Uda iritsi da eta kurtsoa amaitutzat ematekotan gaude. Hamargarren artikulua duzu zure eskuetan, batetik bestera gai desberdinak jorratzeko asmoa egon da, eta hala ere hitz egin beharreko eta gauza interesgarri asko kanpoan gelditu diren sentsazioa daukat. Batzuk ohartuko zineten azaleratutako proiektu denetan gizonek zutela protagonista papera, edota oso "Euskal Autonomia Erkidegotarrak" direla ere, eta baliteke interes gutxi piztu izana proiektu batzuek. Hurrengo ikasturtean hobetzekoak izango dira.

Arkitektura ikasle askorentzat kurtso arraro hau ere "c'est fini". Urtetik urtera ikasle kopurua mantentzen edota igotzen diren ikasketak izanik, esperientzia propiotik tiraka eta inguruko ikaskideen lan-bilakaera ikusita, errealitatea bestelakoa delakoan nago. Nola da posible matrikula kopurua mantentzea eta gerora arkitekto gisa lanean ari direnak gutxi batzuk baino ez izatea? Hamarkadaz hamarkada "gure" papera aldatzen joan den arren eskolen bilakaeran ez du eragin handirik izan. Azken urteetan arkitekto askok beste bide batzuk hartu dituzte eta beste adar batzuetatik tiraka dabiltza. Zer da arkitekto bat? Edo zer izan daiteke?

Egun, eraikitzen eta planoak egiten dituen pertsonaz harago doa arkitektoaren definizioa. Esparru desberdinetan topa ditzakegu: irakaskuntzan, arte ederretan, ikerkuntzan, modan€ Beste diziplina batzuetara joan izana arrazoi desberdinengatik izan daiteke: arkitekto kopuru handia, merkatuaren beherakada, lanaren prekarizazioa, ofizioaren eboluzioa, desmotibazioa€ Asko eta asko Europako beste herrialde batzuetara joaten dira, egiten duten lana askoz gehiago baloratzen zaielako eta lan baldintzak hobeak izan ohi direlako.

Pasioa irudikapenagatik Alex Ruiz arkitektoa, esaterako, perfil berri baten adierazle da. Donostiako eskolan hasi ikasketak eta Bartzelonan amaitu zituen. Ofizioa hasieratik gustatu zaio, eta han-hemen ibili da arkitekto gisa. Grin horrek beste dimentsio bat izan du betidanik. Arkitektura ikasten hasi zenetik eraikinen irudikapenagatik pasioa erakutsi zuen eta orain buru belarri dabil Alex Ruiz 'Architecture and Visualization' izenean renderrak egiten. Render bat programa informatikoen bidez eginiko irudi fotorrealista edo ez-fotorrealista bat da. Finean, sortuko den egoera baten imajina bat irudikatzean datza. Bere lanen ezaugarri dira xehetasun maila altua, materialtasuna eta islapenekin jokoa.

Tendentzia handia dago horien bidez proiektuak modu azkar batean azaltzekoak, izan daitekeen hori erraz ulertzeko eta gure irudimenak bertatik nabigatzeko. Irudien bitartez proiektuak azaltzeaz gain beste dimentsio bat ematen dio eta planoen bidez azaldu ezin daitezkeen gauzak transmititzen ditu modu oso elegante batean: argitasuna, gertutasuna, dinamikotasuna, materialtasuna€ Xehetasun handiko renderrak dira, eta hau lanordu askoren emaitza da.

Orain arte proiektu bat azaltzerako orduan materialak bigarren plano batean geratu ohi ziren, eta bakoitzak bere erara irudikatzen zuen eraikina. Getxoko proiektuan, adibidez, egurrak izan behar duen presentzia irudi batekin zuzenago jasotzen da eta denok ikusi dezakegu. Aipatzekoa da kasu honetan egurraren papera ederki azpimarratzen duela, leunki eta protagonista izan gabe.

Errealitatetik hurbil

Mimoz egitearen ondorioz, emaitzek fikziotik baino gehiago dute benetako argazkietatik. Ajuria Enearen lehiaketarako egindakoan esaterako, islapenaren bidez agertzen diren detaileek proiektuak baino indar handiagoa dute eta errealismo puntu gorena ematen dio irudiari. Horien bidez, proiektuaren muina beste era batera transmititzen da, zeharkako mezuak helaraziz.

Irudi hauek pertsonon emozioekin jolasten dute eta horien bidez bertan izatearen sentsazioa bizi daiteke. Etorkizunean, errealitate birtualaren bidez, posible izango da arkitekturak eraiki baino lehen bertan egotearen bizipenak izatea. Irudi hauen errealismo puntu gorenak eszena horretara garamatzalakoan nago. Zein izango da arkitektoen papera? Nolakoa izango da etorkizuneko arkitektoa? Egungo arkitektoek horrelako irudi finak egin ditzakete, eta orrialde honetako irudiok Ruizen urteetako lan handi baten adierazle dira, atzerrian oso baloratua dena eta hemen aitortu beharrekoa!