Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak Bizkaiko hiriburuko gazteen artean euskara sustatzeko antolatzen duten Harrapazank kultur programak udaberri honetarako aurreikusita zuen eskaintza eraberritu behar izan du. Harrapazank is in da house sortu dute haren tokian, sorkuntzan murgildu eta euskara indartzeko tailer, ekitaldi eta lehiaketak Bilboko gazte euskaldunen etxeetara eramanez. Apirilaren 20tik igaro berri dugun maiatzaren amaierara arte burutu dute programa, "etxean gelditzea derrigorrezkoa ez ezik, erakargarria ere izan zedin", azaldu du Itxaso Paia ekimenaren sustatzaileak. Dozenaka gaztek parte hartu dute ekimenetan.

"Talentu edo sorkuntzarekin lotutako eskaintza handia dago, baina ingelesez eta erderaz dago gehiena. Sare sozialetara joz gero, gazteen esparruko euskal eskaintza gutxi dago", kontatu du Paiak. Premisa hori oinarri hartuta, Bilboko 10 eta 18 urte bitarteko gaztetxoei euskarazko aisialdi-jarduera "parte-hartzailea eta berritzailea" eskaintzea bilatu dute antolatzaileek, eta etxetik aritzeko lau aukera prestatu dituzte aurten: Klikazank, sareko proben lehiaketa, Harrapazank eszena, talentu lehiaketaren online bertsioa, Arratsaldeak, tailer eskaintza eta Harrapazank zuzeneko jaia, "den denak etxetik gozatzekoak".

Guztiak daude elkarri lotuak, eta talentu lehiaketa dago oinarrian: "Bilboko artista gazteek etxetik atera gabe parte hartu ahal izan dute honetan, bideo-castingen bidez", azaldu du Paiak. Bakarka, etxe bereko gazteak bilduz edota etxe ezberdinetakoak online bidez taldeetan elkartuz aurkezteko aukera izan dute. Eta hortxe lotu dute Arratsaldeak tailer eskaintzarekin: "Gazteei mota guztietako edizio programak erabiltzen azaldu diegu, bizi izan dugun egoera berezi honetan beharrezkoa izan baitute horiek erabiltzea taldeka aurkezteko. Hala, Tiktok aplikazioa erabiltzen, DJ Remixak egiten edota kamera aurreko solasaldiak nola editatzen trebatzeko aukera izan dugu, denak euskaraz".

Sortzeko euskara Harrapazanken gakoa "euskara zuk nahi duzun horretarako erabiltzean dago", Paiaren ustetan. "Bertan parte hartu duten gazteen helburua, bakoitzak bere arrazoiekin, kultura sortzea izan da. Oso kultura adierazpen ezberdinak proposatu dizkigute, eta bakoitzak bere erara gozatu du sorkuntzaz. Prozesu guzti honetan aitzakia izan da euskara".

Hezkuntza esparrutik kanpo gazteei euskaraz bizitzeko esparruak eskaintzearen garrantzia gogoratu du: "Zenbat eta aukera gehiago eman, sortzaile gehiago egongo dira, eta aukerak euskaraz baldin badira, litekeena da euskal sortzaile gehiago egotea. Gazteak Big-Banga dira euren inguruetan, batak abiatzen duenak eragin nabarmena du bere hurbilekoengan eta naturaltasunez gertatzen dira saretzeak. Bertsolariekin ere gauza bera gertatzen da: bertsolari ezagunak dituzten herriek afizioa sortzen dute bertan". Horretara bideratzen dute, hain zuzen ere, Harrapazank: "Euskal sortzaile berriak sortzen baditugu, pentsatzekoa da euskal sortzaile gehiago egongo direla etorkizunean, elkar elikatuz handitzen den katea bailitzan". Bilboko 25 talde aurkeztu dira ekimenera, 60 gazte baino gehiago. Euskararen erabilera, finalista bakoitzaren talentua eta lanaren kalitatea ardatz hartuta, bi astez aritu dira elkarlanean Euskal Herriko kultura panoramako coach ezberdinekin: YleniaBaglietto (aktorea, abeslaria eta gimnasta), Ugaitz Alegria (aktorea), Iholdi Beristain (aktorea), Xabi Hoo (abeslaria) eta Aritz Mendiola (abeslaria eta aktorea). Euren eginbeharra izan da aurkeztutako gazteen lanak hobetzen laguntzea, aurkezpena, gidoia edota edizioa.

ANIZTASUNA

Izena eman duten gazteen artean, oso profil ezberdinak izan dira. Naroa Iglesias 15 urteko gazte bilbotarra da horietako bat: "Txikitan bullinga egiten zioten eta horren inguruko hausnarketa eginez Ametsa deituriko abestia sortu du berak pianoz, bai letra eta baita doinua ere", kontatu du Paiak.

Magoak, laburmetraiak, poesia errezitatuak, abeslariak, baxu joleak eta dantzari ugari ere aurkeztu dira aurtengo ediziora, denak euskara erabiliz. Harrapafest online jaiarekin eman zioten joan den larunbatean amaiera aurtengo edizio bereziari. Bilbrocken egin ohi duten jaia Instagrameko bitartez egin behar izan zuten, baina horrek ez zuen ekidin lau orduko festaz gozatzea, 18:00etatik 24:00etara. Miren Gaztañaga aktorearen eta Gaztea irratiko Txurruren eskutik.