TEMAS
aitziber garmendia eta jon plazaola

"Umoreak gauzak probokatzen dituenean hartzen du bere benetako zentzua"

'Barre Librea' programa aurkezten eta sortzen dihardute Plazaolak eta Garmendiak. Maiatzaren 15ean estreinatu zuten umore saioa ETB1en, eta zazpi programa izango ditu lehen denboraldiak. Ostiralero emititzen dute, 22:30ean

13.06.2020 | 12:00
Esketxak, bakarrizketak zein inprobisazioa egiten dituzte Garmendiak eta Plazaolak ETB1eko saioan

Hasi eta buka. Telebista programa baten prozesu osoan murgildu dira Aitziber Garmendia (Zaldibia, Gipuzkoa, 1982) eta Jon Plazaola (Urretxu, Gipuzkoa, 1982). Ikusitakoaren, ikasitakoaren eta lan pilaketaren arteko orekan ari dira bidea egiten Barre Librea umore saioan. Barrenak mugitzeko asmotan, eta umorea oinarri hartuta ondu dute programa. Getari Etxegarai eta Kepa Errastiren batera osatzen dute lauko lan talde kreatiboa, eta astero hiru aurpegi ezagun gonbidatzen dituzte umoregile lanetan aritzera. Esketxak, bakarrizketak eta inprobisazioa dira nagusi, denak ala denak ikus entzuleen algara pizteko asmoz sortuak; algara zirikatzailea, zehazki.

Maiatzaren 15ean estreinatu zen 'Barre Librea', hiru programako ibilbidetxoa egin duzue eta harrera oso ona izan duela esan daiteke, ezta? Zelan jaso duzue harrera hau?

- Aitziber Garmendia: Beti esaten dugu sare sozialei kasu egin behar zaiela bere neurri justuan. Egia da harrera ona denean, beti ilusio gehiago egiten dizula. Jonek eta biok askotan komentatzen dugu: ona ere ez da hain ona, eta txarra ere ez da hain txarra. Beti laguntzen du sare sozialetako babes horrek, baina, saiatu behar dugu horretatik atera eta gure lanarekin uneoro kritikoak izaten. Niretzat hori da lan egiteko modurik onena, ez erlaxatzea, horrek eramaten zaitu zerbait berria eta hobea asmatzera.

- Jon Plazaola: Egunero zalantzan jartzen dugu estruktura, egunero saiatzen gara zerbait aldatzen edo zerbait gehitzen. Nahi ditugu gure ikusleak neurtu, ikusi zer den gustatzen zaiena, zer eskainita erreakzionatzen duten eta gu geu ere gure lanarekin kritikoak garen lehenengoak gara. Bai Aitziberrek eta baita nik ere gaixotasun positibo hori daukagu: gure buruarekin oso zorrotzak gara, eta gustatzen zaigu dena bere tokian egotea. Gainera, askotan egindakoarekin segituan aspertzen gara. Gauza bat egiten dugu, pozik geratzen gara momentuan, baina hurrengo egunean dagoeneko zaharkitu zaigu eta nahi dugu beste pausotxo bat haratago eman. Bide motza daukagu lehen denboraldi honetan, zazpi kapitulu egingo ditugu, baina bide honetatik jarraituko dugu.


Bide motza, baina bizia. Izan ere, programan funtzio asko eta oso ezberdinak betetzen dituzue: lan talde kreatiboko kide, aurkezle, esketxetako pertsonaiak, bakarrizketak€Nola kudeatu hainbeste zeregin?

- A.G.: Orain arte nahiko ondo kudeatu dugu, baina momentu askotan egoerak gainditu egin gaitu. Denean egon behar gara. Ez da bakarrik aurpegia jartzea, da atzeko hitzak ere jartzea eta puzzlea ondo egiteko pieza guztiak ondo biltzea. Programa ostiraletan grabatzen dugu eta Jonek eta nik bakarrizketa egiten dugu askotan ostegunean, eta hori dena ikasi behar da eta barneratu behar da hurrengo egunean defendatzeko. Azkeneko momentura arte egoten gara.

Zuei ere, gutxi asko, pandemiak planak aldatu dizkizue eta horren ondorio da 'Barre Librea' ere nolabait. Non beharko zenukete?

- A.G.: Losers antzerki obrarekin biran, batera. Alde horretatik batera lanean jarraitu dugu, beste formatu batean.

- J.P.: Bai. Ni martxoan harrapatu ninduen honek Madrilen antzezlan batekin eta haren azkeneko bederatzi funtzioak galdu genituen. Hemen harrapatu gaitu azkenean, eta badauka horrek kutsu erromantiko bat. Garai honetan, pandemiaren garaian eta hain neurri zorrotzak hartu behar diren garai baten bueltatu gara programa berri batekin.


Momentu zail baten eta baldintza konplikatuetan jaio da saioa, baina, aukera bat ere bada, ezta? Hutsetik sortzearen abantaila€

- J.P.: Guretzako tresna bat da gure iritzia emateko. Ulertu dugu biok guk eraman behar dugula programaren editoriala, edo programaren nortasuna guk azaldu behar dugula bakarrizketa eta esketxen bitartez. Bagabiltza gai sakonagoak jorratu nahian, beti ere umorea eta komediatik. Egi handiz eta umoretik eta komediatik; eta, pixka bat azidoa eta pikatzen duena baldin bada geroz eta hobeto. Umoreak gauzak probokatzen dituenean hartzen du bere benetako zentzua.


Umore azidoa eta nahiko beltza egiten duela programak adierazi izan duzue. Mugarik jarri diozue? Edo jartzen diozue zuen buruari?

- J.P.: Ez dauka mugarik; ez luke eduki beharko. Umoreak zerbait probokatzen duenean, eta umoreak pikatu egiten duenean benetan heldu dela da. Mezua nola heldu den edo nola transformatu duen jaso duen horrek, hori bakoitzarengan dago. Baldin badago gogoeta bat edo lan bat jaso duenak, hori nondik datorren ikusteko edo intentzioa zein den jakiteko, noski. Eta nik uste kontzientzia batzuk mugitzen ari garela. Aitziberrek esan zuen behin berak inoiz ez duela lortu inor mindu gabe umorea egitea eta hori horrela da hitzez hitz, baina egia da hori umorearekin doan gauza bat dela. Oso beharrezkoa da umorea edukitzearen aldarrikapena. Orokorrean, jendeak kendu egin behar du gainetik karga bat sozialki daukana eta gauzak lasaiago hartu. Hori argi dago.

- A.G.: Umorerik ez edukitzea inteligentzia falta ere bada askotan, eta umorearekin gaizki erreakzionatzen dutenek normalean konplexu asko izaten dituzte eta horrek ere beste irakurketa bat dauka: "Begiratu al duzu zure burua lehenbizi?". Ikusi zerk mindu zaituen eta ikusi gero zure konplexuak edo zure beldurrak nondik doazen. Normalean ekuazio perfektu bat izaten da.

Umorea egiteko molde libre horretan, baduzue irizpiderik bakarrizketak nondik nora sortu pentsatzeko?

- A.G.: Oso 'anarkak' gara, normalean inpultsoen bidez funtzionatzen dugu. Bakarrizketa bat egin nuen jarrera matxisten kontra eta ez da ohiko komedia, baina beharra sentitzen nuen. Lanean entzun nuen komentario matxista batekin izugarri haserretu nintzen, eta momentu horretan erabaki nuen: datorren asteko bakarrizketa horren inguruan idatzi behar dut. Badakit ez dela hain komikoa, baina beharra neukan. Azkenean bakarrizketa bat egiteko aukera hori ere bada, mikrofono bat zuk nahi duzuna esateko, oso arma inportantea da. Sorrera beti puntu ezberdin batetik etortzen da, eta oso polita da.

- J.P.: Aitziberren bakarrizketa horrek bereziki begi asko irekitzen ditu sorkuntzaren aurrean eta bakarrizketak egiteko moduen aurrean. Ez dago komedia modu bakar bat. Ni oraintxe ari naiz ikasten eta ikusten badaudela modu anitzak bakarrizketa bat egiteko.

Izan ere, umorea ondo egitea, hau da, barrea eragitea ez da lan erraza.

- A.G.: Ez, ez da eta gainera beti da gutxietsia dagoen formatu bat. Beti ulertzen da dramaren anai edo arreba txikia izango balitz bezala, bigarren mailako gauza hori. Baina, aldi beran, hipokresia handia dago. Gehien kontsumitzen dena umorea da eta jendeak askotan gehien eskatzen duena hori da. Oso zaila da jendeari barre eginaraztea. Umorea oso pertsonala da, drama igual unibertsalagoa da, eta horregatik da hain zaila jendeari barrea eragitea eta horretan asmatzea.

- J.P.: Paradoxikoa da ikustea nola zinema aretoetan gehien eskatzen dena umorea dela; baina, gero sari gutxien eskuratzen dituena ere bada. Kondenatzen du umorea ere bai masena izatea, publiko zabalarena izatea. Jakintsuek eta kritikoek baloratzerakoan, asko gustatzen zaigun esklusiboak izatea eta proiektu bat zenbat eta arraroagoa izan eta zuk bakarrik ulertzen duzunean, hobe. Umoreak probokatzen du barrea bezalako gauza hain instintiboa, ia burlatzat hartzea. Ez zaigu gustatzen gure instintu hain baxuak hain modu errazean erakustea. Gaur egun gainera geroz eta zailagoa da umorea egitea. Oso suminduta gaudelako, eta hor dator beste paradoxa bat, giroa hain ilun baldin badago, zer hobeto ihesbide bat edukitzea baino, barnean daukagun txar guzti hori ateratzeko? Baina aldrebes gertatzen da. Erdi aroan bufoiak zeudenean erregea edo boterea zen bufoiak zentsuratzen zituena, orain ez da boterea bakarrik, baizik eta herria ari da bere bufoiak zentsuratzen. Oso tristea iruditzen zait.

Programan zuek, Getari Etxegaraik eta Kepa Errastik ez ezik, hiru gonbidatu izaten dituzue astero eta bakarrizketa egiten ere jartzen dituzue. Euskal aktoreen erakusleiho erraldoi baten asmoa ere badu programak?

- A.G.: Bai, inportantea iruditzen zaigu erakusleiho bat edukitzea, eta garai honetan gehiago. Ez bakarrik bakarrizketa egitera etortzea, da aukera esateko hemen nago, aktorea naiz, talentu hau daukat eta herri honek behar duen puzzleko piezetako bat naiz.

- J.P.: Gainera niri ilusio berezia egin ditu emakume asko etorri direlako. Komedia beti izan da falo handi bat, eta asko kostatzen zen emakume bakarrizketari bat aurkeztea jendearen aurrean, ze jendeak ez zuen berdin hartzen eta ematen zuen bakarrik mugatu zitezkeela "betiko" hiru gaietara, eta gainera beti gizonezkoen ikuspuntutik edo gizonezkoek ulertu zezaketen unibertso batetik hitz egiten. Hori absurdoa da guztiz, umorea ez da inoren monopolioa.

Bestetik, gonbidatuekin batera sortzen duzue giroa, publikoa zuek zarete. Elkar babesten eta laguntzen saiatzen zarete, elkarren txisteez barre egiten€

- A.G.: Taldeterapia bat sortu dugu. Oso inportantea iruditzen zait nik besteen barrea eskertzen dudan bezala, nik ere bestea hor dagoenean barre egitea. Barre bat beti da buruko txiki bat bezala, buruak lasai atseden har dezan.

- J.P. : Hasieran, eta bakarrizketak aipatu zizkigutenean, eta programaren haria bakarrizketak izan behar zutela niri iruditu zitzaidan erokeri bat. Bakarrizketak publiko gabe, kamera bati botata? Ez nion ezeri zentzua aurkitzen. Gero, paper baten gainean ikusi nuenean platoa nola banatuta joango zen esan nuen: "Ea zer sentitzen duen hor erdian jartzen denak". Egiten da oso giro intimoa eta sentitzen da babesa. Besteen begirada konplizeak jasotzen dituzu. Eta barreak. Askotan gainera barru barrutik ateratzen den barrea eta beste askotan laguntzeko barrea ere bai. Eta barre urduria. Ez da batere erraza hor egotea jakinda gero zu atera behar zarela, ez da batere erraza beste guztiaz abstraditzea.

noticias de noticiasdenavarra