Hamarkada bat eta hamaika istorio. Atzera begiratuta, espazio huts bat eta guztia asmatzeke; erreferentzia argi gabe, baina antzerki-areto bat zabaltzeko desioz. Hala sortu zuten Pabiloi 6 Arte Eszenikoak duela hamar urte. Deustuko Erriberan kokatuta, hiriguneko eskaintzatik at: sortzaileak batean, eta publikoa bestean; elkarrekin jolas eginez, errentagarritasun artistikoa helburu.

Orduko hartan "zorotzat" hartu zituzten Ramon Barea eta proiektua bultzatu zuten gainontzekoak; hamar urte igaro diren honetan, oraindik ere ongi asko gogoratzen ditu momentu haiek bilbotarrak: "Pabiloi 6rekin hasi ginenean, lanbide honetako kideek, lagunek zein administrazioak berak ere, zorotzat hartu gintuzten, Bilbon ez zegoela beste antzerki-areto batentzako lekurik iritzita. Adituek ere argi esaten ziguten ez zegoela hirian beste areto bat zabaltzeko merkatu-hobirik. Baina denborarekin erakutsi dugu egon badagoela horretarako lekurik; askotariko gustu eta desioak dituen publikoa dagoela. Horiengana ailegatzea zen gakoa, publiko horren arreta bereganatzea". Bareak ez dauka zalantzarik: "ibilbide onuragarria" izan du Pabiloi 6k urte horietan guztietan.

Hurbileko antzerkiaren abagune da Pabiloi 6; "Gertuko jendea garelako, eta ikus-entzulea ere agertokitik eta aktoreengandik gertu dagoelako". Baina an-tzezlanez gain, badu zer gehiago eskaini guneak: tailer monografikoak, erakusketak eta zerbait hartzeko terraza bat, kasuan kasu.

Jardun egonkorrra

Ibilbide hasieran modu "basatian" jokatzen hasi zirela gogoratzen du Bilboko artistak: "Ostiralean saio bat jartzen genuen, larunbatean beste bat€ Euforia handiz hartu genuen, mundu osoa bertaratzea nahi baikenuen. Baina konturatu ginen zehazki kontrakoa egitean zegoela gakoa, eta orduan hasi ginen funtzio gutxiago eskaintzen, baina denbora luzeagoan. Asteburuko eskaintzatik, astean lau eguneko eskaintza egitera pasatu gara. Publiko gehiago dago, eta baita eskaintza zabalagoa ere, eta horrek jardunaren egonkortasuna bermatuta dagoela erakusten du".

Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzek gutxieneko azpiegitura edukitzea ahalbidetzen dutela dio Pabiloi 6ko kideak: "Etxekoa baina nahikoa". Hala, beraien ahalmenaren gainetik ez bizi-tzen saiatzen dira, ikuspuntu errealistatik begiratuta eta ahalmena norainokoa den argi izanda. Dena den, Pabiloi 6n lanean daudenen baldintzak onak izan daitezen ere lan egiten dute. Elkarte eta kooperatiba baten izaeratik, baina sektoreko gainerakoek lan egiten duten moduari jarraiki.

Izan ere, Pabiloi 6 Arte Eszenikoko sortzaileak biltzen dituen elkarte bat da: "Zenbait bazkide aktibok Pabiloian existitzen ez zen irudizko besaulki bat erosi zutenean hasi zen hau guztia". Diru horrekin jarri zuten martxan aipatu proiektua; antzerti-laborategia, erakustaldi aretoa€ Azken finean, antzerkigintzari lotutako jendea biltzen duen lantoki bat da Pabiloi 6. Ez du konpainia finko batekin lan egiten, baizik eta lanbide horretako pertsona askorekin; proiektu bakoitzak bere lan-taldea du. Diru laguntza publikoa jasotzen duen ekimen pribatu bat da Pabiloi 6rena, baina diru iturri gehienak lehiatilatik jasotzen dituena. Eta horretaz harro dira elkarteko kideak.

Barearen ustez bada Pabiloi 6 berezi egiten duen zerbait: "Arte eszenikoko profesionalek kudeatua izatea", hain zuzen ere. Antzezteko leku bat izateak, eta toki hori bere programazioa gauzatu dezakeen jendeaz beteta izateak egiten du besteekiko desberdin Erriberako proiektu hori. Dioenez, ez da Euskal Herrian, Pabiloi 6 bezalakorik, berak dakienagatik, behintzat.

Orain, gainera, Pabiloi 6k areto bi dituela nabarmendu du, eta horrek are erakargarriagoa egiten duela. Orain arte areto bakarrean eman izan dituzte beraien saioak, baina, orain, aldamenekoa Pabiloi 6ko Gazte Konpainiarentzako jarri dute erabilgarri; artista gazteek ere beraien independentziaz bere bidea egin dezaten.

Beldurrik gabe, aurrera

Gizarteko gainontzekoengan bezala, Pabiloi 6n ere izan du bere eragina pandemiak, aretoaren edukiera murrizteak diru sarrerak gutxitzea ekarri baitu, besteak beste. Hala ere, bizirauteko ahalegin guztiak egingo dituztela argi utzi du Bareak, "beste aukerarik ez dagoelako". Positibotasunez egiten diote aurre egoerari. Dena den, onartzen dute galtzen dutena gehiago dela irabazten dutena baino; alegia, egin beharreko esfortzua handiagoa dela jasotzen dituzten irabaziak baino. Bestalde, gizarteari zor diotelako ere egiten dute aurrera, uste baitute jardunean jarraitu eta antzerkigintza bizirik mantendu behar dutela, biltzeko, eztabaidarako eta hausnarketarako gunea eskainita.

Prekaritatean bizitzera ohituta daudela, eta beraiena beti "lanbide arriskutsua" izan dela onartuta, gizarteak jarritako eszenari beldurrik ez izaten saiatzen dira. Duela hamar urte bezala, hala jarraituko dute, bide geldiezinean barrena, dantzan, ametsetan, sorkuntzan.