea minari erreparatzen ez badiogu; hau da, minari entzun egin behar diogu. Eleberriko pertsonaia nagusia eta eleberria ardaztuko duena Oihana izango da. Oihanari ETAk aita hil zion orain dela 22 urte eta, orain, Katti bere bost urteko alaba galdezka hurbildu zaionean, Oihana hasi da bere orduko min hura eta urte hauetan bizi izan duena berriro identifikatzen. Konturatu da zerbait eraiki nahi duela hain suntsi-tzailea den minarekin. Oihanari bidea egiten utzi nahi diot, baina Oihanaren bide egite horretan pertsonaia zirkulu berri bat sortuko da, min eta pentsamendu ezberdinak dituztenak. Nire borondatea izango da pertsonaia horiek elkarrengana hurbiltzea eta elkarren minak entzuten hastea. Gero, hortik aurrera pertsonaia horiek zenbat eta nola hurbilduko diren elkarrengana literaturak egingo duen jolasa da. Bizikidetzarako inportantea iruditzen zait elkarrekiko enpatia, eta enpatia garatzeko ezinbestekoa da entzutea, eta entzuteko ezinbestekoa da hurbil egotea.

Proiektuaren atzean liburu bat egon behar da. Nolako idazketa prozesua espero duzu?

Lehenengo esperientzia da niretzat eleberri baten eraikuntzan. Orain arte asko idatzi izan dut, baina nahiko formatu laburrean beti. Idazteko modua aldatu beharko dut eta nire antolaketan iraunkortasuna eman nahiko nioke, eguneroko idazketa bihurtuz. Erritmoari eutsi modu iraunkor batean eta modu jarraikor batean, eta eguneko lan bihurtu.

Hasi zara dagoeneko?

Bai. Sentsazio oso onekin eta sentsazio arraroekin baita ere. Lagina idazten duzunean epaimahai batentzat idazten duzu, edo epaimahai batek irakurriko du eta kito. Baina orain kontziente naiz idazten dudan hitz bakoitza etorkizuneko eleberri horren parte izango dela, eta hori zuzenean doala irakurlearengana, bada irakurle horrek jasoko duen produktuaren parte. Irakurleak badaki hori iritsiko zaiola, zain dago. Orduan espektatibak irekitzen hasten dira, eta zuk badaukazu espektatiba horiei erantzuteko presioa. Baina presio horiek uste dut hasierakoak direla eta idazketan gero eta gehiago murgildu ahala neurekikoa izango dela presioa, besteekikoa baino gehiago; uste dut garrantzitsua dela lan zintzo bat egiteko.