Artista

Pello Irazu: "Artea erresistentzia eremu bat da"

Azken urtean egindako marrazki, erliebe, eskultura eta margolanak batuz, ‘Dardara’ erakusketa ondu du Pello Irazuk. Bilboko Carreras Mugica galerian daude ikusgai bere artelanak, martxoaren 7ra bitarte

07.02.2020 | 13:13
Pello Irazu

Arte diziplinen arteko mugak hautsi zalea izan da beti Pello Irazu (Andoain, 1963). 35 urtetik gora daramatza eskultura nahieran lantzen; eta ikuspegi zabal horren adierazle da Dardara erakusketa. Oraingoan, "elkar kutsatzen" diren 30 artelanez osatutako erakusketa aurkeztu du, azken urtean egindako obrak aletuz.


'Dardara' erakusketa duzu ikusgai Bilboko Carreras Mugica galerian. Azken urteetan sortutako artelanak bildu dituzu eta dardara hitzak eskulturan duen esanahiaren inguruan hausnartu. Zalantzak izan dira artelanen abiapuntu?


Erakusketak izenburua izateak ez du esan nahi abiapuntua denik, baizik eta hausnarketa bat egon dela. Abiapuntua izango litzateke ideia bat hartu eta jarraitzea, ea ideia horrek nora eramaten zaituen. Nire lan egiteko modua ez da hori. Lanean ari zarenean zenbait gauza bururatzen zaizkizu, eta landu egiten dituzu. Batzuetan, lan prozesuarekin lotuta daude eta bestetan ideien bidez hausnarketak egiten dituzu. Kasu honetan, lan prozesuari buruzko hausnarketa da. Dardarak zerikusia dauka prozesuaren hasierarekin. Pausuak emateko dauzkazun zalantzak, eta duda horien atzean zer dagoen; eta gainditu ondoren zer sortzen den. Artea sorkuntza da, berak ematen dizkizu tresnak sortzeko aukerak zure lan prozesuari aurre egiteko, zalantzei aurre egiteko eta zerbait sortzeko bide horretatik.


Zure tresnak zeintzuk dira?

Nik eskulturaren bidez lan egiten dut, eta bere oinarria materiala da. Materialtasuna da eskultoreak esku artean daukan arazoetako bat, gauzak nola gauzatu. Eskulturari erantzun anitzak eman dizkiot, ibilbide batekin lotuta daude soluzioak, hor sortu dira tresnak. Sentsibilitatea, begirada, ezagutza ezberdinak, denak aktibo eta martxan jartzea izan da lana. Eta, bitartean, gaurkotasuna zer den galdetzea. Kezkak ez dira izan momentukoak, baizik eta denboran mantendu direnak. Momentu bakoitzean soluzio ezberdinak eman dizkiet, artearen bidez. Batzuk oso argiak dira, eskultura-prozesutik garbi datozenak, eta beste batzuk hor daudenak, izendatu ezin dituzunak, baina azkenean agertzen direnak. Lanak sortzeko prozesuan ari zarenean hausnarketa aktibo batean ari zara, baina erantzun garbirik gabeko hausnarketa bat da. Bide bat da, eta bide horretan sortzen dira emaitzak.


Eskultoretzat duzu zure burua, baina askotan diziplinak uztartzen dituzu. Oraingoan erliebeak, margolanak eta marrazkiak ere badaude, eskulturez gain. Zerk bultzatzen zaitu nahasketa horiek egitera?

Prozesu naturalak dira. Eskultura jada  ez da garai bateko eskultura zen bezala, arte diziplinak ez dira garbiak gaur egun. Hartu-emanak daude. Bai marrazkiak, eskulturak, pinturak? kontzeptuak dira, lengoaia baten parte dira. Pintura ez da pintzela hartu eta pintatzea, baizik eta hori egiten duzunean pinturari buruz ari zarela, pintura prozesu bati buruz ari zarela jabetzea naiz eta eskultura bat pintatzen ari. Baldintzak daude, noski, eremu bakoitzak bereak. Marrazkiak bi dimentsioko lanak dira, eskulturak hiru dimentsiokoak, argazkiek irudia dute oinarri, nola ematen diozu buelta horri? Formaren bidez, erabileraren bidez, materialen bidez, eskalaren bidez, kontraesanen bidez? lan guztia horretan dago.


Erakusketa honetan, piezak elkar "kutsatzen" direla aipatu duzu. Konnotazio negatiboa hartu dezake kutsatu hitzak, zergatik kutsatu?


Harremanetan eman eta kendu egiten delako. Ez da bakarrik pieza batek besteari ematen diona, baizik eta kentzen diona ere bai. Artelan baten emaitza, ideia garbi hori nolabait kutsatu edo zikindu egiten da. Ez da negatiboa, baizik eta harremanetan zer gertatzen den agertzea. Artelan baten zatien arteko harremanetan sar-tzen garenean, bi gauza edo bi ideia doazela batera eta sortuko dutena objektu oso eta garbi bat izango dela dirudi. Baina gertatu liteke harreman horretan batek kentzea, besteak ematea, besteak ere kentzea? eta sortzen denak, nahiz eta emaitza ona izan, ez du garbia izan beharrik. Horregatik da kutsadura.

Pieza garaikideak dira denak, 2019an sortuak. Bi salbuespenekin: 1989an egindako bi marrazkitatik eratorritako bi horma irudi ere badaude. Zer eransten dioten iraganeko berrinterpretazio hauek erakusketa garaikideari?


Nire lanean, denboran aurrera eta atzera egiten dut bidea. Ez dut uste artea ideia berriak etengabe sortzea denik, ideia berriak aurrera eramateko atzerapausoak ere egin behar dira. Askotan, egindako lanekin burututakoa baino, beste gauza bat egiteko gogoarekin gelditzen zara, eta hor geratzen dira. Hor daude, zureak dira. Gauza da nola aplikatzen dituzun beste momentu batean lan horiek.


Kasu honetan, bi marrazki handi dira. Nik beti ikusten nien beste irtenbide bat bazeukatela, baina inoiz ez zen momentua izan. Kasu honetan, garbi neukan erakusketa areto honen itxurarengatik eta neurriengatik egokiak zirela. Ikusi ditut garai bateko kezkak bideratuak egon arren, ez daudela lotuak azken puntuan; eta badagoela berreskuratzea, eta orain egiten ari naizen gauzekin lotzea.

Hain justu, normalean material eta piezen arteko erlazioarekin ez eze, espazioa ere bihurtzen duzu arte kontakizunaren parte. Kasu honetan, nola jartzen dira harremanetan artelanak Carreras Mugica aretoarekin?

Artelanak, aretoa, arkitektura... neurtzeko bideak dira, esperientzia bat eragiteko. Bestela arkitektura gorputzak jasotzen dituen inguru bat besterik ez litzateke izango. Gauza da arkitektura hori edo inguru hori nola artera ekarri. Galeria hau handia da, garbia, eta sarreratik dena ikusten da. Arteak ikuslea bereganatu behar du eta estrategiak anitzak dira, artista bakoitzak gureak dauzkagu. Hemen txertatu ditudan muralek lan hori egiten dute. Ikuslea espaziora sartzera eta esperientzia berri bat izatera behartzen dute. Ikuslea, artelana, arkitektura, harremanetan jartzea da. Eta sortzen dena makina bat da, errepresentazio espazio bat. Ikuslearen begirada erakartzea da artean oinarrietako bat.

Muga geroz eta lausoagoa da arte diziplina: material, forma, formatu... Zure kasuan, nabarmena da hori. Muga horren desagerpenaren aldarria dira zure erakusketak?


Niretzat, zentzu horretan ez dago mugarik. Batetik bestera noa. Badakit zein diren diziplina bakoitzaren muga idealak, baina batetik bestera zoazenean mugarik gabe zabiltza. Nire eremua, nire lan ingurua oso zabala da. Esan bezala, eskultura gauza material bat da, materialaren bidez sortzen den esperientzia bat. Eta hortik aparte, beste mugak niretzako ez dira exisititzen, ez dira mugak.

Sorkuntza prozesua ere agerian jarri zalea zara; adibidez, torloju edo iltze bat agerian utzi duzu oraingoan, "ez gordetzeko". Atzean dagoen lanaren erakusle dira horiek, artistaren lan artisauaren zeinu, nolabait?

Prozesuarekin lotuta dago hori. Artean lan prozesuak ez dira garbiak, joan-etorriak dauzkate eta keinu horien bidez egindako pausuak agertzen ditut. Erabakiak materialen bidez hartzen ditut, eragin fisikoa dute. Eskultura bat egiten ari naizenean igual hartzen dut erabaki bat eta atzera egiten dut gero, badago erabaki hori desegitea, baina ibilbide bat uzten dio piezaren historiari. Prozesu horiek ager-tzea materialtasunaren bidez, torlojuen bidez, adibidez, metafora bat da. Zatiak lotuta badaude, biek bat egiten dute, edo bi dira. Desegiteak eta egiteak aurrean edukitzeko aukera du ikusleak. Gardena da.

Hiru hamarkadako ibilbide luzea egina daukazu. Zuk nola nabari duzu urte guzti hauetako bilakaera?

Azken 30 urteetan gizarte osoa aldatu da. Azpiegiturak aldatu dira, artearekiko harremanak aldatu dira eta instituzioak aldatu dira. Artea erakusteko eta erabiltzeko modua aldatu da. Ekonomia aldatu da. Dena aldatu da. Denok aldatu gara. Gaur egun artea erresistentzia bezala ikusten dut, zentzurik xumeenean behintzat, arteak aurpegi asko baititu.

Aurrekoarekin lotuta, testuinguruak, momentuak, eragin handia du zure lanetan. Zein fasetan zaude orain?

Gure arte testuingurua aberatsa izan da eta arteak gizartean sinbolikoki eragina izan duela uste dut. Gizarteak Oteiza eta Txillida ikur bezala bizitu ditu, eta gure belaunaldia inguru horretan hazi da, baina hori gure banakako historiaren zati bat besterik ez da. 30 urteko lanak erakusten dute, nik Guggenheim Museoan 2017an egindako erakusketan ikusten zen bezala.

Gaur egun banakako erakusketa bat egiterakoan hemen eta orain nago, eta nire kezkak hor agertzen dira. Testuingurua aldatzen doa eta ohiturak ere bai. Nik uste gaur egungo jendartea oso asaldatuta dagoela zentzu askotan, tartean arte lengoaietan ere bai, sorkuntzan ere bai; eta batez ere, kontsumoan. Nolabait, ikusleari edo kontsumitzaileari lotuta gaude, eta bere ohiturak aldatu egin dira. Gauza askotarako denbora gutxi dago, denbora gutxi du ikusleak, eta nik uste dut artea deitzen diogun gauza horrek denbora behar duela.

Zugan eragina izan du eredu honek?

Bai. Artea, edo sorkuntza orokorrean, erresistentzia inguru bat dela uste dut. Kontraesan bat. Gizarteak dituen konbentzioen aurka doana. Berez ez dakizu gizarteari balio dion edo ez. Gizarteak sentsibilitatea dauka gauza askotarako, eta nolabait artea kontsumitzen du, baina guk eskatzen diogu behar existentzial hori edukitzea. Ez da erraza. Gaur egungo bizimodu azkar honetan behar asko daude.

Ikusleari dagokionez, zerekin egingo du topo erakusketa honetan?


Aurkituko du eskultura erakusketa bat, zentzu zabalean. Eskulturagintzaren kezketan oinarrituta dauden artelanak. Oso bide edo esparru ezberdinetan, nahiz eta dena lan oso bat bezala aurkeztu. Hori da aurkituko duena. Nik eskulturari ezin diot eskatu, eta ez diot eskatzen, esanahi garbi bat, nik ez baititut erantzunak. Aurrean dagoenari galderak egiteko aukera ematea, hori da helburua. Gai asko daude: materialtasunarekin lotutakoak, begiradarekin lotutakoak, irudiak nondik datozen, zer esan nahi duten, nola kontsumitzen ditugun gaur egun.... Ez da kontakizun bat, galderak dira.