EZ dago dudarik diskoetxe autogestionatuen urrezko aroa 80ko hamarkada izan zela: biniloa oraindik nagusi zen merkatuan, eta kasetearen agerpenak aukera berri asko ematen zituen. Hala ere, diskoetxe proiektu asko jaio baziren ere, 90eko hamarkadarako hiru handik erosi zituzten momentuko musikari arrakastatsuenen salmenta eskubideak. Multinazionalek ezin zutenez mozkinik arriskatu artista berritzaileak argitaratuz edota kalean gertatzen zena ikertzeko denbora galduz, entzuten ziren artisten kalitatean eragin zuten, merkatua produktu prefabrikatuz betetzen.

Orain, autoedizioaren aro berri honetan, edozein gaztek bere musika streaming sareetara igotzeko aukera dauka. Baina, disko fisiko bat argitaratzeko dirua, estudioa eta entsegu lokala ordaindu ostean€ hori ez da hain erreza.

Gauzak horrela, logikoa da musikazale eta musikariek indarrak batzea musika formatu fisikoan atera ahal izateko. Hau da kasu gehienetan zigilu bat sortzera bultzatzen duen arrazoia, bakoitzak bereak dituen arren. Adibidez, Pantx Records musika jamaikarra bultzatzeko sortu zen 2017an. Elsa Recordsekoak Donostiako Dabadaba aretoan lan eginda "ia betebehar modura" ikusten zuten zigilua eratzea, taula gainetik pasatzen ziren hurbileko proposamenak laguntzeko.

Edo hutsunea betetzearren. Eclectic Reactions "duela 6 urte Euskal Herrian ez zegoelako elektronika zigilurik" hasi zen, eta Mendeku Diskak bertan dauden "talde gazte eta original mordoa" ikusita. Hala ere, zaletasunagatik eta musikarekiko maitasunagatik hasi baziren ere, dakarren lana handia dela ikusi dute denek. "Denborak aurrera egin ahala, ikusi dugu nolabaiteko huskeriarekin sartu ginela honetan, oso lan serioa eta garestia delako, eta ezin delako beste proiektu paralelo bat bezala jorratu, ardura bat behar duelako" kontatu du Elsa Recordseko Alex Lopezek.

Gertutasuna, baina profesionaltasunez

Eclectic Reactions Bilboko mugimendu elektronikoko bi maisuk osatzen dute: WLDV eta Radithorek. Hau lan berriak ateratzeko erraztasuna da, haien hitzetan: "proposamenak jaso edo eskatu egiten ditugu, baina dena oso era naturalean, orain dela urte askotatik bertoko eszena musikalean oso murgilduta baikaude". Dabadaba aretoko proiektu paralelo gisa jaio zen Elsa Recordsen ere "hurbiltasuna, bai geografikoa eta baita emozionala ere" balioztatzen dute lan berri batekin hastean.

Argi dago zigilu txikiek duten alde indartsuena kalean gertatzen denarekin kontaktuan egotea dela, baina horrek ez du esan nahi profesionaltasunez jorratzen ez dutenik. Mendeku Diskakeko Eduard Alonsok aitortu du lana utzi duela, eta bakarrik zigilurako dabilela beharrean: "musika gustatu behar zait, baina zerbait berri eta originala esanez, punka oso aspergarria izan daiteke eta. Gainera, taldea edo taldekideak eszenarekiko aktiboak diren ere balorean jartzen dut". Bilboko Pantx Records zigiluak asanbladan erabakitzen ditu horrelakoak (katalogo guztia reggae eta ska ildotik doan arren), baina artistak eta zigiluak zer ekarpen egin dezakeen erabaki eta gero, kontratu batean islatzen dute. Gainera, haien asmoa musikaren arlo ezberdinak lantzea da, jamaikar eredua jarraituz: "diskoetxea gure kolektiboaren ardatz nagusia da, baina honetaz aparte estudio propioa daukagu, estudio banda, zuzenekoa, DJ taldea eta jaialdiak ere antolatzen ditugu".

Espezializazioa

Denak bat datoz disko bildumagileen zaletasuna zertan datzan identifikatzean, eta hori da arrakastaren sekretua. "Musika maite dugunoei asko gustatzen zaigu esku artean, fisikoki izatea maite dugun disko hori" diote Pantxekoek, "gainera, biniloan baino ez dugu editatzen grabeak entzuteko eta gozatzeko formaturik hoberena delako". Eclectic Reactionsen "edizio mugatuak, zenbakidunak eta packaging oso zainduaz" soilik kasetean eskaintzen dute. Eduard Alonso ere pareko agertzen da: "jendeak diskoak erosten ditu sakelekoan daramazun mp3 batek baino gehiago ematen dutelako: politak eta hunkigarriak direlako, kalitatezko materialekin€hainbat zentzumen beregain hartzen dituen artelan bat".

Gainera, streamingaren aurrean "saturazio handiaren kontra naturalki jendeak autentikotasuna eta masifikazio eza" bilatzen duela aldeztu du. Hala ere, Elsa Recordsetik azkenean dena streamingean egon beharko dela ziurtatzen dute: "eta hor dagoen egoera aldatu behar da, Spotify orain bakarrik jasangarria delako esplotatzaile bursatilentzako".

Eclectic Reactionseko Radithoren ustez "gero eta gehiagotan, musika erostea militantzia ekimena da, gainera COVIDak ez du lagundu, batez ere topaketa, azoka eta jaialdiak egiteko ezintasunagatik". Elsa Recordsetik igarri dezaketen gauza positibo bakarra gastu kulturalaren "birbideratzea" da. Edo beste batera esanda: "kontzertuetarako sarrerak ez ditudanez erosten, diskoren bat gehiago erosi dezaket".

Eta hemen bildutakoak lagin bat besterik ez dira: Forbidden Colours diskoetxe berria eta ia kultuzkoa jada; Burgoseko Crystalmine Muzik, euskal artista asko argitaratzen dituena; DDT banaketak, kontrakultura zabaltzen aspalditik lan handia egiten€ Beraz argi dago, berriena eta gertukoena entzun nahi badugu, bertoko zigilu txikiak kontsumitzea dela bide bakarra.