Inoiz bizi gabeko esperientziak eragin ditu konfinamenduak, eta egoera ezohiko hori argazki bilduma batean batu dute nazioarteko 48 artistak. Novis Corpus liburuak egile bakoitzak ateratako bi argazki biltzen ditu, non bakoitzak bere ikuspuntutik itxialdia erretratatu duen. Bizitakoaren lekukotza uzteko asmoarekin ekin zioten proiektuari, eta lanean ikusten da autore bakoitzak nola ematen dituen aditzera ezinegona eta kezka. Editoreek adierazi dutenez, "oso gustura" gelditu dira emaitzarekin. Salgai dago lana, eta liburuaren egileekin harremanetan jarrita eskuratu daiteke. Salmentekin lortutako dirua osasun langileei laguntzera bideratuko dute. Bertsio digitala, berriz, Donostiako San Telmo museoaren web orrialdean dago eskuragarri, doan.

Itxialdia ezarri bezain laster, martxoaren 15ean, Teresa Uzeda argazkilariak bota zuen sareetan proiektua martxan jartzeko proposamena. Konfinamendu garaiaren ondorioz sortutako egoerari erantzun bat eman nahian otu zitzaion ideia, eta lan kolektibo bat sortzeko proposamena egin zuen. Uzedak azaldu duenez, hasierako ideia "koaderno soil eta merke bat" sortzea zen, "edonork" erosteko modukoa, eta gizarteari ekarpen bat egitea zen helburua. Berehala batu zen proiektura Gabriela Cendoya Bergareche bildumagile donostiarra. Cendoyak aitortu du baiezkoa eman zuela proiektua nolakoa izango zen oso ongi jakin gabe. "Ezjakintasun handia genuen garai hartan, eta nolabaiteko beldurra ematen zigun ez jakiteak zer gertatuko zen", adierazi du. Horrez gain, azpimarratu du ez zutela espero hainbeste jendek parte hartzea. Hamar pertsona inguruko talde bat sortuko zela uste zuten, baina denbora gutxian jende asko animatu zen, eta etengabe jasotzen zituzten proiektuan parte hartzeko eskariak. Azkenean 50 laguneko langa jarri behar izan zuten lana behar bezala egin ahal izateko, bestela material gehiegi izango zutela pentsatu baitzuten. "Pena handia eman zigun, baina muga bat jarri behar izan genuen". Arazoak arazo, bi artistak ezin izan zuten parte hartu, eta 48 izan dira azkenean.

Nazioarteko proiektua da Novis Corpus, argazkilariak hainbat herrialdetakoak baitira; Euskal Herriko, Espainiako, Frantziako, Italiako, Belgikako eta Alemaniako hainbat artistek hartu dute parte. Proiektuko 48 artistetatik lau dira euskaldunak. Cendoyaz aparte, hiru artista donostiarrek ere jarri dituzte euren lanak argazki liburu horretan: Amaia Gonzalezek, Maria Martinez Artolak eta Aitziber Orkolagak, hain zuzen ere. Novis Corpus-en parte hartu aurretik ezagutzen zituen Cendoyak hiru artistak, eta aitortu du "ilusioa" egiten diola lauak proiektuan egoteak.

Novis Corpus-ek gorputz edo organismo berria esan nahi du latinez. Parte hartzaileetako batek, Patrick Maillek, proposatu zuen, eta proiektuan hainbat herrialdetako artistak batu direnez, ideia ona iruditu zitzaien hizkuntza hori hautatzea, denek identifikatu zezaketela pentsatuta. "Organismo berri bat zen birusa, ez geneukan oso argi zer zen, eta horretaz aparte, gorputz berria da guk egoera honi erantzuna emateko garatu duguna", gaineratu du bildumagile donostiarrak. Gauzak horrela, itxialdiaren 96 argazki daude liburuan, egile bakoitzak egindako bi; bat ezkerreko orrialdean, eta bestea eskuineko orrialdean, parez pare. Zuri-beltzean daude guztiak, Cendoyaren hitzetan, lana "homogeneoa" izateko. Izan ere, lanaren edizioa eta inprimaketa errazteko baldintza batzuk bete behar izan dituzte artistek. Horietako bat da kolorearena. Horrez gain, eskatu dute, adibidez, argazki guztiak bertikalean ateratzeko.

Itzalak eta argiak Gaia berdina zenez artista guztientzat eta hainbat baldintza bete behar izan dituztenez, Cendoyak azaldu du, orokorrean, lerro argi bat jarraitzen dutela argazki guztiek. Besteak beste, itxialdiaren inguruko erretratuak atera behar zituztenez, gehienak etxe barruan ateratako argazkiak dira. Gainera, hesiak, ate itxiak eta marko hutsak irudi batean baino gehiagotan agertzen diren elementuak. Hala ere, egile bakoitzaren "izateko modua eta ezaugarriak" nabariak direla uste du Cendoyak. Oro har, liburu "iluna" dela nabarmendu du, baina argi ikusi dela pertsona batzuek beldur eta ezinegonak barruan gordetzen dituztela eta beste batzuk azaleratzen ahalegintzen direla. "Itzalaren eta argiaren arteko nahasketa dago lanean", zehaztu du. Bildumagileak azaldu du artista bakoitzaren ikuspuntua ezagutzea "interesgarria eta hunkigarria" izan dela, eta horrek egin duela liburua "aberasgarri". Horrez gain, azpimarratu du lanaren alde "politenetako bat" izan dela askotariko artistak zeudela taldean; argazkilari profesionalak bai, baina baita modu amateurrean aritzen direnak ere.

Zenbat argazkilari, hainbat ikuspegi Argazkilariak bezala, askotariko argazkiak daude bilduman, denak azken asteetan bizitako konfinamendu egoeren erakusle. Kirola egiten eta gitarra jotzen ageri dira bi gazte Francisco Llop Valeroren argazkietan. Urtebetetze festa baten arrastoak erretratatu ditu Alfonso Gomezek. Pascal Andersena, berriz, lan ilun eta latzenetako da, heriotza irudikatu nahi izan baitu. Burezur baten itzala ikusten da haren argazki batean, eta bestean, gurutze handi batena. Askatasunari erreferentzia egiten dieten irudiak ere badaude. Horren adibide dira Roberto Moralesek ateratako argazkiak, non bi hegaztiren siluetak mugitzen dituen etxetik ikusten duen zeru zatian. Gainontzean, landareek eta animaliek ere garrantzia berezia dute.

Cendoya artista donostiarrak Novis Corpus bilduman duen argazkietako batean, berriz, ohe huts bat ageri da, eta horren gainean mezu bat jaso berri duen mugikor bat. "Bakardadea eta komunikatzeko beharra transmititu nahi izan dut irudi horrekin". Bestea horman zin-tzilikatutako argazki bat da, eta alboan argia ematen duen lanpara bat du. Bildumagile donostiarrak aitortu du horrekin saiatu dela argiaren eta iluntasunaren arteko kontrastea bilatzen.

Argazkiak atera ditu Cendoyak, baina edizio lanetan ere aritu da. Proposamena bota zuen Uzedarekin, Christophe Le Toquinekin eta Francisco Llop Valerorekin batera izan du ardura hori. Proiektuan parte hartu duten artistei eskatu zieten bi eta bost argazki artean bidaltzeko. "Horrek ahalbidetu digu aukera gehiago izatea hautaketa egiterako orduan", azaldu du. Edizioaren alde teknikoenarekin Le Toquin eta Llop Valero aritu dira lanean. Lehenengoa liburuaren maketazioaz arduratu da, batez ere, eta bigarrena, lanaren inprimaketaz. Cendoyarentzat esperientzia berria izan da lan horietan aritzea: "Liburu asko ikusten ditut, eta ohituta nago edizioa nola egiten den ikustera, baina ez dut sekula horrelakorik egin". Azaldu duenez, proiektuak arindu egin dio konfinamendu garaia, eta aukera eman dio beste artista batzuk ezagutzeko. "Elkartruke handia izan dugu azken asteetan bizi izan dugun garai latz eta zail honetan", gaineratu du.

Salmenta solidarioa Printzipioz, 500 ale argitaratuko dituzte, eta aurresalmentarekin 400 salduta daude jada. "Hasieran 200 ateratzea pentsatu genuen, baina gutxi zirela ikusi genuenez, 350 argitaratzea erabaki genuen, gero 400 eta azkenean 500", azaldu du. Gauzak horrela, liburuak harrera bikaina izan duela nabarmendu du Cendoyak. Autofinantzatutako eta autoeditatutako lana da, eta proiektuko kideak arduratzen dira liburuen salmentaz eta banaketaz. Hori dela eta, Novis Corpus lana erosteko interesa dutenek mezu bat bidali dezakete librocuarentena@gmail.com helbide elektronikora. Zalantzaren bat izanez gero edo kontsultaren bat egin nahi bada, bide horren bitartez dago lanaren egileekin harremanetan jartzeko aukera. Liburuaren prezioa hamabieurokoa da, eta lortutako dirua osasun langileei emango zaie. "Inork ez du dirurik irabaziko lan honekin, baina oso aberasgarria izango da".

Horrez gain, San Telmo museoaren webgunean dago lanaren bertsio digitala. Hori doan eskuratzeko moduan dago. Cendoyak azpimarratu du "laguntza handia" jaso dutela museoaren aldetik. Aurretik ere harreman estua zuen bildumagile donostiarrak San Telmorekin. Izan ere, 2017tik haren 2.500 argazki liburutik gorako bilduma dago museoan, eta hainbat ekintza antolatzen dituzte horren inguruan. Argazki liburuen fenomenoa izeneko erakusketa bat ere egin dute lan horiekin. Mostra horren helburua zen azken hamarkadan argazkigintzak izandako gorakada azaltzea. Cendoyaren bildumako hainbat liburu jarri zituzten erakusgai, eta horren harira, hitzaldi ziklo bat antolatu zuten.